BIZAN Zaramaga berriak zerbitzu berriekin ireki ditu ateak, arreta hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko

0
  • Oinarrizko gizarte-zerbitzuko profesionalak zainketetan eragiteko eraberritutako lokalean kokatuko dira
  • Familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki programak ere zentro horretan garatuko du bere jarduera
  • Erreforma integralak hobekuntza garrantzitsuak dakartza irisgarritasunean eta jasangarritasun energetikoan

BIZAN Zaramaga berriak gaur ireki ditu ateak, irisgarritasunean eta jasangarritasun energetikoan hobekuntza nabarmenak ekarri dituen erreforma integrala bukatu ondoren. Horiez gain, beste aldaketa garrantzitsu batzuk egingo dira arretan, hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa izango baita. Hori posible izango da hemendik aurrera Iparraldeko oinarrizko gizarte-zerbitzuko profesionalak lokal berrian (mende erdia darama zerbitzua toki horretan ematen) kokatuta egongo direlako, eta Maiteki familia zaintzaileei laguntzeko programak zentroan ere garatuko duelako bere jarduera, Gasteizko Taldearen kalean.

BIZAN Zaramagaren erreforma-lana Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak onartutako auzoak berroneratzeko Inbertsio Estrategikoen Planean jasotako jarduketen barruan dago, eta Vitoria-Gasteizko Udalak Zaramaga auzoaren hiri-, gizarte- eta ingurumen-berroneratzean jarduteko duen konpromiso estrategikoetako bati erantzuten dio.

Gaur goizean egindako aurkezpenean, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin dela nabarmendu du. Horri esker, espazioak birbanatu, intsonorizazioa eta irisgarritasuna hobetu eta energia-eraginkortasuna indartu ahal izan dira, besteak beste. Ildo horretan, adierazi du zentroak berriro ireki dituela ateak auzoko adinekoei “betiko zerbitzu, arreta eta tratu hurbil bera eskaintzeko, baina espazio erabat berritu, modernoago eta askoz erosoagoan”. Obrak egin bitartean, jarduerak Errege-Erregina Katolikoen kaleko lokal batera lekualdatu ziren aldi baterako, eta alkateak eskerrak eman dizkie BIZAN Zaramagako teknikariei egindako ahaleginagatik, “aldi baterako lekualdaketa hori normaltasun osoz bizitzeko eskaini duten dedikazioagatik eta maitasunagatik”.

Alkateak azpimarratu du Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin duela Zaramagako hiri-berroneratze proiektuan. Etxebarriak azpimarratu duenez, “auzoan paseatzea nahikoa da eraldaketa egiaztatzeko”, ez bakarrik kaleak berritu direlako, baita 22 eraikin eta 332 etxebizitza birgaitu direlako ere, non bizilagunek “igogailu irisgarriagoak dituzten eta energia aurrezten duten, fakturan gutxiago ordainduta. Egunerokotasunean nabari dituzten eta erabiltzen dituzten hobekuntzak dira”.

Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok adierazi duenez, “BIZAN Zaramaga berriro irekitzeak auzoarentzat ekipamendu estrategiko erabat berritua berreskuratzea dakar, adinekoek eta haien familiek jasotzen duten bizi-kalitatea eta arreta hobetzeko pentsatua. Izan ere, gizarte-langileak eta familiei laguntzeko Maiteki programa bertan izateak kalitatezko jauzia ekarriko du erabiltzaileek jasoko duten arretan, eta hori lehendik ere oso ona zen”.

Koroatzea, Landazuri eta Aranako BIZANetan zaintzako gizarte-zerbitzuen esparruan egindako esperientzia pilotuaren ondoren, Zaramagara iritsi da gizarte-langileek zentroan eskainiko duten zuzeneko arreta. “Arretaren hurbiltasuna, eguneroko jarraipena eta adinekoekiko lotura indartzea areagotu egiten dira arreta mota horrekin; horregatik, sare osora zabaltzea erabaki dugu”, iragarri du Lucho Royerok. Gauza bera gertatzen ari da Maitekik eskaintzen dituen zerbitzuekin.

Bestalde, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Juan Carlos Abascalek adierazi duenez, BIZAN Zaramaga berria “Opengela programaren proiektu garrantzitsuenetako bat da, eta inbertsioaren bolumen handiena biltzen duena”. 1,2 milioi euro inguruko jarduketa da, 31 milioi inbertsio publiko baino gehiago mobilizatzen dituen hiri-berroneratze proiektuan integratuta dagoena, eta horietatik % 80 Eusko Jaurlaritzak ematen du. Esku-hartze horrek 350 etxebizitzari baino gehiagori egingo die mesede (% 40 inguru, gainera, zaurgarritasun-egoeran daudenak), birgaitze energetikoko eta irisgarritasuna hobetzeko jardueren bidez. Gainera, ekipamendu berriak sortuko dira, hala nola LAR eguneko arreta-zentroa eta BIZAN gune berri hau. Horrez gain, energia-komunitateak, digitalizazioa eta herritarrek parte hartzeko programak sustatzeko ekimenak bideratuko dira.

Abascalek azpimarratu duenez, “Opengelak eraikinak birgaitzeaz gain, auzoak ikuspegi integraletik eraldatzen ditu, pertsonak jarduera guztien erdigunean jarriz”. Ildo horretan, gogorarazi du programa dagoeneko Euskadiko 22 udalerritako 25 auzotan garatzen dela. Horietarako aurrez ikusitako inbertsioa 130 milioi eurokoa da Eusko Jaurlaritzaren funts propioetatik, eta 37 milioi inguruko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik, udalekin eta auzo-komunitateekin lankidetzan. “Eredu horren arrakasta administrazioen arteko lankidetzan eta herritarren inplikazio zuzenean oinarritzen da, Opengela bulegoen bidez, prozesu osoan zehar gertuko laguntza bermatzen baitute”, amaitu du.

Modernoagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa

BIZAN Zaramagari dagokionez, Udal Eraikinak Mantentzeko Udal Zerbitzuak egindako obraren eta 1.565.000 euroko inbertsioaren ondoren, espazioa erabat eraldatuta dago: modernoagoa, irisgarriagoa, erosoagoa eta adinekoen egungo beharretara egokitua.

Higiezinak 710 m2-ko azalera erabilgarria du, eta eraberritu ondoren, banaketa funtzionalagoa du, egungo materialekin eta diseinuarekin. Hobekuntza akustiko eta termikoei hurbileko zainketa eremuaren integrazioa, pertsonen zirkulazio koherenteagoa eta espazioaren aprobetxamendu hobea gehitu behar zaizkie.

Jantokiak ere gaur ireki ditu ateak, eta 70 plaza ditu. Gainera, zentroak officea, kafetegia, erabilera anitzeko gelak, ikus-entzunezkoen gela, topaketetarako eta irakurketarako gelak, ile-apaindegia, podologia, aldagelak, komunak eta biltegiak ditu.