Uxue Alberdi bertsolari eta idazlearen bertso sorta izan da 42. Basarri Bertsopaper Lehiaketaren sariduna. Epaimahaiak aho batez erabaki du “Autoan” bertso sorta saritzea.
Uxue Alkorta, Nahikari Gabilondo eta Andoni Egaña aurtengo sariaren epaimahaikideek honako hitz hauekin arrazoitu dute Alberdiren lana: “azken urteetan ikusi dugun neurri handitik txikirako aldaketaren joerari eutsi dio aurtengo lan irabazleak, eta kontakizunari erritmo arina eta atsegina eman dio horrek. Protagonistaren bizitzako etapak deskribatzeko autoak baliatu ditu elementu nagusi gisa, elementu oso konkretuen bidez, eta bere deskribapenarekin, irakurlea garai haietako bakoitzean kokatzen asmatu du. Gaia lantzeko modu berezia eta originala iruditu zaigu, eta oso maila oneko sorta osatu du”.
Aurtengo edizioan, guztira, 14 lan jaso dira, askotariko gaiak jorratu dituztenak. Bestalde, azpimarratzekoa da 42 edizio hauetan, saria jasoko duen laugarren emakumezkoa izango dela Alberdi. Aurretik, Ane Labakak eskuratu zuen 2012an, Alaitz Sarasolak 2014an eta Maddalen Arzallusek 2025ean.
Uxue Alberdik txapela eta 1.800 euroko saria jasoko ditu. Bertso irabazleak datorren irailaren 4an kantatuko ditu Alberdik Lizardi Sarien finalean.








