Euskadiko landa-inguruneko herriak eta zerbitzuak hobetzeko 10 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak

0
  • EREIN 2026 programak udalen eta tokiko beste erakunde batzuen proiektuak babestuko ditu, landa-eremuetako azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak sortu edo hobetzeko.
  • Laguntzei esker, oinarrizko zerbitzuen, irisgarritasunaren, turismoaren, kulturaren, kirolaren eta energia-eraginkortasunaren arloko lanak bultzatu ahal izango dira, baita landa-guneak berreskuratzekoak ere.

Eusko Jaurlaritzak 10.170.072 euro bideratuko ditu EREIN 2026 programara, Euskadiko landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektuak babesteko. Programaren bidez, herriak leheneratzen, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzen, oinarrizko zerbitzuak hobetzen eta lurralde-kohesioa indartzen lagunduko duten azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak sortu, hobetu edo handitzeko proiektuak finantzatuko dira.

Laguntzak, batez ere, udalei eta tokiko beste erakunde batzuei zuzenduko zaizkie, baita haien mendeko sektore publiko instituzionalari ere, eta, tokiko erakundeekin elkarlanean garatutako zenbait proiektutan, Landa Garapeneko Elkarteei ere bai. Programa Euskadiko landa-eremu guztietan aplikatuko da, eta lehentasuna emango zaie zaurgarritasun-maila handiena duten eremuei.

Laguntza jaso ahal izango duten lanen artean ur-hornidurako eta saneamenduko azpiegiturak eta energia-hornidurakoak daude, baita energia aurreztera eta energia berriztagarriak erabiltzera bideratutako proiektuak ere. Landa-turismoarekin lotutako ekimenak ere finantzatu ahal izango dira, hala nola interpretazio-zentroak, museoak, turismo-bulegoak, homologatutako ibilbideak edo autokarabanentzako eremuak.

Era berean, EREIN programaren bidez landa-guneetako ingurunea eta espazioak hobetu ahal izango dira, irisgarritasunaren, argiztapenaren, lorategien eta hiri-altzarien arloko lanen bidez. Horrez gain, biztanleentzat bereziki garrantzitsuak diren zerbitzuak bultzatuko dira, hala nola eguneko zentroak eta adinekoentzako egoitzak, haurrentzako zentroak, farmaziak, botikinak eta osasun-zentroak. Programak, halaber, kultur ekipamenduak, liburutegiak, erabilera anitzeko aretoak, kirol-instalazioak eta aisialdirako guneak hartzen ditu barne, baita ekipamendu komunitarioetara eta industrialde txikietara iristeko irisgarritasuna hobetzeko lanak ere.

Deialdiak 10,17 milioi euroko zuzkidura izango du guztira. Horietatik, 1,25 milioi euro Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatuko ditu, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzaren berezko finantzaketari dagokio, NPBren Plan Estrategikoaren esparruan. Zuzkidura %40raino handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero.

Laguntzen intentsitatea proiektu bakoitzaren balorazioaren arabera zehaztuko da, eta inbertsioaren %80ra iritsi ahal izango da, gehienez 300.000 euro proiektu bakoitzeko. Lanen lehentasuna zehazteko, bereziki kontuan hartuko da eremuaren zaurgarritasun-maila, baita proiektuaren bideragarritasuna, ingurumenarekiko konpromisoa, lurraldearen beharretara egokitzea, irizpide demografikoa eta erakunde sustatzailearen gaitasuna ere.

Horrela, EREIN programaren helburua inbertsio publikoak zuzenean laguntzea da Euskadiko herriek eta landa-guneek zerbitzu hobeak, espazio irisgarriagoak eta biztanleriaren beharrei erantzuteko ekipamendu egokiak izan ditzaten. Aldi berean, landa-inguruneko jarduera ekonomikoa eta bertan biztanleria mantentzea sustatu nahi da.