Ekainaren 28an ospatzen den Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Hondarribiko Udalak aniztasunaren, berdintasunaren eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko konpromisoa berresteko egitarau berezia prestatu du, herritar guztiei zuzendutako jardueren bidez.
Egitarauaren barruan, ekainaren 24tik 30era bitartean, Francis erakusketa izango da ikusgai Arma Plazan. Erakusketak memoria historikoa eta sexu- zein genero-aniztasunaren inguruko hausnarketa sustatzen ditu, eta Euskal Herriko LGTBIQ+ mugimenduaren historiako pasarte esanguratsu bat ekartzen du gogora.
1979an, homosexualitatea jada ez zen delitutzat jotzen, Arriskugarritasun eta Birgaitze Sozialari buruzko legearen aplikaziotik kanpo geratu ondoren. Hala ere, LGTBIQ+ kolektiboko pertsona askok jazarpena eta zigorrak jasaten jarraitzen zuten, besteak beste, escándalo público delitua egotzita. Testuinguru horretan kokatzen da Francisen kasua: 1979ko ekainaren 9tik 10erako gauean, Errenteriako Apolo dantzalekuan, polizia batek tiroz hil zuen 32 urteko gaztea.
Azken urteotan, Errenteriako Udala eta hainbat eragile sozial Francisen memoria berreskuratzeko lanean ari dira, eta erakusketa hau ahalegin horren emaitzetako bat da. Izan ere, haren heriotzak arrasto sakona utzi zuen bai Errenteriaren historian, bai Euskal Herriko LGTBIQ+ eskubideen aldeko borrokan, garaiko mugimenduarentzat mugarri bihurtu baitzen.
Ekainaren 26an, ostiralez, hainbat jarduera egingo dira. Goizeko 10:00etan, Kode Limit jolas-tailerra izango da Saindua Gaztelekuan. Jarduera honek gazteen artean berdintasuna, errespetua eta aniztasunarekiko sentsibilizazioa lantzea du helburu, ikuspegi ludiko eta parte-hartzaile baten bidez.
Egun berean egingo da Harrotasunaren Eguneko ekitaldi nagusia ere. Bandera jartzearekin batera, aurtengo pregoia Monika Weber, Aka Jawata Anti-Dj-ren eskutik izango da 19:00etan. Berdintasun Mahaiak hautatu du Weber, bere ibilbide pertsonal eta profesional anitzagatik eta komunitatearekiko duen loturagatik.
Monika Weber 1971ean jaio zen Madrilen, baina Hondarribiarekin eta bertako komunitatearekin lotura estua izan du txikitatik. Haurtzaroan bi munduren artean hazi zen, eta urteekin Hondarribian errotu da, bertako eguneroko bizitza eta harreman-sareak bere nortasunaren parte bihurtuz.
Hezkuntzak eta kulturarekiko loturak garrantzi handia izan dute bere ibilbidean, eta urteetan musika eta eszena arloan ere aritu da, besteak beste Jawata Anti-DJ proiektuaren bidez. Esperientzia pertsonal eta profesional anitzek ikuspegi zabal eta inklusiboa eman diote.
Pregoia amaitzean, DJ La Fulanaren saioa izango da Kasino Zaharran.
Ekainaren 28an, berriz, Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko jaialdia- Hedapena programaren barruan film laburren saioa eskainiko da Polborinan, 19:00etan. Gonbidapenak Arma Plazan eta tickets.kutxabank.es atarian eskuratu daitezke.
Horrez gain, aste osoan zehar LGTBIQ+ banderak izango dira ikusgai udal eraikinetan. Keinu horren bidez, kolektiboaren ikusgarritasuna eta aitortza sustatu nahi dira, baita Hondarribiko Udalak aniztasunarekiko, berdintasunarekiko eta gizarte inklusiboago baten eraikuntzarekiko duen konpromisoa ere.
Hondarribiko Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu antolatutako jardueretan parte hartzera. Izan ere, elkarrekin eraikitzen dugu errespetuan, askatasunean eta aniztasunean oinarritutako herria. Harrotasunaren Nazioarteko Eguna aukera ederra da berdintasunaren aldeko konpromisoa berresteko eta pertsona orok bere identitatea eta orientazioa askatasunez biziko duen herria aldarrikatzeko.









