- Imanol Pradales buru izan duen Kontseiluaren bileran Eusko Jaurlaritzak gaur goizean onartu duen plana azaldu da.
- Kontseiluak, halaber, I+G+b arloko Nazioartekotze Plan eta ZTBEKaren dekretu berrien helburuak ezagutu ditu.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua (ZTBEK), Imanol Pradales Lehendakaria buru dela, Bilboko Euskalduna Jauregian bildu da gaur arratsaldean. Bileran Eusko Jaurlaritzak gaur goizean onartu duen “Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) eguneratzea” aurkeztu dio Kontseiluari.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak gidatuta, birformulatutako planak Euskadiko I+G+b estrategiaren eguneraketa dakar, Euskadik dituen erronka zientifiko, teknologiko eta sozialei gaitasun handiagoekin eta berrituekin aurre egiteko.
Joan den azaroaren 25ean egin zen Kontseiluaren bileran lehen proposamena aurkeztu ondoren, dokumentuak eztabaida zabal eta aberasgarria izan du. Prozesuan parte hartu dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileek, Eusko Jaurlaritzako sailek, foru-aldundiek eta Aholku Batzorde Zientifikoak.
Bere aurkezpenean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eskerrak eman dizkie parte hartu duten erakundeei egindako ekarpenengatik, eta azaldu du planak egitura berritua duela, Euskadiren beharrei erantzuten dieten eta, aldi berean, Europako lehentasunekin lerrokatuta dauden bost zutabe estrategikotan oinarritua.
Berrikuntza nagusi gisa, planak Komunitatea izeneko zutabea jasotzen du, garapen tekniko-zientifiko inklusiboago baterantz aurrera egiteko eta gizarte-kohesioa zein komunitate-zentzua indartzeko helburuarekin.
Lehen zutabeak, Kualifikazio handiko pertsonak izenekoak, talentua planaren erdigunean kokatzen du, eta talentu zientifiko eta teknologikoa prestatzea, erakartzea eta sendotzea bultzatzea proposatzen du, genero-berdintasunari arreta berezia eskainiz. Beste ekimen batzuen artean, Goi Mailako Ikasketen Zentro bat abian jartzea, nazioarteko mugikortasuna sustatzea, eta kualifikazio handiko pertsonak erakartzeko, itzularazteko eta errotzeko programak aurreikusten ditu
Bigarrenak, Abangoardiako zientzia izenekoak, mugako ezagutza sortzea sustatzen du, gure ikerketa-sarea nazioarteko sareetan integratuz. Zutabe horrek ezagutzaren esparru guztietako oinarrizko ildoak indartzen ditu, eta, era berean, IKUR, Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia eta Eusko Jaurlaritzaren beste plan estrategiko batzuei lotutako ildo estrategikoak bultzatzen ditu.
Hirugarren zutabeak, Lehiakortasuna eta industria-lidergoa izenekoak, industria-eraldaketa, subiranotasun teknologikoa eta lankidetza publiko-pribatua ditu ardatz. Planak egungo sektore traktoreei eusten die eta sektore emergenteen garapena sustatzen du, bereziki ezagutzaren transferentzian eta nazioartekotzean jarriz arreta, Euskadi 2030 Industria Planean identifikatutako teknologia estrategikoekin bat etorriz.
Komunitate-zentzua indartzea
Laugarren zutabeak, Komunitatea izenekoak, modu egituratuan txertatzen ditu gizarte-zientziak eta humanitateak, baita 2028-2034 Programa Marko berrian proposatuko esparruak ere. Zutabe berri honek erronka sozial global handiei erantzun nahi die, arreta berezia jarriz erronka horiek euskal gizartean nola islatzen diren aztertzea. Helburua da arlo horietan sortutako ezagutzak ongizate komunari laguntzea, komunitate-zentzua indartuz.
Ildo horretan, sailburuak azpimarratu duenez, “zientzia, teknologia eta berrikuntza ez dira hutsune sozialean sortzen; berezko historia, balioak eta kultura dauzkaten gizarte eta komunitate zehatzetan sortzen dira. Euskadik, beste edozein lurraldek bezala, berezko ezaugarriak, arazoak eta erronkak ditu; baina, aldi berean, elkarren mendekotasunez jositako mundu baten parte da, eta, hortaz, modu berezian eragiten dioten erronka globalen eraginpean dago—ingurumenekoak, teknologikoak, sozialak eta politikoak—”.
Bosgarren zutabeak, Berrikuntza izenekoak, zientzia, teknologia, sormena eta ekintza kolektiboa uztartzen dituen berrikuntza eraldatzailea sustatzen du. Berrikuntzaren Itsasargien bidez, proiektu estrategikoak bultzatuko dira funtsezko arloetan, hala nola adimen artifizialean, teknologia kuantikoetan, zibersegurtasunean, deskarbonizazioan, osasunean edo elikadura jasangarrian. Helburua da ezagutza sortzea, inpaktu ekonomiko eta soziala eragiteko helburu argiarekin.
I+G+b-ren Nazioartekotze Plana
Kontseiluak, halaber, Euskadiko I+G+b-ren Nazioartekotze Plan berriaren helburuen berri jaso du; zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren nazioarteko esparruan Euskadiren posizionamendua indartzera bideratutako estrategia, alegia.
Sailburuaren hitzetan, “birformulatutako ZTBP 2030 onartu ondoren, Euskadik bere lehentasun zientifiko, teknologiko eta berritzaileak definitzen dituen marko eguneratua du. Plan berri horrek ahalbidetuko du gaitasun horiek nazioarteko testuinguruan proiektatzea eta euskal ekosistema munduko ezagutza eta berrikuntza gune nagusiekin konektatzea”.
I+G+b-ren Nazioartekotze Plan honen helburu estrategikoetako bat izango da 2028-2034 Europako Programa Marko berriari aurrea hartzea, euskal gaitasun zientifiko, teknologiko eta industrialak etorkizuneko Europako eta mundu mailako lehentasunekin lerrokatzeko.
Era berean, Kontseiluan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) dekretu berriaren xedeak aurkeztu dira. Horrela, eguneratze arauemaile giltzarria izango da Euskadiko I+G+b ekosistema erronka berrietara eta Euskadiko politika zientifiko eta berritzailearen bilakaerara egokitzeko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eguneratzeak zehaztutako testuinguruan, eta baita Industria Eraldaketarako Proiektuak, IKUR 2030, BasQ, Berrikuntzaren Itsasargiak edo Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia bezalako ekimen traktore berezien bultzadaren testuinguruan ere, dekretu berriak indarrean dagoen arau-esparruaren berrikuspena proposatzen du.
Helburua da Kontseiluaren osaera eta eragileen tipologia egokitzea, haien eginkizunak eta helburuak eguneratzea, eta guztiak euskal zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politikaren aurrerapen eta lehentasunekin lerrokatzea. Horrela, euskal sistemaren gaitasuna indartu nahi da etorkizuneko erronka ekonomiko, industrial eta sozialei erantzuteko.
Azkenik, Kontseiluak Euskadirentzat garrantzi handikoak diren beste gai batzuk ere jorratu ditu. Horrela, Jesús Valero Congilek, Tecnaliako zuzendari nagusi eta gaur egun Europako Ikerketa eta Teknologia Erakundeen Elkarteko (EARTO) presidenteak, Europako X. Programa Markoaren (FP10) ildo nagusiak aurkeztu ditu; eta Lorea Mendoza Artetxek, BIOEF–Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioko koordinatzaile zientifikoak, “Ikerketa eta berrikuntza Euskadiko osasun-sisteman” hitzaldia eskaini du.






