Erakusketa hau Enrique Albizu Perurenaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu du Udalak; izan ere, artistaren jaiotzaren 100 urte beteko dira datorren uztailaren 15ean.
Enrique Albizuk lotura estua izan zuen Hondarribiarekin bere bizitza eta ibilbide artistiko osoan. Valentzian jaio zen, euskal jatorriko familia batean, eta Gerra Zibilaren ondoren bere gurasoak Irunen finkatu ziren. Han hasi zen Bidasoaldearekin izan zuen harreman estua. Bere prestakuntza eta jardun profesionalaren zati handi bat Espainiako eta nazioarteko hainbat hiri eta herrialdetan garatu bazituen ere, azken urteetan Hondarribira itzuli zen behin betiko bizitzera.
Erakusketak Albizuren unibertso artistikora hurbiltzeko aukera eskaintzen du. XX. mendeko pintura akademikoaren tradizioan kokatzen da haren lana. Prestakuntza sendoa jaso zuen Irungo Marrazketa Akademian, eta ondoren Valentziako eta Madrilgo Arte Ederren Errege Akademietan. Gaztetatik nabarmendu zen margolari gisa, eta 1947an nahiz 1949an Gipuzkoako Artista Gazteen Lehen Saria irabazi zuen. Aitorpen horri esker, Erroman prestakuntza osatzeko aukera izan zuen.
Bere margolanetan klasizismo akademikoa eta adierazpide pertsonal sakona uztartu zituen. Erretratuetan pertsonen barne-mundua islatu nahi izan zuen; paisaietan, berriz, bereziki Bidasoaldekoetan, argia eta kolorea baliatu zituen adierazpen poetikoaren ardatz gisa. Hondarribiko arrantzaleak, haurrak, langileak eta eguneroko bizitzako pertsonaiak maiz ageri dira bere lanean, giza duintasuna eta egunerokoaren edertasuna nabarmenduz.
“Erakusketa honek Enrique Albizuren figura eta obra berriro lehen lerrora ekartzen ditu, eta aukera ematen du bere ekarpen artistikoa testuinguruan kokatzeko, bai eta Hondarribiarekin izan zuen lotura estua gogora ekartzeko ere”, adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak.
Alonsoren esanetan, «mendeurren hau aukera paregabea da gure ondare artistikoa balioan jartzeko eta belaunaldi berriei Albizuren lana hurbiltzeko. Erakusketak artista honen ibilbidea berriz ezagutzeko eta bere obra gaur egungo begiradatik balioesteko gonbita egiten du«. Horregatik, herritarrak eta bisitariak Arma Plazara gerturatzera animatu ditu, «gure historiaren eta kulturaren parte den artista baten unibertso artistikoa bertatik bertara ezagutzeko«.
Erakusketa uztailaren 31ra arte izango da ikusgai.








