Etapa hori ongizate eta askatasunarekin bizitzeko, informazioa giltzarri da; izan ere, horren bidez MAPA bat eman ahal zaie nerabeei, modu kontzientean nabigatu dezaten beren sentimendu eta harremanetatik.
Pubertaroa 8 urtetik 16 urtera bitarteko aldia da; orduantxe organismoa sexualki heltzen da eta askotariko aldaketa ugari gertatzen dira. Alde nabarmena egoten da emakume eta gizonek izaten dituzten aldaketen artean.
Aldaketa-prozesua da eta erritmo desberdinak izaten dituzte bai parekoek, bai sexu desberdinekoek, eta horrek zalantzak eragin ditzake, baldin eta aurretik ez bazaie informazio egokia eman, betiere modu naturalean haien beharrizanetara egokituta egon behar dena eta haien egoera aintzat hartu behar duena.
Bizipen afektiboak oso biziak dira eta parekoen arteko harremana dute ardatz; halaber, garai horretan sortzen dira ere lehen bikote-harremanak eta horrek guztiak haien nortasunean izango du eragina.
Informazioa ezinbestean helduko zaie, eta hobe da haurtzarotik esku hartzea, bermatu dadin informazio-iturriak egokiak direla, profesional kualifikatuek kudeatzen dituztela, eta edukiak bizitzako askotariko etapetara egokitzen direla.
Eragina benetan ERALDATZAILEA da eta osasuna hobetzen du. Oinarrizko hiru ardatz jorratzen dira:
1. AUTOEZAGUTZA ETA AUTOESTIMUA. Norberaren gorputza eta emozioak ulertzen ikasiz gero, seguruago eta erosoago sentituko dira euren buruarekin.
2. HARREMAN SANOAK izatea. Genero-indarkeria eta eskola-jazarpena prebenitzeko, garrantzitsua da errespetuan eta enpatian oinarritutako loturak ezartzea; horretarako, ADOSTASUNA oinarri nagusitzat hartuta, mugak jartzen eta besteak errespetatzen ikasi behar da. Era horretan, murriztuko dira nahi ez diren haurdunaldiak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak.
3. Garrantzitsua da Harremanaren, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (HIKT) era arduratsuan erabiltzen irakastea eta, besteak beste, gai hauek jorratzea: sare sozialak, ziberjazarpena, groominga eta pornografiarako sarbide goiztiarra. Espainiako Pediatria Elkartearen arabera, batzuetan 8 eta 11 urte bitartean dituztenean izaten dute eduki horietarako sarbidea, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake beren sexualitatean. Informazio erreala eta zientifikoa baldin badute, hobeto hartu ahalko dituzte beren osasun fisikoari eta mentalari lotutako erabakiak.
Bidea ahalik eta erosoena eta aberasgarriena izateko, ezinbestekoa da hauexek hartzea oinarritzat: ERRESPETUA, aniztasunarekiko onarpena eta zainketaren gaineko erantzunkidetasuna.
Nerabeei adierazitako informazioa ematea iparrorratza ematea bezala da, hori baliatu ahalko dutelako sentimenduak esploratzeko bidean. Horrela, lortuko dugu etorkizunean euren gorputzarekin gustura dauden helduak izatea, hura zaintzea, eta elkarrekiko errespetuaren oinarriak ezagutzea, harremanak izateko unean norberaren adostasuna nahiz besteena adierazi eta ulertu ahal izateko.
Ekainaren 12an, Gasteizen egindako II. BERDINTASUN FOROAN, berdintasunean oinarritutako jardunbide egokitzat jo zen Karrantza BHIn duela sei urtetik eskaintzen duten jarduera: «Nerabezaroko heziketa afektibo-sexuala». Teresa Calvok eta Amagoya Cortabarriak irakasten dute, BHIko hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan, eta komunitatean esku hartzen jarraitzera animatzen gaitu.






