- Pazienteen Erakundeen Plataformaren POP 2026 Saria jaso du ekimenak, “Organo egonkorrak” kategorian
- Osasun Sailak sustatzen duen parte-hartze eredua saritu du: pazienteak, profesionalak eta sistemako eragileak osasun-eraldaketaren definizioan barne hartzen ditu
- Euskadiko Osasun Itunaren hedapenaren baitan kokatzen da saria. Itunak gobernantza-eredu parte-hartzaileagoa sustatzen du hainbat ekimenen bidez, adibidez, hauen bidez: Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea, pazienteen elkarteekin batera egindako sormen-tailerrak eta etorkizuneko Euskadiko Pazienteen Legea
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak estatu mailako saria jaso du Pazienteen Erakundeen Plataformak (POP) antolatutako POP sarien V. edizioan, Euskadiko Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordean pazienteak txertatzeko ekimenagatik. Osasun-sisteman pazienteen parte-hartze aktiboa sustatzen duten ekimen onenak saritzen dituzte, eta “Organo egonkorrak” kategorian berariaz baloratzen da pazienteak gobernantzako organo egonkorretan, kontseilu edo batzordeetan adibidez, txertatzea.
Sari-banaketa Madrilen izan da, eta Gontzal Tamayo Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eta Inés Gallego Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariak jaso zuten saria. Tamayok nabarmendu zuenez, “bereziki garrantzitsua da saria aldaketa horren protagonista direnek ematea: pazienteen erakundeek eta erakundeetako pertsonek… eta gainera estatu mailako saria izatea”. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak azaldu zuen azken urteotan estuki ari direla haiekin lanean, “eta argi esan dezakegu elkarteak kontuan hartzea ez dela soilik garrantzitsua; ezinbestekoa da. Euren parte-hartzerik gabe bertan egongo ez liratekeen ikuspegiak, beharrak eta proposamenak txertatu dituzte”, gaineratu du.
Sariak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun-eredu parte-hartzaileagoaren alde egiten duen apustua. Horren arabera, pazienteen iritzia sistemaren gobernantzaren egiturazko parte da.
Parte-hartzea oinarri duen eraldaketa-eredua
Eusko Jaurlaritzak Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea sortzearen bidez bultzatu duen eredua saritu da. Organo aholku-emaile hori Euskadiko osasun-sistema publikoaren antolaketa-berrikuntzaren eta berrikuntza digitalaren arloko erabaki estrategikoak orientatzeko sortu zen.
Batzordea profesionalen, pazienteen erakundeen, komunitate zientifikoaren eta osasuneko administrazioaren arteko lankidetza-gunea da, eta helburu hauek ditu: planifikazioa benetako praktikarekin lerrokatzea eta pertsonetan oinarrituko den sistemarantz aurrera egitea. Ekimenak uste sendo bati erantzuten dio: osasun-sistemaren eraldaketa ez da teknologikoa soilik; erabakiak hartzerakoan beharrezkoa da herritarren esperientzia eta beharrak txertatzea.
Hainbat eginkizunen artean, Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordeak jarduera-ildoak proposatzen ditu asistentzia- eta digitalizazio-ereduetarako, proiektu estrategikoak bultzatzen ditu eta koordinazioa eta jardunbide egokien trukea sustatzen ditu. Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea da Batzordearen presidentea, eta batzordeak osasun-sistemaren egungo erronkak jorratzen ditu: biztanleriaren zahartzea, kronikotasunaren areagotzea eta ekitatea eta jasangarritasuna bermatzeko beharra. Antolaketa eraldatzea eta eraldaketa digitala sistemaren ardatz estrategikotzat ditu.
Eredu hori Euskadiko Osasun Itunaren garapenaren baitan kokatzen da, eta, horren arabera, herritarren parte-hartzea da osasun-sistemaren eraldaketaren oinarrietako bat. Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea gobernantza partekatuaren aldeko apustuaren adibiderik adierazgarrienetako bat da, erabaki publikoen kalitatea hobetzeko hainbat ikuspegi integratzen baitira. “Sistemaren etorkizuna diseinatzen den lekuan parte hartzeaz ari gara. Horrek esan nahi du pazientearen esperientzia ez dela asistentzia-praktikara mugatzen; aitzitik, sistemaren ereduak, eraldaketak eta erabakiak definitzen diren lekuan ere kontuan hartzen da”, adierazi zuen Inés Gallego Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariak.
Eredu parte-hartzailerantz
Eusko Jaurlaritzaren apustu zabalagoaren barruan kokatzen da saria; apustua da, hain zuzen ere, pazienteen parte-hartzea osasun-sistemaren egiturazko elementu gisa indartzea.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila lanean ari da Euskadiko Pazienteen Legea osatzeko, eta helburu izango du osasun-politiketan benetako parte-hartzea, egituratua eta eragiteko gaitasuna duena bermatzea. Etorkizuneko arau hori aitzindaria izango da estatu mailan, eta parte hartzeko mekanismoak indartu ahal izango dira eta eredu egonkorragorantz aurrera egin. Horretarako, zenbait tresna gehituko dira, adibidez: esparru arautzaile espezifikoak garatzea, pazienteen elkarteen erregistro bat sortzea edo erabakiak hartzeko parte hartzeko espazio egonkorrak sendotzea.
Pazienteek parte hartzeko eredu hori Osasun Sailak sustatutako prozesu parte-hartzaile baten bidez ere garatzen ari da. Prozesu horretan, lan-saioak egin dira, eta dozenaka pazienteen elkartek, profesionalek eta sistemako eragilek hartu dute parte.
Ekimen horien bidez, Euskadi erreferente gisa indartu da, herritarrak osasun-sistemaren eraldaketan modu eraginkorrean kontuan hartu daitezen.








