Gloria Totoricagüenak jaso du Manuel Lekuona Saria 2025 euskal identitatearen nazioarteko proiekzioari egindako ekarpenagatik

0
  • Imanol Pradales lehendakariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak euskal diasporako ikertzaile nagusietako baten ibilbidea aitortu dute
  • Akademiak “Euskadi Globalaren” potentziala aldarrikatzen du, bai eta euskal komunitateek Euskadiren kultura, hizkuntza eta identitatea munduan zabaltzeko duten zeregina ere

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 2025 ekitaldia egin du gaur arratsaldean Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta Gloria Totoricagüenari eman zaio saria, Politika Zientzietan doktore eta euskal diasporaren ikerketaren arloan nazioarteko aditu nagusietakoari.

Ekitaldian parte hartu dute Imanol Pradales lehendakariak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak, José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Irene Larraza Aizpurua Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak.

Totoricagüenaren ibilbide akademikoa eta dibulgatiboa aitortu da ekitaldian zehar, bere ikerlanak modu erabakigarrian lagundu baitu munduan zehar banatutako euskal komunitateen ezagutzan sakontzen eta Euskadiren kulturaren eta identitatearen nazioarteko proiekzioa indartzen.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, “gure diasporak gaitasun aparta erakutsi du askotariko errealitateetara egokitzeko, komunitatea eraikitzeko eta munduko hainbat lekutan bere identitate kolektiboa bizirik mantentzeko. Maila eman zuen gure historiako une erabakigarrietan, gure herriak eutsi ahal izan ziezaion eta nazioartean ahots propioa izan zezan gerra eta diktadura garaian. Gainera, funtsezkoa izan da lotura ekonomikoak, zientifikoak, prestakuntzakoak eta kulturalak ehuntzeko, kontuan izanik horrek lagundu duela gure garapenean eta gure oparotasun garaietan. Testuinguru horretan, zure lanak, Gloria, diasporaren kontzeptua zabaltzen eta berritzen laguntzen du, eremu eta belaunaldi berrietara proiektatzean”.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak euskal kulturaren nazioarteko dibulgatzaile nagusienetakotzat jo du saritua, eta diplomazia kulturalarekin eta diasporaren azterketarekin duen konpromisoa nabarmendu du, euskal identitate kolektiboaren eraikuntzan funtsezko elementua baita. Era berean, Euskal Etxeei buruz eta euskal komunitateek Euskadirekin dituzten loturei buruz hark egindako ikerketen garrantzia azpimarratu du.

Saria akreditatzen duen Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Gloria Totoricagüenak azken hamarkadetan bere ikerketa-proiektuetan parte hartu duten pertsona guztiekin partekatu du aitortza hau. Bere hitzaldian, Boiseko Euskal Etxean izandako hastapenak ekarri ditu gogora, eta, ondoren, euskal diasporari eta identitateari buruzko ikerketak bultzatzeko erakunde, unibertsitate eta gobernu desberdinekin izandako lankidetza.

Ikertzaileak “Euskadi Globala” delakoaren balioa aldarrikatu du, hau da, hainbat herrialdetan euskal komunitatez eta Euskadiri lotutako pertsonez osatutako nazioarteko sarea. Era berean, komunitate global horrek ekintza kolektiborako duen gaitasuna indartzera animatu du, Euskadiren nazioarteko presentzia irmotzen lagunduko duten proiektu kulturalak, akademikoak eta sozialak bultzatzeko.

Ekitaldiari amaiera emateko, Gure Arbola Zaharra abesbatzak Jose Maria Iparragirreren Gernikako Arbola pieza enblematikoa interpretatu du.