- Topaketak hiru lan-eremutan oinarrituko dira: egoera ekonomikoaren eta hazkunderako eta enplegurako etorkizuneko aukeren ebaluazioa; euskal autogobernua indartzea eta zabaltzea; eta lankidetza publiko-pribaturako proposamenak aurkeztea hainbat eremutan
- “Topaketa horien helburua izango da legegintzaldiaren bigarren zatiari elkarrizketaren bitartez eta akordioak bilatuz aurre egitea, gatazka antzuetatik urrunduz eta parte hartzeko eta negoziaziorako espazio berriak bultzatuz” esan du
- Imanol Pradalesek Ceutako krisi humanitarioari eraginkortasunez eta gizatasunez erantzuteko deia egin du
Imanol Pradales Lehendakariak gaur goizean jakitera eman du lan-topaketak deituko dituela iraileko lehen hamabostaldian Euskadiko eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin, Euskadiko egungo egoera elkarrekin ebaluatzeko, euskal gizartearen beharrei eta kezkei erantzuna emateko eta etorkizunera begira planteatzen diren erronkei nola erantzun ikusteko.
“Eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin egingo diren topaketa horien helburua izango da legegintzaldiaren bigarren zatiari elkarrizketaren bitartez eta akordioak bilatuz aurre egitea, euskal herritarrei batere mesederik egiten ez dieten gatazka antzuetatik urrunduz eta parte hartzeko eta negoziaziorako espazio berriak bultzatuz” esan du Lehendakariak.
Imanol Pradalesek urtero abuztuaren amaieran Miramar Jauregian urte politikoari hasiera emateko egiten den Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren egin ditu adierazpen horiek. Lehendakariak elkarrizketarako eta elkar ulertzeko deia egin du bere hitzaldian, jakinda ez dela “nolanahiko urte politikoa izango”, hainbat arrazoirengatik, besteak beste, nazioarteko ziurgabetasunagatik, datorren urtean hainbat hauteskunde-deialdi izango direlako eta une hauetan Ceutan bizi den migrazio-krisiak markatzen duen egungo egoeragatik. Era berean, Lehendakariak dolumin-hitzak izan ditu Nepalen eta Tibeten gertatzen ari den tragediaren biktimen senide eta hurbilekoentzat
Gainera, Lehendakariak azpimarratu du gaur abiatuko den urte politikoa berezia izango dela, Agirre lehendakariaren Gobernuaren 90. urteurrena ospatzen delako eta haren legatuak bizirik jarraitzen duelako gai garrantzitsuetan, hala nola pertsona guztien duintasuna erdigunean jartzean, desberdin pentsatzen dutenak kausa beraren alde elkartzean, bakea eta elkarbizitza gauza guztien gainetik sustatzean edo demokrazia, askatasuna eta gizarte-justizia garairik zailenetan ere defendatzean.
Hiru lan-eremu
Euskadiko ordezkari politiko, ekonomiko eta sozialekin egingo diren topaketak hiru lan-eremutan oinarrituko dira: egoera ekonomikoaren eta hazkunderako eta enplegurako etorkizuneko aukeren ebaluazioa; euskal autogobernua indartzea eta zabaltzea; eta Eusko Jaurlaritza etxebizitzaren, industriaren, ekonomiaren edo euskararen arloan dagoeneko lantzen ari den lankidetza publiko-pribaturako proposamenak aurkeztea.
Egoera ekonomikoaren eta hazkunderako eta enplegurako etorkizuneko aukeren ebaluazioari dagokionez, Imanol Pradalesek hanbat gai jorratuko ditu Euskadiko eragile, politiko, ekonomiko eta sozialekin, hala nola aukera ekonomikoak eguneratzea, inflazioaren eraginaren bilakaera eta horrek herritarren poltsikoetan duen eragina edo Industria Babesteko Taldeak hartutako neurrien balorazioa eta Lehen Sektoreari laguntzea besteak beste. Halaber, 2027ko aurrekontu-proiektuak markatuko dituen jarraibide orokorrak zein diren ere partekatuko du.
Euskal autogobernua indartzeko eta zabaltzeko esparruan, lehendakariak azaldu du akordioaren bidez oposizioa batzeko lan egingo dela Euskadiren araugintza-gaitasunak zabaltzeko edo berritzeko funtsezkoa izango den legegintza-urtean, hamahiru gai desberdinetan, besteak beste, Atzerriko Euskal Komunitatean, Unibertsitate Sisteman, Merkataritza Jardueran, Turismoan, Gazterian edo Justizia Leheneratzailean. Halaber, eragile politiko, ekonomiko eta sozialei zuzenean emango die Gernikako Estatutua erabat garatzeko falta diren eskumenak eskualdatzeko negoziazioen egoeraren berri.
Azkenik, Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritza dagoeneko lantzen ari den lankidetza publiko-pribaturako proposamen batzuk partekatuko ditu, hala nola Etxebizitzen Gizarte Funtsa bultzatzea, horren bidez arinago eraiki ahal izateko babes publikoko etxebizitza gehiago.
Ceutako krisia
Lehendakariak deitoratu du Ceutan sortutako migrazio-krisiaren aurrean ez dela elkar ulertzeko ahalegin hori egin, guztiz alderantziz baizik. “Ceutan ikusi dugun drama humanitarioaren aurrean sortu den etengabeko konfrontazio politikoak muga guztiak gainditu ditu. Galdera da: Tragediek etekin politikoa ateratzeko balio dute? Dozenaka pertsona hil direnean ere bai?”, hausnartu du, eta erantsi du Ceutakoa bezalako krisi baten aurrean bide bakarra egon beharko litzatekeela: “eraginkortasunez eta gizatasunez erantzutea”. “Hau da, gardentasuna, batasuna, lankidetza eta jardun azkarra. Zoritxarrez, guztiz kontrakoa ikusten ari gara. Europa ez dago, Gobernuak ez du eraginkortasunez erantzun eta oposizioa ez da egoerak eskatzen duen mailan jarduten ari”, deitoratu du.
Alde horretatik, Imanol Pradalesen ustez, “ezinbestekoa” da Espainian harreman politikoak erabat aldatzea; izan ere, azpimarratu du, politika etengabe tirabirak eta polarizazioa sortzeko erabiltzen denean edo aurkariari “eta zuk gehiago” leporatzeko erabiltzen denean, demokrazia ahuldu egiten da, mesfidantza elikatzen da eta “ezer ez da aldatuko” uste duten herritarren kopurua handitzen da. Horregatik, gogorarazi du politikan gizalegez aritzeko itunak, bere agintealdiaren hasieran proposatutakoak, beharrezkoa izaten jarraitzen duela “gure herrian demokrazia indartzen, sakontzen eta hobetzen jarraitzeko”.








