Osakidetzaren Zaballako osasun zentroak eraginkortasun energetikoaren gehieneko mailaren ziurtagiria lortzen du

0

EKAINAK 5 INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA

  • Sistema konbentzionalen ordez balantze neutroko biomasa-galdara bat jartzeak eta hainbat instalazio optimizatzeak aukera ematen diote Barakaldoko anbulatorioari «A» kalifikazioa lortzeko
  • Jarduera horiek 500.000 €-ko inbertsioa ekarri dute, eta Osakidetzak bere zentroetako jasangarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren alde egindako apustuaren barruan kokatzen da

Osakidetzak amaitu ditu Zaballako Osasun Zentroko energia-azpiegitura berritzeko eta hobetzeko lanak. Esku-hartze horrek A mailako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eman dio Barakaldo-Sestaoko ESIaren eraikinari, estandarrik zorrotzena eta altuena.

Proiektuaren jarduera nagusia lehengo gas-galdararen ordez biomasa-galdara bat jartzea izan da. Biomasa ezartzeak iraunkortasunean aurrera egitea dakar; izan ere, materia organikoa (pelletak) erabiltzen du erregai fosilen ordez. Horrek esan nahi du ez duela CO 2 berririk gehitzen atmosferara; izan ere, pellet bat erretzean, landareak hazi zenean modu naturalean xurgatu zuen karbono-kantitate bera askatzen da.

Jarduera horri gehitu behar zaizkio, halaber, ur bero sanitarioaren ekoizpen-sistema hobetzea, ponpaketa-ekipo eraginkorragoak sartzea eta energia-kontsumoa optimizatzen duten kontrol- eta monitorizazio-sistemak ezartzea. Jarduera horiek guztiek nabarmen murrizten dituzte karbono dioxidoaren isurketak eraikinetik atmosferara, kalifikazio energetiko handiena lortzea sendotuz.

500.000 euro inguruko inbertsioarekin, instalazio hori ezartzea Osakidetzaren zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten parte da. Ekimenaren heburua da Osakidetzan energia-kontsumoak murriztea eta ekoizpen berriztagarria handitzea, eta horrela eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Proiektu korporatibo honen helburua da zentroetako energia elektrikoaren eskaria partzialki era horretara hornitzea eta urrutirako ekoizpen eta banaketa elektrikoari lotutako CO2 emisioak murriztea.