Osakidetzak, erakundearen berdintasun-estrategiaren barruan, egun horren zabalkundea bultzatzen du osasunean genero-ikuspegia beharrezkoa dela gogoraraziz.
Emakumeen eta gizonen arteko osasun-desberdintasunak ezagunak dira, eta oso dokumentatuta daude. Alde batetik, sexuaren araberako ezaugarri biologikoak daude eta, bestetik, generoa, gizarte batek gizonentzat eta emakumeentzat egokitzat jotzen dituen rolak, portaerak, jarduerak eta atributuak definitzen dituen eraikuntza soziala eta kulturala. Ezaugarri hauek, sexua/generoa, eta ingurumenari eta sozioekonomiari lotuta dauden beste baldintzatzaile batzuk, osasun-baldintzatzaileak dira, pertsonen osasun-mailan eragiten duten faktoreak, alegia.
Sexu/generoak osasun-determinatzaileetan duen pisua, gaur egun ofizialki aintzatetsita dagoena, ez da kontuan hartu mendeetan zehar; egia esan ez da duela 50 urtera arte kontuan hartu, feminismoak ezarri zituen eztabaidatzeak eremu hau ere eraldatu zuen arte. Ondorengo hamarkadetan erakundeak genero-ikuspegia estrategia politikoetan eta araudian txertatzen hasi ziren.
Euskadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea izan zen ildo horretako lehen testua eta bertan oinarritzen dira EAEko berdintasun-planak eta erakunde-xedapen guztiak, osasun-arlokoak barne.
Baina, legegintza-aurrerapen hauek gorabehera, errealitatearen azterketak genero-desberdintasunaren iraunkortasuna erakusten digu. Osasunaren arloan ekitatea baloratzeko informazio-iturri nagusia EAEko Osasun Inkesta (EAEOI) da; inkesta hau bost urtean behin egiten da, azkena 2023koa da, eta datuak adina eta sexua aintzat hartuta aztertzen ditu, ikasketa-mailaren eta maila ekonomikoaren arabera. Emakumeak, bizi-itxaropen handiagoa izan arren, osasun-kalitate okerragoarekin bizi dira adin-talde guztietan, eta gizonekiko aldea areagotu egiten da adinak gora egin ahala edo eskala sozialean edo ikasketa-mailan behera egin ahala. Osasun mentalari dagokionez emakumeek okerrera egin dute 2018ko inkestarekin alderatuta eta gizonekiko aldea handitu egin da. Zaintzari eta lan-prekarietateari dagokienez ere, emakumeek puntuazio txarragoa dute.
Faktore hauek guztiak elkarreragileak dira eta osasunaren arloko ekitaterik ezak betikotzen dituzte. OMEk ematen duen definizioaren arabera ekitaterik eza osasun-egoeran, baliabideen banaketan eta biztanleria-taldeen arteko zerbitzuekiko irisbidean gertatzen diren desberdintasun bidegabeak, alferrikakoak eta saihesgarriak dira.
Egun hau osasun-arloko ekitatearekin konprometituta dagoen kalitatezko asistentzia lortzeko genero-ikuspegiak baldintza profesional gisa duen beharrari buruzko gogoeta egiteko baliagarria izatea gustatuko litzaiguke.
Osasun eta Genero taldea






