- Bidasoako ESIko zuzendari gerenteak, Ander Arrieta LMAUBko zuzendariak eta Ainhoa Muguruza pediatrak Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro berriaren obrak bisitatu dituzte Irunen. Zentro berriak 12 kontsulta, larrialdietako gela bat eta irisgarritasun hobea izango ditu
- Pediatriako kontsultak egingo dira behin-behineko gune horretan, Oinaurreko eta egungo Irun Erdiguneko osasun-zentroetako lanek aurrera egiten duten bitartean
- Profesionalek eta herritarrek instalazio funtzionalagoak izango dituzte; arreta arinagoa, hurbilagoa eta koordinatuagoa izango da
- Irungo zentro berria Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura Programaren baitako proiektua da, eta asistentzia-sarea modernizatzen jarraitzeko Euskadiko Osasun Itunean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako konpromisoak betetzen ditu
Bidasoako ESIko zuzendari gerenteak, Pedro Morrondo mediku intentsibistak, Ander Arrieta Irungo Lehen Mailako Arretako Unitateko buruarekin (LMAUB) eta Ainhoa Muguruza ESIko pediatriako erreferente klinikoarekin batera, Irungo Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro berriaren obrak bisitatu dituzte gaur. Lan horiek joan den astean hasi ziren, eta Bidasoako ESIren 2025-35 Plan Zuzentzailearen barruan daude. Baliabide berri horren bidez, herritarrentzako arreta hobetuko da, batez ere pediatriari dagokionez, udalerrian aurreikusita dauden etorkizuneko osasun-ekipamenduek aurrera egiten duten bitartean.
Zentroa Elizatxo etorbidean dago. Osakidetzak milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du, eta sei hilabeteko epea izango du obrak egiteko. 580 metro koadroko azalera izango du, 12 kontsulta, larrialdi-gela, itxaron-gunea jolasekin eta pazienteak artatzeko gunea.
Morrondok azpimarratu duenez, eskualdeko behin betiko proiektuak garatzen diren bitartean egungo beharrei erantzuteko pentsatu da. “Zentro honek osasun-asistentzia hobetuko du eta familiei ingurune erosoagoa eta seguruagoa eskainiko die”, adierazi du.
Halaber, nabarmendu du gune berria urrats garrantzitsua dela Irungo asistentzia-sarea modernizatzeko, eta, aldi berean, profesionalen lanari lagunduko diola, instalazio funtzionalagoak eta eguneroko arretara hobeto egokitutakoak izango baititu.
Ainhoa Muguruza Bidasoako ESIko Pediatriako erreferenteak familiei eta talde profesionalari ekarriko dien hobekuntza nabarmendu du. Azaldu duenez, zentro berria zero kotan egongo da, eta horrek nabarmen hobetuko du irisgarritasuna, batez ere haur txikiekin edo orgatxoekin joaten direnentzat. Pediatria eta Erizaintzaren arteko komunikazioa zuzenagoa izango dela gaineratu du Muguruzak, eta horrek arreta arinagoa eta koordinatuagoa ahalbidetuko duela. Gainera, gaur egungo asistentzia-eredua azaldu du —hurbilagoa eta iraunkorragoa da, eta haur eta familia bakoitzerako erreferentziazko profesionalak ditu—.
Bestalde, Irun Erdiguneko Lehen Mailako Arretako Unitateko buruak, Ander Arrietak, oso positibotzat jo du jarduketa, espazio mugatua duen zentroa arintzen lagunduko baitu eta profesionalen lan-baldintzak hobetuko baititu. Herritarrek arreta erosoagoa nabarituko dutela ere adierazi du, kanpoan itxaronaldiak saihestuta eta asistentziaren kalitatea handituta.
Udan ere asistentzia bermatuta
Bidasoako ESIko zuzendari gerenteak Irungo osasun-dispositiboak zerrendatu ditu: Lehen Mailako Arreta, non Pediatria eta eremu horretako larrialdiei arreta ematen dien etengabeko arretako EAG biltzen diren, eta ospitaleetako larrialdiak, eta adierazi du baliabide desberdinak izanik, funtzio desberdinak dituztela. Ildo horretan, azpimarratu du zentro berriak ez dituela beste zerbitzu batzuk ordezkatuko; aldiz, asistentzia-sarea indartuko du eta Lehen Mailako Arretan erantzuteko gaitasuna eta funtzionalitatea hobetu.
Halaber, adierazi du Bidasoa Ospitaleko larrialdiak udan arreta egokia bermatzen duela, profesionalen inplikazioari, txanden plangintzari, errefortzuei eta ESIan egin diren kontratazio berriei esker. Era berean, azaldu du Irungo Etengabeko Arretako Guneak jarduera indartu duela, eskaera gehien dagoen garaiei aurre egiteko.
Proiektu hau eskualdean osasun arreta hobetzeko estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, eta Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgiko berria ere barne hartzen du; urte hasieratik dago martxan, eta guztira 23 milioi euroko inbertsioa egin da.
Osakidetzaren 2025-2032 Azpiegitura Programaren baitakoa da jarduketa, eta Euskadiko Osasun Itunean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hartutako konpromisoak betetzen ditu, azpiegitura berrietara bideratutako ildo estrategikoaren barruan. Ekimen hori dagoeneko abian dauden jardueren parte da, eta horien helburua da asistentzia-sarea berritu eta zabaltzea, irisgarritasuna hobetzea eta osasun-baliabideak herritarren egungo beharretara egokitzea. Hala, Irungo Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentro berria beste urrats bat da osasun-sistema publikoa modernizatzeko eta eskualdeko arreta indartzeko.








