- Euskalmetek tenperaturen gorakada berri bat aurreikusi du astebururako, bero bizia eta orokorra lurralde osoan.
- Tenperatura maximoak 38 ºC-ra irits daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean.
- Baso-sute arriskuagatik ere alerta laranja aktibatuko da Araban ostiralean eta larunbatean, 12:00etatik 20:00etara.
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du larunbat honetan, uztailaren 11n, muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, Euskadin bero biziko gertakari berri bat aurreikusten delako. Datozen egunetan, Euskadik aire-masa oso bero baten eraginpean jarraituko du. Asteburuari begira, tenperaturek gorakada berri bat izango dute; beroa bizia izango da eta lurralde osora zabalduko da.
Muturreko tenperatura altuengatiko alerta laranja larunbatean egongo da aktibo, 12:00etatik 20:00etara, Kantauri isurialdeko barnealdean. Euskalmeten arabera, tenperatura maximoak 38 ºC ingurukoak izan daitezke eremu horretan, eta litekeena da bertan erregistratzea gertakari honetako baliorik altuenak.
Era berean, larunbatean abisu horia egongo da aktibo muturreko tenperatura altuengatik kostaldean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 33 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 36 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 37 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Gainera, larunbat osoan abisu horia egongo da aktibo Euskadin tenperatura altu iraunkorrengatik. Tenperatura minimoak eta maximoak 20/33 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 18/38 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 17/36 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 19/37 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Euskalmetek ohartarazi du gauetan apenas freskatuko duela. Kostaldean, minimoak nekez jaitsiko dira 20 ºC-tik behera; barnealdean, berriz, 17-20 ºC ingurukoak izango dira. Litekeena da gaurik beroena larunbatetik iganderakoa izatea; izan ere, EAEko eremu gehienetan tenperatura minimoak 20 ºC-tik behera ez jaistea gerta daiteke.
BASO-SUTE ARRISKUA
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ere aktibatuko du baso-sute arriskuagatik Araban ostiralean, uztailaren 10ean, eta larunbatean, uztailaren 11n, 12:00etatik 20:00etara. Arriskua handia izango da tenperatura altuengatik eta uztarekin lotutako nekazaritza-lanak aldi berean egingo direlako.
Ostiralean, gainera, abisu horia egongo da aktibo baso-sute arriskuagatik Araban egun osoan. Larunbatean, baso-sute arriskuagatik abisu horia Gipuzkoara eta Arabara zabalduko da, egun osoan, tenperatura altuengatik.
ABISU HORIAK
Gaur, osteguna, uztailaren 9a, Euskalmetek abisu horia mantenduko du aktibo muturreko tenperatura altuengatik trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 19:00etara. Tenperatura maximoak 37 ºC ingurukoak izan daitezke Ebro ardatzean eta 35 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan. Kostaldean 27 ºC ingurukoak izan daitezke, eta Kantauri isurialdeko barnealdean 31 ºC ingurukoak.
Gainera, ostegun honetan abisu horia egongo da aktibo prezipitazio handiengatik, 17:00etatik 24:00etara. Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki barnealdean. Zaparradak ertainak eta trumoitsuak izan daitezke, tokian-tokian gogorrak, eta 2 eta 6 cm arteko txingorra eta 60 eta 100 km/h arteko haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan ditzakete lagun.
Ostegun honetan ere abisu horia egongo da aktibo baso-sute arriskuagatik Araban egun osoan, tenperatura altuengatik.
Ostiralean, uztailaren 10ean, berriro aktibatuko da abisu horia muturreko tenperatura altuengatik trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 19:00etara. Maximoak 36 ºC ingurukoak izan daitezke Ebro ardatzean eta 34 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan. Kostaldean 27 ºC ingurukoak izan daitezke, eta Kantauri isurialdeko barnealdean 30 ºC ingurukoak.
Egun horretan bertan, tenperatura altu iraunkorrengatik abisu horia aktibo egongo da egun osoan trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean. Tenperatura minimoak eta maximoak 17/34 ºC ingurukoak izan daitezke trantsizio-eremuan, eta 19/36 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Astelehenetik aurrera, baliteke hego-osagaiko haizeak indarra galtzea Kantauri isurialdean eta mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haize bihurtzea; beraz, eremu horretan tenperaturek behera egingo lukete. Aldiz, Mediterraneo isurialdean litekeena da tenperaturek altu jarraitzea eta datorren astearen hasieran 35 ºC-ak gainditzea.
GOMENDIO OROKORRAK
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetarako aurreikusitako tenperatura altuen aurrean eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitu edo arintzeko, Osasun Publikoko Zuzendaritzak Osasun Sailaren 2026ko Bero Planean jasotako autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du.
Beroaren aurrean aire zabalean babestea
- Saihestu eguzkitan egotea eguneko erdiko orduetan.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabetetik beherako haurtxoak.
- Erabili txapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, zabala eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, bereziki tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin ordubete baino gehiago irauten duten ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo konorte-galtzeak bezalako sintomak agertzen badira.
Etxea fresko mantentzea
- Mantendu leihoak eta pertsianak itxita bero handieneko orduetan.
- Aireztatu etxebizitza gauez, gelak freskatzeko.
- Freskatu dutxa edo bainu hotzekin, edo zapi hezeen bidez.
- Etxebizitza fresko mantentzea ezinezkoa bada, igaro egunean 2 eta 3 ordu artean klimatizatutako lekuetan, hala nola eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan ura eta likidoak maiz, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa, gatz mineralak berreskuratzeko.
- Saihestu otordu oparoak, koipetsuak edo astunak, beroari egokitzea zailtzen baitute.
Baso-suteak prebenitzea
- Saihestu sua piztea baso-eremuetan edo landarediatik gertu.
- Kontuz ibili bereziki nekazaritza-lanetan, batez ere eguneko erdiko orduetan.
- Ez bota zigarrokinik, pospolorik edo sutea eragin dezakeen bestelako elementurik.
- Deitu 112ra kea, sua edo arrisku-egoeraren bat ikusiz gero.
- Jarraitu une oro agintarien eta larrialdi-zerbitzuen jarraibideei.
Ekaitzen eta prezipitazio handien aurrean
- Saihestu beharrezkoak ez diren joan-etorriak intentsitate handieneko uneetan.
- Ez zeharkatu urpean dauden eremuak, ibilguak, lurpeko pasabideak edo ura pilatuta duten guneak.
- Kendu edo ziurtatu balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik eror daitezkeen objektuak.
- Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik eta haize-bolada gogorrek kaltetu ditzaketen egituretatik.
- Ekaitza izanez gero, saihestu eremu irekietan egotea eta urrundu elementu metalikoetatik.
Larrialdiren bat izanez gero, 112ra deitu behar da. Informazioa Euskalmeten eta SOS Deiak-en kanal ofizialen bidez eguneratuko da.








