Hurtado sailburua: “Iruña Oka garapenaren eredu eta ondarearen, naturaren eta turismo jasangarriaren erreferentzia da bere sorreraren 50. urteurrenean”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Iruña Okako alkate Mitxel Montesekin batera, Iruña Okako udalerriaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du. Ekitaldian, halaber, Lurralde Orekako eta Lurralde Antolamenduko foru diputatu Laura Perezek, Marisol Garmendia gobernu-ordezkariak eta Mar Daban gobernu-ordezkariordeak parte hartu dute.

Sailburuaren ustez, “Iruña Okak lankidetzan, berritzeko ahalmenean eta bere ondare bikainaren aprobetxamenduan oinarritutako identitate propio bat eraikitzen jakin du”.

Eskaini duen hitzaldian, sailburuak azpimarratu du Iruña Oka “elkarrekin hazteko xedez indarrak batzeko borondatearen ondorioz” sortu zela, eta filosofia horrek, berrogeita hamar urte geroago, Iruña Okaren garapenaren eragile nagusietako bat izaten jarraitzen duela. “Gure udalerrien aurrerapena erakundeen arteko lankidetzatik eta bertan bizi direnen eta lan egiten dutenen konpromisotik abiatuta eraikitzen da”, adierazi du.

Era berean, “udalerriak Euskadiren barruan duen balio estrategikoa” nabarmendu du, “lurraldeko elementu erakargarri nagusietako batzuk biltzen baititu, hala nola Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoa, Done Jakue Bidea edo Santa Katalinako Lorategi Botanikoa, ondare historikoa, natura, kultura eta turismo jasangarria uztartzen dituzten erreferenteak”.

Ildo horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Iruña Okako Udalaren artean udalerria zein Arabako lurralde osoa hazten laguntzen duten proiektuak garatzeko izandako lankidetzaren garrantzia nabarmendu du. Lankidetza horren adibide nagusietako bat abian jarritako Iruña Okako Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Plana izan da. Plan horrek milioi bat euroko finantzaketa jaso du Europako Next Generation EU funtsetatik, Santa Katalinako lorategi botanikoa hobetzeko eta modernizatzeko eta, horren bidez, haren jasangarritasuna, irisgarritasuna eta turismoa erakartzeko ahalmena handitzeko.

Era berean, sailburuak Iruña Okako Udala zoriondu du “aukera hori proiektu eraldatzaile bat bultzatzeko aprobetxatzen jakin duelako”, eta Eusko Jaurlaritzak tokiko erakundeekin batera lanean jarraitzeko duen konpromisoa” berretsi du, “aukera ekonomikoak sortuko dituzten, turismo jasangarria indartuko duten eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten ekimen berriak garatzeko”.

Sailburuak, amaitzeko, zorionak eman dizkie bost hamarkada hauetan udalerriko historiaren parte izan diren pertsona guztiei: “udalerriaren sorrera ahalbidetu zutenei, erakunde, enpresa eta elkarteetatik lan egin dutenei, eta, bereziki, Iruña Okaren oraina eta etorkizuna egunero eraikitzen jarraitzen duten herritarrei”.