Merkataritzako zuzendari Izaskun Gómezek, Portugaleteko alkate María José Blancorekin eta Puntueus Fundazioko zuzendari nagusi Josu Waliñorekin batera, diplomak banatu dizkie Portugaleteko saltokiak digitalizatzeko plana (Gandik proiektua) egiten parte hartu duten ikasle eta ikastetxeei.
PuntuEUS Fundazioaren bidez, Portugaleteko saltokiak digitalizatzeko plan bat egin da, ingurune digitalean saltokiak sendotzeko eta udalerri horretako tokiko merkataritzaren irudia indartzeko.
Horretarako, DBHko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek Portugaleteko saltokiekin batera lan egin dute beren webguneak diseinatzen eta garatzen. Horretarako, PuntuEUS Fundazioak zerbitzariak eman dizkie saltokietako webguneak ostatatzeko. Doan izango dituzte urtebetez EUS zerbitzariak, baita soluzio digitalen inplementazio egokia bermatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa ere.
Izaskun Gómez zuzendariaren ustez, “Zergak hemen ordaintzen dituen tokiko merkataritzan erosteak eragin positiboa du gure bizitzan, gure hiriak antolatzeko moduan eta gure ingurunearen jasangarritasunean”.
“Astelehenean diploma horiek berak aurkeztu genituen Beasainen, Portugaleten ere egin den proiektu pilotu honek izan duen harrera ona erakusteko, eta baliagarria izan da herriko hainbat saltokiren presentzia digitala hobetzeko, bai eta gazteak euskal merkataritzara hurbiltzeko, gertutik ezagutzeko, eta ezagutzera emateko ere”.
Zuzendariaren ustez, “horrelako proiektuek tokiko merkataritzaren digitalizazioa garatzeko eta ezartzeko, eta konpetentzia digitaletako prestakuntza emateko dugun konpromisoa indartzen dute, eta horrek eragin positiboa du gure saltokiak ingurune digitalean finkatzeko eta haien irudia indartzeko”.
Bestalde, Portugaleteko alkate María José Blancok eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailari, proiektu pilotu honetarako Portugalete aukeratu izanagatik. Proiektuaren helburua tokiko merkataritza digitalizatzea eta ingurune digitalean kokatzea izan da, ezinbestekoa gaur egun. Hala, eskerrak eman dizkie proiektu honetan parte hartu duten ikastetxe eta merkatariei. “Proiektu honek, saltoki txikiak ingurune digitalean kokatzeko ez ezik, gazteenak hiriko merkataritzara hurbiltzeko ere balio du, bere errealitatea, aurre egin beharreko bere eguneroko erronkak eta onena eskaini nahian saltoki horiek zuzentzen dituzten pertsona guztientzat egunero pertsiana altxatzeak eskatzen duen ahalegina ezagutzeko. Belaunaldien arteko lankidetza oso beharrezkoa da, eta leiho berri bat irekitzen die gazte horiei, jakitun izan daitezen on line erostea ez dela aukera bakarra, beren hirian denetatik dutela eta saltoki bakoitzaren atzean hortik bizi diren familiak daudela. Espero dut esperientzia aberasgarria izan dela guztiontzat, eta, batez ere, baliagarria izan dela etorkizuneko belaunaldiak errealitate honetara hurbiltzeko, bestela agian beraientzat oharkabean pasatuko litzatekeena”, adierazi du alkateak.
Azkenik, PuntuEUS Fundazioko zuzendari nagusi Josu Waliñok udalerriko gazteen konpromisoa nabarmendu du: “Gandik proiektuak Portugaleteko ikasleen talentu teknologikoa eta bertako merkatarien esperientzia eta hurbiltasuna batu ditu. Emaitzaz, benetako bultzada eman zaio tokiko digitalizazioari». Waliñok azpimarratu duenez, «PuntuEUS Fundazioarentzat, proiektu pilotu honek erakusten du arrakala digitala nola murriztu daitekeen lankidetza komunitariotik. «Webgune horiek ikasleekin elkarlanean sortzeak abantaila diferentziala ematen die Portugaleteko merkatariei, identitate digital propioa, segurua eta tokiko sustraiekin proiektatzeko aukera emanez, etorkizuneko agertokiari aurre egiteko», ziurtatu du.
Ikastetxe eta merkatari parte-hartzaileak
Portugaleten, ikastetxe eta merkatari hauek parte hartu dute Gandik proiektua egiten:
| Ikastetxeak | Merkatariak |
| IES Ballonti BHI | – Sulaco joko-denda
– Esencias del desierto osagarriak – Personalízate |
| IES Zunzunegui BHI | – «¡Y yo con estos pelos!» ileapaindegia
– Mikel fruta-denda |
| Asti-Leku ikastola | – Herbolario Melisa dietetika-denda
– Soraya fruta-denda – Maderas a Fuego – Nacha denda – Bitxiak mozorro-denda – Urbina hortz-klinika |
| Santa Maria ikastetxea | – Edurne oilasko-denda
– Microtel informatika-denda – Kids and Us – Oxford Exams – Portugaleteko profesionalen eta merkatarien elkartea |








