“Oso urrats handiak egin dira, baina beste paradigma bat behar dugu, lortu dugunetik abiatuta jauzi kualitatiboa emango duen paradigma”. Hala adierazi du Pradales lehendakariak “Jauzia Gara” lelopean Azkuna Zentroan antolatutako ekitaldian. 270 lagunen aurrean, lehendakariak aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak “Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra” antolatuko duela 2027an, “datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala” lor dadin.
Lehendakariak gaur arratsaldean Azkuna Zentroan egin du iragarpen hori, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta gizarte-sektore guztietako 270 ordezkari bildu dituen ekitaldian: enpresa, finantzak, ostalaritza, sindikatuak, unibertsitatea, hezkuntza, kultura, komunikabideak, osasuna, immigrazioari lotutako erakundeak, aisialdiko erakundeak, euskaltegiak, euskalgintza, hizkuntzaren teknologiei lotutako entitateak, erakunde publikoak, alderdi politikoak…
Lehendakariak dei egin die jardunaldian parte hartu duten eragileei arduraz jokatzeko eta euskara eztabaida politiko instrumentaletarako erabil ez dezaten. “Guztion atxikimendu eta inplikazioa behar dugu. Kontsensua. Edozein gizarte errealitatetan eragiteko, politika publikoak ez ezik, herritarren inplikazioa garrantzitsua da beti. Baina hizkuntzaz ari garenean, gaur bezala, garrantzitsua ez-ezik, ezinbestekoa ere bada. Euskararen normalizazioan pausu garrantzitsuak eman ditugu Herri bezala. Harro egotekoak.”
Jose Antonio Agirre lehendakariaren 1956ko agintaldian, Euskadiren erronkei aurre egiteko bide-orria finkatzeko asmoz, egin zen “Munduko I. Euskal Biltzarra” erreferentzia hartuta, Pradales lehendakariak proposatu du, bi urteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen inplikazioa bermatuko duen nazioarteko biltzar handi batekin amaituko den lan zabala eta sakona egitea. Izan ere, “euskara biziberritzearen etorkizuna administrazio publikoetan baino gehiago, gure etxeetan, ikastetxeetako jolastokietan edo lantokietan jokatzen da”.
Horrenbestez, irailetik aurrera, hori gauzatzeko lan-dinamikari ekingo zaio: “begirada soziolinguistikotik helduko diogu bideari, euskararen erronka nagusiek lotura estua baitute erabilerarekin eta gizartean gertatzen diren aldaketekin”.
Lehendakariak azaldu duenez, “bestelako emaitzak lortu nahi baditugu, bestelako gauzak egin behar ditugu”. Ildo horretan, “ezinbestekotzat” jo du euskalgintzarekin eta euskararen egitura klasikoekin loturarik ez duten sektore, eragile eta pertsonak erakartzea: “atxikimendu emozionala eta konplizitate eta aliantza berriak eraiki behar ditugu euskara dutenen eta ez dutenen artean. Euskararen etorkizunak zubiak eta esperimentazioa eskatzen ditu. Bai euskara dakigunok euskara gehiago erabil dezagun, bai ez dakitenak erakar ditzagun”, adierazi du.
Ekitaldiaren garapena
Lehendakaria buru izan duen ekitaldiak ideia hau izan du ardatz: “hitz bat nahikoa da euskara barruan eramateko. Hitz hori haztea da erronka”. Euskarak azken hamarkadetan izan duen ibilbidea eta etorkizunera begira duen erronka azaltzen duten bi bideoren bidez garatu da kontzeptu hori: “Garai batean zaila zen horiek (hitzak) aurkitzea. Euskarazko hitzak ez ziren gure kaleetan bizi. Pixkanaka-pixkanaka berreskuratu genituen. Banan-banan. Ahalegin handiz. Guztion artean «(…)», oraindik ere euskarazko hitzak falta diren lekuak baitaude. Eta hitz batzuek bihotzak bilatzen baitituzte, haietan ezartzeko”.
Euskara “bizirik irauten duen” milurteko hizkuntza da, adierazi du lehen lehendakariordeak, eta eskerrak eman dizkio gizarteari euskararen alde egindako ekarpenagatik: “belaunaldiz belaunaldi komunikatzeko, harremanetan jartzeko, elkar ezagutzeko, mundua ulertzeko eta harremanak sortzeko euskara erabili zuten pertsona guztiei. Baita, beste leku batzuetatik etorri, eta zuen seme-alabek eta bilobek euskara ikasi eta euskara bihotzean izatearen aldeko apustua egin zenuten pertsona guztiei ere. Iragan horri esker gaude orain hemen”. Legealdiko lehen urtean egindako ekintzen errepasoa ere egin du lehendakariordeak.
Ondoren, gizartea ordezkatzen duten sei pertsona igo dira agertokira eta, hitz baten bidez, partekatu dute euskarak zer erronka duen beraiek ordezkatzen duten esparruan:
- Eneko Agirre Bengoa HITZ Ikerketa Zentroko zuzendari eta EHUko Informatika Fakultateko irakasleak “AITZINDARI” hitzaren bidez lotu du euskara teknologiaren eta digitalizazioaren munduarekin.
- Janire Atxurra Lekanda eduki-sortzaileak uste du euskararen presentzia “BEHARREZKOA” dela sare sozialen bidez harremanak izateko modu berrietan.
- Luis Cárdenas Gonzalez kolonbiar jatorriko erizain eta euskaltegiko ikasleak «ERRESILIENTZIA» hitza aukeratu du euskararekin duen esperientzia azaltzeko.
- Itziar Idiazabal Gorrotxategi hizkuntzalari, ikertzaile eta ohorezko euskaltzainak “EUSKALIRAKASKUNTZA” aipatu du etorkizuneko itsasargi gisa.
- Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidentearen ustez, “GARAPENA” da euskara eta enpresaren mundua lotzen dituen kontzeptua.
- Miren Arzalluz Loroño Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusiak uste du euskarak “AINTZATESPEN” handiagoa behar duela mundu globalean hazten jarraitzeko.
Ekitaldian Mirua taldeak ere parte hartu du, euskara “mugez haratago” eraman nahi duten talentu handiko musikari gazteek osatutako taldeak. Hain zuzen, horrela deitzen da abestu duten abestia: “Mugaz gaindi”.
Lehendakariak itxi du ekitaldia. Eta bertan zegoen pertsona bakoitzari euskarazko hitz bat eskaini die, “hitz hori haz dezaten”.
Euskararen ibilbideari buruzko datuak
- Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2021ekoa, 16 urtetik gorako herritarren artean, 809.000 dira euskal hiztunak. 1991an, ordea, 528.000 pasatxo. Hau da, gaur, ia 281.000 euskaldun gehiago.
- Gazteetan eman da batez ere gorakada itzela. Piramidea irauli da. 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, 2021an, %58 ziren euskaldunak. 1991an, ordea, %22 pasatxo.
- Erabilerari dagokionez ere, gorakada egon da. Gaur, duela 34 urte baino 4 puntu gehiago.
Legealdiko lehen urtea
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, hitza hartu duenean, legealdiko lehen urtean egindako ekintzen errepasoa egin du. Azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak 600 eragileri eta 350 erakunderi baino gehiagori entzun die”, gizartearen kezkak ezagutu eta erabakirik onenak har daitezen. Hala, zenbait arlotan egindako urratsak azaldu ditu, hala nola, lan-arloan eta arlo sozioekonomikoan, hizkuntzaren ezagutzan eta ikaskuntzan, arlo digitalean, gizarte-harremanen arloan, eta hizkuntzari prestigioa ematearen arloan.
Lehen ahaleginak EZAGUTZAREN arloan egin dira, hizkuntzaren ikaskuntzan hain zuzen. “Euskara ikasi nahi dutenei erraztasun ekonomikoak jarri nahi izan dizkiegu, eta aurrera egin dugu doakotasunerako bidean”. Apustu hori emaitzak ematen ari da. Ikasturte honetan, mailarik oinarrizkoenean (A1) matrikulazioak % 20 igo dira, eta 16-18 urteko ikasleen artean C1 mailan, bi urtetan, % 73 igo dira matrikulak. Eusko Jaurlaritzak joan den astean aurreratu zuenez, datorren ikasturtean euskaltegietan oinarrizko A2 mailan matrikulatzen den pertsona oro ia doan matrikulatu ahal izango da.
Arlo teknologikoan eta digitalean, Eusko Jaurlaritzak EUSKORPORA abian jartzen lagundu du, euskara adimen artifizialaren garapen berrietan sartu dadin eta gizarteak eskura izan dezan. Hizkuntzaren teknologien ikerketaren arloan urratsak egiten ari dira HITZ ZENTROAren eskutik. Bestalde, euskara edozein gailutatik, edozein unetan eta edonondik ikasteko aukera emango duen INGURA plataforma eraikitzen jarraitzen da.
Gizarte-harremanen arloan, euskarazko komunikabideen aldeko apustua nabarmentzen da. Eusko Jaurlaritzak % 50 handitu ditu hedabide horientzako dirulaguntzak. “Ez dago zure hizkuntzan jasotzen duzuna baino informazio hoberik. Zure hizkuntzan idazteak eta irakurtzeak ezagutza sortzen du. Horregatik estrategikoa iruditzen zaigu hedabideei eta, bereziki, euskaraz informatzen dutenei laguntzea. Tokikotik globalera doan apustu estrategikoa da.
Giza harremanen arloan, lehendakariordeak jakinarazi du “ZuBIAK” proiektua martxan jarriko dela, hau da, harrera linguistikorako, zubiak eraikitzeko, errekonozimendu sozialerako eta gizarte kohesionatuagoa lortzeko proiektua.
Lan-arloan eta arlo sozioekonomikoan, duela 15 egun, Eusko Jaurlaritzak “Lanera proiektua” jarri zuen abian. Ekainean zehar bilerak egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko 252 udalekin. Dagoeneko 90 udalerrirekin bildu dira, udalerri bakoitzeko premiak ezagutze aldera eta haien inguruko enpresetan, merkataritzan eta ostalaritzan euskara nola sartu jakite aldera. Irailean diagnostiko partekatua prest izango da, eta, urritik aurrera, Eusko Jaurlaritza herri guztiekin bilduko da berriro, bertako enpresekin elkarlanean hastera begira.
Lankidetza hori ez da hutsetik abiatuko. Izatez, Eusko Jaurlaritzak, LANHITZ deialdiaren bidez, gaur egun 2,2 milioi euro jartzen ditu enpresetan euskararen erabilera eta presentzia areagotu dadin. Iaz 186 enpresak jaso zuten dirulaguntza hori.
Azkenik, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik “munduari begira” ere egin behar den jauzia adierazi dute. Euskararen ofizialtasuna Europar Batasunaren agendan egon dela ere nabarmendu da.