- Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Juan Crisóstomo Arriaga omenduko du haren heriotzaren bigarren mendeurrenean, eta Gustav Mahler konpositorearen 5. Sinfonia interpretatuko du, Unai Urrechok zuzenduta.
- Musikenen ari da entseatzen orkestra, eta bost kontzertu eskainiko ditu uztailaren 12tik 16ra, Hondarribia, Azkoitia, Donostia, Bilbo eta Gasteizen.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak aurkeztu du 2026ko Udako Topaketa, orkestraren egutegi artistiko eta prestakuntzazkoaren hitzordu nagusienetakoa. Aurtengo edizioan berriro elkartuko dira Euskal Herriko musikari gazteak, exijentzia handiko egitarau sinfoniko baten inguruan; besteak beste, omenaldia egingo diote Juan Crisóstomo Arriagari, hil zenetik 200 urte betetzen diren honetan, eta errepertorio unibertsaleko obra garrantzitsuenetako bat eskainiko dute: Gustav Mahler konpositorearen 5. Sinfonia.
Dagoeneko hasi dute Udako Topaketa, uztailaren 6tik 11ra egingo dituzten entseguekin, eta bost kontzertuz osatutako bira batekin amaituko da; uztailaren 12tik 16ra egingo dituzte emanaldiok, Hondarribia, Azkoitia, Donostia, Bilbo eta Gasteizen.
Rubén Gimeno zuzendari artistikoaren esanetara, Unai Urrecho izango dute zuzendari gonbidatua; haren presentzia benetan garrantzitsua da orkestraren historiarako. EGOko musikari gazte izan zenetik hiru hamarkada igaro direnean, eta Europa, Amerika eta Asiako orkestra nagusienetako batzuetan tronboi-jotzaile gisa ibilbide sendoa egin ondoren, orkestrara itzuliko da Urrecho, zuzendari gonbidatu gisa.
Ana López Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrien zuzendariak nabarmendu duenez, “EGO Euskadin talentu gaztearekiko dugun konpromisoaren adierazpenik onenetakoa da. Proiektu honen bidez, gure herrialdeko musikariek beren prestakuntza osatzeko aukera dute, exigentzia artistiko handiko ingurune batean, nazioarteko ospe handiko profesionalekin batera eta haien garapen pertsonal eta profesionalerako funtsezkoa den esperientzia bat biziz”.
Halaber, Lopezek azpimarratu duenez, “Udako Topaketak erreferente bihurtu dira Euskal Herriko kultur panoraman, bikaintasuna, prestakuntza eta bokazio publikoa uztartzen dituztelako. Hainbat udalerritan egingo den birari esker, musika sinfonikoa herritarrengana hurbiltzen da eta kalitatezko kultura irisgarria eskaintzen laguntzen du; aldi berean, publiko belaunaldi berriek musika-ondare unibertsalaz gozatzeko aukera dute, eta gure historia kulturaleko ezinbesteko figura diren Juan Crisóstomo Arriaga bezalako sortzaileen ondarea balioan jartzen da. EGOren alde egitea gure gazteentzako aukerak sortzearen eta Euskadiko musikaren etorkizunaren alde egitea da”.
Juan Crisóstomo Arriagarekin abiaraziko da edizio honetako egitaraua; Arriaga funtsezko figura da euskal musikaren historian. 1806An jaio zen Bilbon, eta oso gazte hil zen, 1826an, Parisen. Obra gutxi utzi zituen Arriagak, baina heldutasun eta sentikortasun bikainekoak. EGOk Los esclavos felices oberturarekin ekarriko du gogora haren ondarea; 13 urte besterik ez zituenean idatzi zuen Arriagak konposizio hori, eta Bilbon estreinatu zen, 1820an.
Obra horrek esanahi berezia hartzen du 2026. urte honetan, konpositore bilbotarra hil zeneko bigarren mendeurrena betetzen baita. Era horretan, euskal musikaren figura honi egiten zaion aitortzarekin bat egin nahi izan du EGOk; Arriagaren musikak, hamarkada luzez ahaztuta egon ondoren, bere lekua du gaur egun Euskal Herriko kulturaren eta musikaren memorian. Gainera, orkestrak interpretatu duen Arriagaren lehenengo obra da; 1997an izan zen hori, Juanjo Mena maisu gasteiztarraren zuzendaritzapean.
Bi bertsio izango ditu egitarauak. Hondarribian eta Azkoitian, EGOk J. C. Arriagaren Los esclavos felices; Felix Mendelssohnen Konzertstücke (1 zk, Op. 113, eta 2 zk, Op. 114; Gustav Mahler 5. Sinfoniako Adagietto; eta Georges Bizeten Carmen obrako 1. Suitea interpretatuko ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak. Bi kontzertu horietan Silvia Ferro eta Oihan Espina solistek, klarinete-jotzaileek eta EGOko garai bateko kideek parte hartuko dute.
Donostian, Bilbon eta Gasteizen, egitarau sinfoniko hau eskainiko du orkestrak: Juan Crisóstomo Arriagaren ‘Los esclavos felices’ obertura eta Gustav Mahlerren 5. Sinfonia. Azkeneko obra hori errepertorio sinfonikoko konposiziorik ezagunenetakoa eta emozionalenetakoa da, eta adierazpide handiko ibilbidea proposatzen du, hileta-martxaren hasierako iluntasunetik amaierako mugimenduaren bizitasun argitsuraino; eta, tartean, ‘Adagietto’ obra ezaguna, musikaren historiako ezagun eta hunkigarrienetakoa.
Topaketaren prestakuntza-dimentsioa indartzeko, nazioarteko orkestra nabarmenenetako batzuekin lotutako musikariz osatutako irakasle-talde bikaina du orkestrak. Irakasle horietako batzuek lotura dute, besteak beste, Berliner Philharmoniker, Amsterdameko Royal Concertgebouw, London Symphony Orchestra, Leipzigeko Gewendhausorchester, Orchestre National de France eta Luxemburgoko Filarmónica orkestrekin. Horri esker, musikari gazteek aukera izango dute egun batzuetan maila goreneko erreferente profesionalekin lan egiteko, nazioarteko estandarretatik oso hurbil dagoen orkestra-praktika batekin.
German Ormazabal EGO orkestraren Koordinatzaile Nagusiak azpimarratu du Udako Topaketa hauek oso garrantzitsuak direla alderdi artistikoari zein pedagogikoari dagokienez. “Topaketa hauek EGOk izan nahi duenaren adierazpiderik argienetakoa dira: ikaskuntza zorrotzerako, musika-bizikidetzarako eta orkestra-praktikarekin benetako kontaktua izateko espazioa, alegia. Egun hauetan, musikari gazteek, maila artistiko handiko egitaraua prestatzeaz gain, maila goreneko profesionalekin batera lan egingo dute, eta orkestraren historiaren parte izan diren pertsonekin igoko dira agertokira. Prestakuntza, esperientzia eta belaunaldi arteko harremana uztartzen dituen konbinazio hori da proiektu honi zentzua ematen diona”.
EGOren topaketak ikaskuntza, bizikidetza eta orkestra-praktikako esperientzia intentsiboa dira. Hainbat egunez, EGOko gazteek lantalde artistikoarekin batera jardungo dute lanean, ondoren, hainbat auditorio eta udalerritan aurkeztuko duten egitaraua prestatzeko. Prestakuntza, exijentzia artistikoa eta agertokiarekiko zuzeneko kontaktua batzen dituen konbinazio horri esker, EGO gazteen musika-talentua garatzeko tresna estrategikoa da.
Gainera, 2026ko edizioak orkestraren lurralde-bokazioa indartzen jarraitzen du. Orain egingo diren kontzertu hauei esker, hainbat lurraldetako entzuleengana eramango da EGOren lana; hala, Hondarribia, Azkoitia, Donostia, Bilbo eta Gasteizen izango dira emanaldiak.
Lurralde-irismen hori are gehiago indartzeko aukera ematen du BBK, KUTXA eta VITAL Fundazioen kolaborazioak, EGOren jarduera publiko ezberdinei hurbiltzen jarraitzeko.








