- Laguntzari esker, bisita gidatuak, hitzaldiak eta jarduerak egiten ari dira, duela mende erdi gertatutako sarraskiaren 50. urteurrena dela eta.
Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, ‘Asociación de Víctimas 3 de Marzo – Martxoak 3 Elkartea’ri 35.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du gaur, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien memoria zabaltzeko eta jakinarazteko jarduerak egin daitezen.
Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena dela-eta antolatutako jardueren barruan biltzen da laguntza. Laguntza horri esker, gertaera haiek eta haien testuingurua eta ondorioak ezagutaraztea eta biktimen eta bizirik atera diren pertsonen oroimena babestea helburu duten bisita gidatuen, hitzaldien eta bestelako ekimenen programa bultzatuko da.
Egindako jarduketen artean bereziki nabarmentzen da Zaramaga auzoko bisita gidatuen programa, 1976ko gertaeren toki nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen baitu. Parte-hartzaileak langileen greben, sarraskiaren eta horien ondorioen testuingurura hurbil daitezke audio-kontakizunen bitartez, esku-hartze artistikoen bitartez, kontakizun dramatizatuen bitartez eta gidari baten laguntzaren bitartez. Ibilbidea San Frantzisko elizan amaitzen da, 1976ko martxoaren 3an langileen batzarra egin zen tokian bertan. Eliza horretan garai hartako irudiekin osatutako bideo-collage bat proiektatzen da. Bisitetan, gainera, gertakari haietako protagonistek, biktimek eta bizirik atera zirenek parte hartzen dute.
Era berean, elkarteak, omenaldi gisa, martxoaren 3ko oroimena bizirik mantenduko duen, gertatutakoari buruzko egia aldarrikatuko duen eta gertaera horien protagonisten asmo eta ametsen indarraldiaren garrantzia nabarmenduko duen abesti bat sortzea bultzatu du.
Dirulaguntza horrekin, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak martxoaren 3ko memoria zaintzen eta transmititzen lagunduko du, belaunaldi berriek gertakarien berri izan dezaten eta biktimen aitorpena eta memoria indartu dadin.






