Hurtado sailburua: “Irugurutzetako labeak gure industria-ondarearen isla dira eta leku honek gure nortasunari eta egungo Euskadik landutako historiari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu”

0
  • Maiatzaren 22an Irugurutzetako labeak inauguratuko dira eta jarraian asteburu batean doako bisita gidatuak eskainiko dira

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Cristina Laborda Irungo alkatearekin eta Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin batera, Irugurutzetako labeak inauguratu ditu. Proiektuak Euskadiko industria-multzo garrantzitsuenetako bat berreskuratzea eta zabaltzea du helburu.

Bere hitzaldian, Hurtado sailburuak Euskadiko Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Lurralde Planaren barruan proiektuak duen garrantzia nabarmendu du, baita lurraldean turismoa eraldatzeko motor gisa duen eragina ere. «Proiektu hau, Europako Funtsekin finantzatua, gure lurraldeko industria-ondareak turismo jasangarriagoa eta lehiakorragoa bultzatzeko eta gure historia eta iragan industrialaren zabalkundea indartzeko adibide bat da».

Proiektuak 2.000.000 euroko aurrekontua izan du guztira, Next Generation EU funtsetatik, Europar Batasuneko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan. Inbertsio horren ondorioz, labeak, silo zaharra eta eraikin itsatsiak zaharberritu dira, bai eta sarbideak eta naturgunea ere, bisitariek eta tokikoek urte osoan zehar gozatu ahal izan dezaten eskaintza berezi honetaz.

Sailburuaren ustez, “leku hau gure industria-ondarearen erakusgarri da, eta gure nortasunari, gure historiari buruz eta gaur egungo Euskadi bihurtu gaituzten faktoreei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu. Eta Industria Turismoa da Euskadiren irudi osatu hori munduari erakusteko dugun modua, gaurko Euskadi atzoko Euskadiren oroimenaren gainean eraiki delako”.

Inaugurazio-ekitaldiaz gain, maiatzaren 23an (larunbata) eta 24an (igandea) doako bisita gidatuak eskainiko dira, herritarrei eta bisitariei Irugurutzetako gune berria ezagutzeko aukera emanez, irekieraren lehen egunetan.

Sailburuak, amaitzeko, eskertu egin du “udaletik eta alkatearengandik une oro jasotako laguntza, eta gonbidapen bat da hau astebururako programatutako jarduera ugariez eta leku paregabe honetaz gozatzeko”.