Haurraren Eguna uztailaren 20an, astelehenean, ospatuko da, eta atrakzioen prezioa ohikoa baino %40 txikiagoa izango da gutxienez Inpaktu akustikoa minimizatzeko eta bizikidetza bermatzeko neurriak mantenduko ditu esparruak
Ansioko azoka esparrua Karmenaken topagune nagusietako bat bihurtuko da uztailaren 10etik 20ra, barrakak irekita. Hamaika egun horietan, auzotarrek eta bisitariek 47 atrakzio eta azoka postu izango dituzte, jai egitarauan gehien espero den hitzorduetako bat hartzeko prestatutako gune batean.
Ohitura denez, Haurraren Eguna uztailaren 20an, astelehenean, ospatuko da, eta erabiltzaileek prezio bereziak izango dituzte. Atrakzioen kostua, gutxienez, ohiko prezioa baino %40 txikiagoa izango da; izan ere, barrakak esleitzeko irizpideetako bat, hain zuzen ere, egun horretarako ahalik eta preziorik txikiena eskaintzea izan da.
«Barrakak Barakaldoko familia askoren haurtzaroko oroitzapenen eta tradizioen parte dira. Adin guztientzako dibertsiorako gunea izaten jarraitzea nahi dugu, inguruan bizi direnen atsedenarekin eta bizikidetzarekin bateragarria», adierazi du Nerea Cantero Kultura zinegotziak.
ORDUTEGIAK ETA BIZIKIDETZA BULTZATZEKO NEURRIAK
Esparruaren funtzionamendu ordutegia 11:00etatik 01:00etara izango da, astelehenetik ostegunera; ostiral, larunbat, igande, jaiegun eta jai-bezperetan, berriz, atrakzioak 03:00ak arte egon ahal izango dira irekita.
Gainera, inpaktu akustikoa murrizteko neurriak mantentzen dira. Horrela, soinu emisioek ezingo dute 70 dezibelioa gainditu 24:00ak arte, eta muga 60 dezibelera murriztuko da gauerditik instalazioak itxi arte.








