Lanak Europako Next Generation funtsetatik finantziatu dira, landatutako basoak naturalizatzeko eta egonkortzeko asmoz, eta guztira 10.505,00 euroko (BEZ barne) kostua izan du.
Jarduerak, Jaitzubia auzoko Arriurdiñeta eta Egitxiki inguruan egin dira – goiko eta erdiko pisten artean-, 2002an Japoniako gaztainondoz birlandatutako eremuan. Garai hartan, espezie hori sartzeak otadien hedapena kontrolatzeko eta basoko erregaiaren jarraitutasuna murrizteko beharrari erantzun zion, era horretara sute-arriskua murriztu eta mendiaren kudeaketa hobetzea ekarri zuen.
Amezti eta artelatza berreskuratzea
Bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren, hasierako helburu haiek bete egin direla uste du Aldundiak. Alabaina, landaketaren bilakaerak agerian utzi du Japoniako gaztainondoaren presentzia nagusiak bertako espezieen garapen naturala oztopatzen duela, inguruko aniztasun ekologikoa mugatuz.
Hori dela-eta, gaur egun martxan dauden lanen xedea ingurumena lehengoratzea da, basoaren naturaltasuna handitzea eta Jaizkibelgo ekosistema bereizgarriak leheneratzea. Ondorioz, helburu nagusia, bigarren fase honetan, ameztia berreskuratzea da, hau da, Jaizkibelgo elementu ekologiko berezi eta baliotsuenetako bat den ameztia (Quercus pyrenaica) nagusi den baso-formazioa. Habitat honek garrantzia handia du, horregatik izendatu baitzen Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE), Natura 2000 Sarearen barruan; eta bere azalera potentziala %75eako baita. Gaur egun, tamalez, ameztiak Jaizkibeleko eremu babestuaren %6 baino ez du hartzen.
Bestalde, Egitxiki inguruan 500 metro koadroko azaleran artelatza (Quercus suber) birlandaketa bultzatuko da, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan izendatutako babestutako flora espezie baita.
Baso-lanak
Bi ekintza nagusi egin dira. Alde batetik, bakanketa mozketa edota eraztunketaren bidez, batez ere bertako landaretza ikusten den lekuetan. Bestetik, soilguneak sortu dira bertako espezieak ez dauden eremuetan, argia sar dadin eta bertako espeziez soilgunetan landatzeko. Lan guztiak Aldundiko basozainek ikuskatuak eta kontrolatuak egin dira.
Landaketak neguan
Jarduketa ez da bukatuko egun buru diren bakantze lanekin. Aldundiak datorren neguan prozesua osatzea aurreikusten du, aipatutako amezti eta artelatzak landatuz.
Bi espezie nagusiez gain, bertako landaretza osagarriez birlandatuko dira, fruitu txikiak ematen dituzten landaretzak bultzatuz; hala nola otsalizarra, basagurbea, gurbitza, elorri beltza, elorri zuria edo hurritza. Horiek neguan eta udazkenean elikagai ezin hobea baitira hegaztientzat.








