Hondarribiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, azken hilabeteotan udalerrian izandako hiru motozikleten lapurretaren harira abiatutako ikerketak aurrerapauso garrantzitsua eman du, Irungo Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin izandako koordinazio estuari eta etengabeko informazio-trukeari esker.
Polizia-kidegoen arteko koordinazio-bileretan Hondarribiko Udaltzaingoak ikerketan bildutako informazioa partekatu zuen, inguruko udalerrietan -tartean Irunen- gertatutako motozikleten lapurretekin antzekotasunak atzeman ondoren.
Elkarlan horri esker, joan den ostiral gauean Irungo Udaltzaingoak hiru adingabe atxilotu zituen Irunen, ustez motozikleta bat lapurtzen saiatzen ari zirela. Lehen egiaztapenen arabera, atxilotutako adingabeetako bat bat dator Hondarribiko Udaltzaingoak udalerrian izandako lapurreten ikerketan identifikatutako pertsonetako batekin.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Hondarribiko Udaltzaingoak, Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean dihardute gertakari guztiak argitzeko. Atxilotuek antzeko beste delitu batzuetan izan dezaketen inplikazioa zehaztu eta, hala badagokio, auziarekin lotura izan dezaketen beste pertsona batzuk identifikatzeko lanean ari dira.
Hondarribiko Udaltzaingoak bereziki azpimarratu nahi du segurtasun-indarren arteko koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia. Informazioa partekatzeak eta elkarlanean jarduteak ikerketen eraginkortasuna areagotzen dute, eta herritarren segurtasuna indartzeko funtsezko tresnak dira. “Mugaren inguruko eremu honetan, udalerrien arteko eta erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman estua duen lurralde batean, informazioa partekatzeko eta jardunak koordinatzeko gaitasuna tresna garrantzitsua da delituen aurkako lanean, mugaz gaindiko errealitateari erantzun eraginkorragoa emateko”, adierazi du Iñaki Vielba Hondarribiko Udaltzain buruak.
Ikerketa oraindik martxan dagoenez, eta auzian adingabeak tartean daudenez, ez da informazio gehiagorik emango eginbideek horretarako aukera eman arte.








