Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Izaskun Gomez Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren 2026ko kanpainaren aurkezpenean parte hartu du. Ekimen horrek herritarrak itsas zaborren problematikaren eta ingurumenaren babesaren inguruan sentsibilizatzeari erreparatu dio berriz ere.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kanpaina hori babestu du beste behin, tokiko merkataritzaren inplikazioa bultzatzeko helburuarekin, sektore hori funtsezkoa baita, herritarrekiko hurbiltasunagatik eta eragin-ahalmenagatik.
Merkataritza Zuzendariak eskerrak eman dizkie Mater itsasontziko arduradunei egindako lanagatik, eta haien hezkuntza- eta kontzientziazio-lana nabarmendu du. Era berean, saltokiek kanpainan izan duten parte-hartzea eskertu du.
Merkataritza Zuzendariaren ustez, “tokiko merkataritza herritarrekiko bitartekari garrantzitsua da, eta ekimen horrekin bat egitea lagungarria da ekimenari agerikotasuna emateko eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Izan ere, saltoki batek ekimen horrekin bat egitea erabakitzen duenean, mezu bat bidaltzen die herritarrei: ingurumena zaintzea erantzukizun partekatua dela, jasangarritasunak gure ekintza guztien ardatza izan behar duela eta keinu bakoitzak axola duela. Ingurumenarekiko konpromisoa ere gure merkataritza-ehunaren identitatearen parte da”.
“Hurbileko merkataritza funtsezko elementua da gure herri eta hirien gizarte-kohesiorako, baita pertsonen topagune gisa ere. Ingurumen-sentsibilizazioko ekintzak (Zero zabor uretan ekimena, adibidez) keinu bat baino gehiago dira. Jasangarritasuna gure eguneroko lanean txertatzea dakarte. Konpromisoa eta herritarrak inplikatzeko gogoa dakarte. Gure ingurunea zaintzea guztion zeregina da, erakundeena, elkarteena eta merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreena”, adierazi du.
Azkenik, azpimarratu du ingurumen-kontzientziazioan oraindik asko geratzen dela egiteko, aurrerapenak egin badira ere: “funtsezkoa da hezten, informatzen eta kontzientziatzen jarraitzea gizarte bidezkoago bat eta planeta bizigarriago bat eraikitzeko. Eskerrik asko Mater ontziari eta inplikatzen diren saltoki guztiei, jasangarritasunerako bidea errealitate partekatu bihurtzen dugulako elkarrekin”.








