Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak amaiera eman dio gaur goizean «Basque Segurtasun Foroa. Segurtasun integrala eta komunitatea” izeneko udako ikastaroari. Imanol Pradales Lehendakariak eman zion hasiera atzo eta gaur Donostiako Miramar Jauregian egin den ikastaroari. Zupiria arduratu da Segurtasun Sailak «Euskadiko 2026-2030 Segurtasun Integraleko Plan Orokorrerako» duen planteamendua azaltzeaz. «Basque Segurtasun Forotik plan orokorrera. Herritarren parte-hartzetik politika publikora» izeneko hitzaldian Zupiriak Segurtasun Sailak garatutako prozesua azaldu du. Prozesu horretan, Basque Segurtasun Foroaren bidez, erakunde, elkarte eta herritarren ordezkariekin segurtasunaren eta etorkizuneko erronken inguruko kezkak partekatu dira, betiere ikuspegi integral batetik.
Segurtasun sailburuak gogorarazi duenez, Basque Segurtasun Foroaren 30 bilera baino gehiagotan jasotako hausnarketak sailak urtea amaitu baino lehen aurkeztuko duen 2026-2030 Segurtasun Integraleko Plana garatzeko diagnostiko gisa erabiliko dira. Dokumentu berri horrek ezarriko ditu 2026-2030 aldian Euskadin segurtasun-politika publikoak bideratuko dituzten lehentasunak, helburuak eta jarduera-ildoak.
Udako ikastaroa
Segurtasun Sailak EHUko ikastaro bat antolatuz eman dio amaiera Basque Segurtasun Foroari. Bi egunetan zehar hainbat adituk parte hartu dute, eta zibersegurtasuna, herritarren segurtasuna, arrisku klimatikoak, adikzioak, erresilientzia emozionala… bezalako gaiak jorratu dituzte.
Bi egunez 130 lagun baino gehiagok parte hartu dute «»Basque Segurtasun Foroa. Segurtasun integrala eta komunitatea” udako ikastaroan. Foroan 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute.







