Hondarribiko Udalak prest du Hondartza kiroldegiko sauna gunea eraberritzeko proiektua. 1.295.264 euroko inbertsioari esker, 2025eko urtarrileko suteak eragindako kalteak konpontzeaz gain, sauna eta spa eremua goitik behera eraberrituko da, irisgarritasun, segurtasun, energia-eraginkortasun eta zerbitzu kalitatearen egungo estandarretara egokitzeko.
Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, sutearen ostean egindako txosten teknikoek agerian utzi dituzte urteetan pilatutako gabezia estruktural eta funtzionalak suteaz harago zihoazela: «Ia 30 urteko azpiegitura da, eta urte hauetan guztietan ez da inbertsio eta mantentze-lanen plangintza jarraiturik gauzatu. Ondorioz, egitura, segurtasun eta irisgarritasun-gabezia ugari pilatu dira. Egoera horrek hasieran aurreikusitakoa baino esku-hartze sakonagoa eta konplexuagoa egin behar izatea ekarri du. Hala eta guztiz ere, udal-gobernu honek proiektua indarrean dagoen araudira egokitu du, eta eraberritze hau errealitate bihurtzeko beharrezko urratsak eman ditu«.
«Jakitun gara erabiltzaile askok denbora daramatela sauna eta hidromasaje zerbitzua berreskuratzeko irrikaz. Horregatik, hain zuzen ere, zorroztasunez heldu nahi izan diogu proiektuari, aeta aukera hau baliatu dugu datozen hamarkadei begira instalazio moderno, seguru eta kalitatezkoak bermatuko dituen esku-hartze integrala gauzatzeko”, nabarmendu du alkateak.
Bestalde, Estitxu Urtizberea alkateorde eta Hirigintza zinegotziaren esanetan, inbertsioaren zenbatekoak berak erakusten du jarduketaren dimentsioa: “Denbora luzez atzeratu dira beharrezkoak ziren jarduketak eta inbertsioak, eta horrek ekarri du orain esku-hartze askoz konplexuagoa eta garestiagoa egin behar izatea. Ideia bat egiteko, kiroldegiko gune hau berritzeko behar den inbertsioa Pasaia bezalako kale oso baten berrurbanizazioaren parekoa da”.
Erabiltzaileen segurtasuna, lehentasun nagusia
Proiektuaren ardatz nagusietako bat segurtasuna eta suteen aurkako babesa indartzea izango da.
Horretarako, lehen aldiz, kanporako ebakuazio-irteera zuzena sortuko da spa gunetik, gaur egun indarrean dauden segurtasun-betekizunetara egokituz.
Irteera berria kanpoko estalkiarekin lotuko da, larrialdi egoeretan ebakuazio segurua eta eraginkorra bermatzeko.

Era berean, ebakuazio-bide horri lotutako kanpoko estalkiaren 388 metro koadro inguru berrituko dira eta suteen aurkako babes-sistemak erabat eguneratuko dira.
Lupe Queiruga Kirol zinegotziak adierazi duenez, «2025eko suteak agerian utzi zuen, ondoren txosten teknikoek baieztatu bezala, arazoa ez zela suak eragindako kalteetara mugatzen; izan ere, instalazioak segurtasun arloan gabezia esanguratsuak zituen. Egoera horren aurrean, ezinbestekoa zen gabezia guztiak ikuspegi integral batekin aztertzea eta konpontzea.»
«Spa eremuak ez zuen kanporako ebakuazio-irteera zuzenik eta sutea gertatu zenean egiaztatu genuen alarma-sistemak ere ez zuela behar bezala erantzun. Segurtasunarekin lotutako gaiak dira, eta ezinbestekoa zen horiei modu integralean heltzea«, nabarmendu du Queirugak. Zinegotziaren esanetan, «segurtasunaz ari garenean ez gara hobekuntza estetiko edo osagarriez ari. Herritarrek instalazio horiek berme guztiekin erabili ahal izatea eta, larrialdi baten aurrean, ebakuazio- eta babes-sistema egokiak egotea bermatzeaz ari gara«.
Ildo horretan, azaldu du inbertsioaren zati handi batek instalazioak egungo legediari egokitzeko beharrari erantzuten diola. «2018tik bazegoen proiektu bat idatzita, baina ez zen inoiz martxan jarri; plano haietan ez zen larrialdi-irteera bat bezalako oinarrizko alderdirik aintzat hartzen eta, beraz planteamendua erabat berrikusi behar izan dugu, gaur egungo segurtasun-neurri guztiak txertatzeko«.
Spa berria, zabalagoa eta funtzionalagoa
Jarduketak gaur egungo espazioaren antolaketa guztiz berrituko du, funtzionalagoa izan dadin. Generoaren arabera banatutako eredua alde batera utziko da eta erabiltzaile guztientzako spa gune bateratua sortuko da.
Spa berriak 28 metro koadro inguruko hidromasaje igerilekua izango du. Horrez gain, sauna finlandiarra eta lurrun-bainua ere izango ditu, gaur egungoak baino handiagoak.
Gainera, barruko ibilbideak berrantolatuko dira spa eta kiroldegiko igerileku nagusia lotzeko, mugikortasuna erraztuz eta gune heze eta lehorren arteko antolaketa zaharrak zituen mugak gaindituz.
Irisgarritasuna ardatz
Irisgarritasuna da proiektuaren beste zutabe nagusietako bat. Espazio guztiak irisgarritasun unibertsalaren irizpideen arabera diseinatu dira, pertsona guztiek instalazioak baldintza beretan erabili ahal izan ditzaten.
Horretarako, bi aldagela egokitu berri eraikiko dira, gaur egun dagoen premia bati erantzunez. Gainera, hidromasaje-igerilekuak mugikortasun urriko pertsonentzako sarbidea erraztuko duen polea mugikorra izango du.
«Instalazio publiko batek herritar guztientzat irisgarria izan behar du. Aldagela egokitu berriek, sarbidea errazteko sistemek eta barne ibilbideen egokitzapenek zerbitzu inklusiboagoa eskaintzea ahalbidetuko dute«, nabarmendu du Enparanek.
Etorkizunerako prestatutako instalazioa
Eraberritzearen baitan, egitura eta instalazio tekniko nagusiak ere eguneratuko dira, datozen urteetan funtzionamendu egokia, segurtasuna eta jasangarritasuna bermatzeko.
Besteak beste, honako sistemak berrituko dira:
- Klimatizazioa eta hezetasun sistema.
- Iturgintza eta saneamendua.
- Elektrizitatea eta argiztapena.
- Suteen aurkako babes-sistemak.
Behin proiektua jasota, Udalak dagoeneko abiatu ditu beharrezko administrazio-izapideak, bai Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzarekin, bai Osasun Sailarekin. Era berean, Udalak kreditu gehigarri bat izapidetu beharko du obrak finantzatzeko, eta hori Udalbatzak onartu beharko du.
Paraleloki, Udalak obren lizitazio prozesua abiatuko du. Aurreikuspenen arabera, urtea amaitu baino lehen obra lizitatzeko prozesua amaituta egotea eta lanak hasita egotea espero da.










