Segurtasun Sailak onartezintzat jotzen du Donosti Cup-en arbitro batek ertzain izateagatik jasan duen jazarpena

0

Donosti Cup-eko partida batean, epaile batek eskoltatuta irten behar izan du Zubietako zelaitik ertzain izateagatik jazarri eta mehatxatu dutelako.

Gaur arratsaldean jokatutako neurketan, epaileak, zelaiko ordezkariarekin kontsultatu ondoren, denbora agortu baino lehen partida amaitutzat emateko beharra ikusi du bi taldeetako jokalarien jokoa bortitzegia izaten ari zela iritzita. Partida amaitu baino minutu batzuk lehenago, epaileak txartel gorria erakutsi dio partida jokatzen ari zen talde gipuzkoarreko jokalari bati. Ondorioz, jokalari titularrek eta aulkian zeudenek epailea  inguratu eta zarataka hasi zaizkio.  Biktimak, bere burua inguratuta ikusi duenean, besoa altxatu du gutxieneko distantzia gordetzeko eskatuz, eta, horren ondorioz, ikusleen zati batek zelaia inbaditu du, jokalarien jazarpenarekin bat eginez. Segurtasun-langileek biktima babestu behar izan dute, aldagelaraino eraman eta babestu ahal izateko.

Behin eremu seguruan, biktimak «arbitro zipayo», «zipayo hijo de puta», «puto zipayo» edo «txakurrak» bezalako irainak jasan ditu, baita Ertzaintzaren aurkako kantak ere.

Gertakarien tokira Ertzaintzako hainbat errekurtso hurbildu dira, eta biktima handik atera eta alde egiten lagundu diote.

Segurtasun Sailak gogor gaitzetsi nahi du Donostian gertatutakoa, eta elkartasuna adierazi nahi dio gaurko partidako publikoaren eta jokalarien jazarpenaren eta irainen biktima izan den agenteari. Gertakari onartezinak dira, bizikidetzaren aurka zuzenean egiten dutenak. Segurtasun Sailak, gainera, euskal gizarteari eskatu nahi dio iraganeko garaiak gogorarazten dituzten jokabide horiek ez onartzeko. Halaber, Segurtasun Sailak elkartasuna adierazi nahi die gizarte bidezkoago baten alde lan egiten duten ertzain guztiei.