- Osasun Saila bizkor dihardu pazienteen arretari lehentasuna emateko eta eskura dauden aukera guztiak haien eskura jartzeko, betiere segurtasun klinikoa irizpide nagusitzat hartuta
- Alberto Martinez sailburuak bilera bat eskatu dio formalki Osasun Ministerioari, Esparru Estatutuaren eskumenak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari transferitzeko aukera aztertzeko, Estatuko medikuen grebaren gatazkan aurrerapausorik ez dagoenez gero
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Euskadiko itxaron-zerrenden eboluzioaren berri eman du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Azken asteotan medikuek Osasun Ministerioak proposatutako Esparru Estatutuaren aurka Estatuan egindako grebak eragin handia izan du zerrenda horietan. 2025eko abenduaz geroztik izan diren greba-asteek zuzeneko eragina izan dute asistentzia-jarduera publikoan, eta atzerapenak areagotu egin dira. Hori dela eta, Sailak lehentasuna eman behar izan dio pazienterik kalteberenen asistentziari, eta deribazioaren aukera eskaini die onartzen dutenei.
Martinezek azpimarratu duenez, ebakuntza kirurgiko baten zain 150 egun baino gehiago zeramatzaten 800 pazientek berretsi egin dute itunpeko zentroetarako deribazioa, eta, neurri horri esker, itxaron-zerrendaren gorakada geldiarazi ahal izan da. Ildo horretan azpimarratu duenez, “lehentasuna pazienteen segurtasuna eta arreta bermatzea” eta eskura dauden aukera guztiak haien eskura jartzea da. Aukera hori atzerapenen gorakada geldiarazten eta premiarik handieneko kasuen arreta bermatzen laguntzen ari da.
Sailburuak azaldu duenez, hiru aste baino gehiagotan egin den grebaren ondoren eta jarraituko duela aurreikusita, 180 egunetik gorako itxaronaldia duten pazienteen kopurua 1.800era igo da. Hala ere, azken asteotan hartutako neurriei esker joera hori egonkortu egin dela ziurtatu du. Egoera horren aurrean, adierazi du Osasun Saila bizkor diharduela pazienteen arretari lehentasuna emateko eta eskura dauden aukera guztiak haien eskura jartzeko, betiere segurtasun klinikoa irizpide nagusitzat hartuta.
Eskaini duen hitzaldian, Martinezek gogorarazi du Euskadiko abiapuntuko egoera ona zela 2024ko uztailean abiarazitako talka-planaren ondoren. Izan ere, plan horri esker, 2025eko azaroan pandemiaren aurreko itxaron-zerrenden antzeko mailak berreskuratu ahal izan ziren. Gainera, adierazi du Euskadik Estatuko daturik onenak dituela esparru horretan, baita itunpeko osasun-zentroetarako deribazio-mailarik txikiena ere, nagusiki sistema publikoan oinarrituta dagoen eredu batekin, hots, Osakidetzaren ereduarekin.
“Ministerioak ezer egiten ez badu, eskumenen transferentziaren bidea aztertzeko eskatzen dugu”
Lan-gatazkari dagokionez, sailburuak kritikatu egin du Osasun Ministerioaren eta Esparru Estatutuaren inguruko greba-batzordearen arteko negoziazioan aurrerapausorik lortu ez izana, eta, adierazi duenez, “azken hilabetean ez da elkarrizketarik egin”. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak irekita ditu herritarrak babesteko aukera guztiak. Martinezek azpimarratu du Sailaren lehentasunak pazienteen segurtasuna eta asistentzia-jardueraren jarraitutasuna direla.
Martinezek aipatu duenez, egungo egoera ez da Osakidetzaren egiturazko arazo baten ondorioa, Estatuko grebak izan duen eraginaren ondorioa baizik. Izan ere, dagoeneko lau hilabetetan egin dira asteko lanuzteak eta, ohartarazi duenez, greba datozen asteetan luzatu daiteke Osasun Ministerioaren eta greba-batzordearen arteko negoziaziorik ez badago. Ildo horretan, azken hilabetean elkarrizketa eraginkorrik izan ez dela deitoratu du, eta itxura guztien arabera gatazkak iraun dezakeela adierazi du.
Egoera horren aurrean, iragarri du Eusko Jaurlaritzak gutun bat igorri diola formalki Osasun Ministerioari, Esparru Estatutuaren eskumenen transferentzia aztertzeko bilera bat eskatzeko. “Ministerioak ezer egiten ez badu, eskumenen transferentziaren bidea aztertzeko eskatzen dugu, herritarren osasun-arreta defendatzeko beharrezkoak diren funtzioak erabat bete ahal izateko”. Idazki horretan, Martinezek ohartarazi duenez, azken asteetan ez da inolako elkarrizketarik egin Ministerioaren eta medikuen ordezkarien artean, eta, ezer aldatzen ez bada, baliteke beste bi asteko lanuztea izatea datorren hilabete eta erdian, greba mugagabea baztertu gabe.
Gainera, sailburuak adierazi du gatazka Ministerioak argi eta garbi bere gain hartu gabeko eskumenen esparru batean gertatzen ari dela. Hori dela eta, Esparru Estatutuari lotutako eskumenak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari transferitzeko aukera aztertzeko bilera bat egitea proposatu du. Izan ere, 55/2003 Legeak osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatuko oinarrizko esparrua ezartzen du, baina hori garatzeko eta aplikatzeko eskumenak argitu egin behar dira. Gutunean, lan egiteko bide hori elkarrekin aztertzeko lantalde teknikoak eratzea ere proposatu du Martinezek.
Euskadin, elkarrizketa eta akordioak profesionalekin
Bien bitartean, adierazi du Euskadin elkarrizketak egiten ari direla profesionalekin dagokion eskumen-esparruaren barruan, eta horri esker akordio bat lortu dela duela gutxi hainbat sindikaturekin garapen profesionalaren eredu berriaren inguruan, besteak beste. Eskaini duen hitzaldian, sailburuak adierazi du Saila bi lan-ildo lantzen ari dela aldi berean: alde batetik, pazienteen asistentziari lehentasuna ematea, eskura dituen mekanismo guztiekin; eta, bestetik, profesionalekiko elkarrizketari eta negoziazioari eustea, Euskadiri dagozkion eskumenen esparruan.
Azkenik, Martinezek gogorarazi du aste honetan bertan Osasun Ministerioak egindako txosten ofizialaren arabera Euskadi dela osasun-arloan gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoa, bai biztanleko, bai profesionaleko. Sailburuaren ustez, datu horrek berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak sistema publikoarekin eta osasun-arretaren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa.
Osasuneko sailburuak azpimarratu du bere lehentasunak pazienteen segurtasuna eta arreta bermatzea, profesional guztien baldintzak hobetzea eta Osakidetza Euskadiko osasun-sistema publikoaren ardatz gisa indartzen jarraitzea direla.








