Donostiako Udalak irtenbide bat eskaini dio Groseko Zabaltza jubilatuen elkarteari

0

Donostiako Udalak elkartearen eta BSiete ostalaritza lokalaren arteko akordioa bultzatu eta erraztu du

Donostiako Udalak Groseko Zabaltza erretiratuen elkartearen eta BSiete ostalaritza-lokalaren arteko akordio bat erraztu du elkartearen egoitza berria bertan kokatzeko. Horrela, Udalak konponbide zehatz bat eskaini dio bere aurreko egoitzaren egokitasun faltak sortutako arazoari.

Jon Insausti alkateak instalazioak bisitatu ditu gaur bertan zuzendaritza batzordeko kideekin batera eta nabarmendu duenez, «Udaletik lan handia egin dugu adinekoen elkarte honek zuen arazoari alternatiba on bat eskaintzeko. Konponbidea erraza ez bazen ere, erabiltzaileak poztu dituen baliabide bat aurkitu ahal izan dugu, promesa hutsetan erori gabe, irtenbide erreal eta eraginkorrekin baizik «.

Horrela, datorren hilabetetik aurrera, elkarteak Bermingham kaleko 7. zenbakian dagoen lokal horren beheko solairuan egin ahal izango ditu bere jarduerak, eta prezio bereziak izango ditu bazkideentzako kontsumizioei eta eguneko menuari dagokienez, eta, beraz, berehala ekin ahal izango diote beren jarduerari.

Alkateak berak, Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera, joan den asteartean elkartearen Zuzendaritza Batzordeak egindako bilkuran jakinarazi zioten berria elkarteari, eta bertan planteatutako irtenbidearekin erabateko adostasuna agertu zuten.

Alternatiba hau kudeatzeaz gain, Udalak Zabaltza elkartearekin elkarlanean jarraituko du dirulaguntza moduan, bere jarduera garatzen jarrai dezan, hiriko adinekoen gainerako elkarteekin bezala.

Zahartze aktiboa lagundu

Donostian adineko pertsonen 24 elkarte daude, kolektibo horri zuzendutako jarduerak antolatzen dituztenak. Hiriko bizitza komunitarioan duen presentzia oso garrantzitsua da, bere jarduera eta auzo guztietan eskaintzen duen zerbitzuaren estaldura bermatua direla eta.

Udalak, Gizarte Ekintza departamentuaren bitartez, lokalak lagatuz laguntzen die, horiek egokitzeko, mantentzeko eta oinarrizko zerbitzuak emateko konpromisoa hartuz, eta ehuneko aldakorreko dirulaguntzak eskainiz (% 100etik % 40rakoak) bazkideek urtero planifikatzen dituzten jardueretarako.

Adinekoen elkarteek kudeatzen dituzte zentro horiek, eta, oinarrizko irizpide komun batzuk partekatuta, bakoitzak bere estatutuak eta barne-araubideko erregelamenduak ditu, antolaketa- eta jarduera-arau gisa.

Antolatzen dituzten jarduerak askotarikoak dira, baina guztiek dute zerikusia osasun fisikoaren prebentzioarekin eta sustapenarekin, pertsonen arteko harremanak indartzearekin, prestakuntzarekin, aisialdiarekin eta kulturarako sarbidearekin.