Abuztuaren 22tik 30era bitartean Aste Nagusiaren beste edizio bat bizitzeko ez da askorik falta eta, beste behin ere, Bilbok jai parte-hartzaileen eta irisgarrien aldeko apustua egin du. «JAIETAN GOZATU ZUK ERE!» lelopean, Udalak inklusioa eta aukera-berdintasuna jarri ditu jaietako programazioaren erdigunean.
Irisgarritasun unibertsala presente egongo da Aste Nagusiko espazioetan, musika-agertokietan, antzerki-ikuskizunetan eta umeen jardueretan, besteak beste; horrela, edozein pertsonak, bere adina edo gaitasunak edozein direla ere, programazioan modu aktiboan parte hartu ahal izatea ahalbidetuko da. Aurten, berriro ere arreta berezia jarri da haurtzaroan eta familietan, jai-jardueretan parte-hartze erosoa, segurua eta errespetuzkoa sustatzen duten ekimenekin.
TXIKIGUNEA
Adibide esanguratsuenetako bat Txikigunea da, Casilda Iturrizar parkean abuztuaren 23tik 30ra egongo den umeentzako espazioa. Irisgarritasuna errazteko, funtsezko elementua baita haur guztiek aukera-berdintasunean parte hartzeko, gozatzeko eta garatzeko duten eskubidea bermatzeko, Aste Nagusiko haur-parkeak, beste urte batez, dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako hainbat ekintza abiaraziko ditu. Era berean, begiraleek desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko prestakuntza dute.
Premia bereziak dauzkaten pertsonek lehentasunezko sarbide-txartela izango dute, informazio-etxolan eskatu behar dena. Puntu horretan bertan, zeinu-hizkuntzako interpreteari buruz galde daiteke, eta hura eskuragarri egongo da behar duten familientzat.
Haur parkera hurbiltzen diren pertsona guztiek Aste Nagusiko bi pertsonaia sinbolikoz gozatzeko aukera izan dezaten, neurriak hartuko dira: Gargantuak arrapala bat dauka mugikortasun urriko umeentzat, eta Marijaiaren tamaina txikiko erreprodukzio berezia izango da, ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Horiengan pentsatuz, informazioa irakurketa errazeko formatuan egongo da eskuragarri eta informazio hori QR kodeen bidez ere eskuratu ahal izango da.
Gainera, Txikiguneak soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarteak izango ditu espektro autistaren nahasmendua (AEN) duten pertsonentzat. Abuztuaren 25ean (martitzena), 16:30etik 20:00etara, eta abuztuaren 20an (eguaztena), 11:00etatik 14:30era izango dira tarteak. Ordu horietan giroa lasaiagoa izango da eta espazioaz erosoago gozatu ahal izango da.
Haurrentzako guneak lurzoru bereziak izango ditu ura edo lursail irregularra duten jarduera batzuetan, eta Txu-Txu trenean sartzeko arrapala eta haur-orgak eramateko espazioa egongo da.
Inklusioa Casilda Iturrizar parkeko pergolan familientzako kale-antzerkiko saioetan ere ikusgai jarriko da. Zehatz esateko, abuztuaren 23rako, 26rako eta 30erako programatutako emanaldiek zeinu-hizkuntzaren interpretazio-zerbitzua izango dute. Gainerako saioetan, berriz, hitzezko testu gutxi sartuko da.
Bestalde, Bizikidetasun plazako ikuskizunetan ere zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da: AL TRAN TRANen “Los trovadores urbanos” ikuskizunean, abuztuaren 23an, 21:15ean; eta BOT PROJECTen “Collage 2024” ikuskizunean, abuztuaren 24an, 21:15ean.
Antzerki-programa irisgarritasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da eta, horregatik, pieza askok oso testu gutxi izango dute.
Era berean, Aste Nagusiko kale-antzerkiko bi agertokiek desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako espazio bat izango dute, irisgarritasun unibertsalaren ikonoarekin behar bezala seinaleztatua.
ERRESERBATUTAKO ESPAZIOA BALEAREN DESFILEAN
Jaietan familientzako beste jarduera adierazgarri batzuek ere irisgarritasun-neurriak izango dituzte. Horixe da Balearen Desfilearen kasua, umeek eta familiek gehien espero duten uneetako bat. Berriro ere bidearen zati espezifiko bat erreserbatuko da –Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean– desgaitasuna daukaten adingabeentzat. Irisgarritasunaren sinbolo unibertsalarekin erreserbatutako, mugatutako eta seinaleztatutako eremua izango da. Udalak garaiz joatea gomendatzen du, sarbidea eta kokapena errazteko.
Adingabeen erreferentziazko beste espazio bati dagokionez, Etxebarria parkeko jai-eremua, ahalik eta espaziorik inklusiboena izango da.Horretarako, soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarte batzuk ezarri dira, autistek barrakez gozatu ahal izan dezaten inolako kalterik gabe. Horrela, bada, abuztuaren 23an, 26an eta 28an, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.
PERTSONA GUZTIENTZAKO PREGOIA
Aste Nagusiaren hasiera pertsona guztien gozamenerako diseinatuta dago; horregatik, Onintza Enbeita bertsolariak Arriaga Antzokiko balkoitik irakurriko duen Pregoiak zeinu-hizkuntzako interpretea izango du.
Musika ere irisgarria izango da. Abandoibarran, Enkarnazio elizan, Europa Parkean eta Evaristo Churruca kaian (saskibaloi-kantxak) programatutako kontzertuetan, desgaitasuna daukaten pertsonentzat erreserbatutako eta behar bezala seinaleztatutako guneak prestatuko dira.
Gainera, aurretik ere egin izan den moduan, Bilboko Udalak komun egokituak instalatuko ditu jai-esparruko hainbat puntutan.
Programazioaren zabalkundeari dagokionez, Bilboko Udalak kartela eta programa ofiziala Braillez editatu ditu berriz ere ikusteko zailtasunak dauzkaten pertsonentzat, eta eskuragarri daude Herritarrentzako Arreta Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Pérez Galdós 11), informazio turistikoko guneetan (Plaza Biribila eta Guggenheim Bilbao Museoa), Txikigunean eta Abandoko (Barrainkua) eta Zazpi Kaleetako (La Bolsa eraikina) udaltegietan.
«Aste Nagusia 2026» aplikazio mugikor ofiziala ere irakurketa errazeko arauen arabera diseinatu da. Aplikazio hori ulermen-zailtasunak dauzkaten pertsonei egokituta dago eta jai-ekitaldi guztiak jasotzen ditu, bai eta eskuragarri dauden irisgarritasun-neurriak ere. Neurri horiek erraz antzemateko moduko piktogramen bidez adierazita egongo direnak.






