Eusko Jaurlaritzak 17,3 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko musika-irakaskuntzak finantzatzeko

0
  • Hezkuntza Sailak 14,45 milioi euro bideratuko ditu udal-titulartasuneko musika-eskoletara eta kontserbatorioetara, eta 2,895 milioi euro titulartasun pribatuko ikastegietara.
  • Laguntzek 2025-2026 ikasturteko musika-irakaskuntzarekin lotutako langile-, funtzionamendu- eta ekipamendu-gastuak finantzatzen lagunduko dute.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Euskadiko musika-irakaskuntzak finantzatzen laguntzeko bi dirulaguntza-deialdi, guztira 17.345.000 euroko zuzkidurarekin.

Zenbateko horren zatirik handiena, 14.450.000 euro, udal-titulartasuneko musika-ikastegietara bideratuko da. Deialdiak barne hartzen ditu musika-eskolak, irakaskuntza ez-arautua eskaintzen dutenak, eta udal-kontserbatorioak, musikako oinarrizko irakaskuntza arautuak eta ikasketa profesionalak ematen dituztenak.

Bestalde, 2.895.000 euro titulartasun pribatuko ikastegietara bideratuko dira. Zenbateko horretatik, 2,5 milioi euro beren aurrekontuaren % 25eko edo hortik gorako udal-finantzaketa duten musika-eskola pribatuentzako lerro batera bideratuko dira; gainerako 395.000 euroak, berriz, % 25etik beherako udal-finantzaketa duten edo udal-finantzaketarik ez duten eskola pribatuentzako eta Musikako Zentro Baimendu Profesionalentzako bigarren lerro batera.

Bi deialdien helburua 2025-2026 ikasturteari dagozkion kostuak finantzatzen laguntzea da. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak, funtzionamendu-gastuak eta ekipamendu-gastuak, betiere musika-irakaskuntzarekin zuzenean lotuta badaude.

Musika-irakaskuntza arautua eta ez-arautua

Laguntzek musika-irakaskuntzaren modalitate desberdinak hartzen dituzte barne. Kontserbatorioek eta baimendutako musika-zentro profesionalek irakaskuntza arautua eskaintzen dute; musika-eskolek, berriz, irakaskuntza ez-arautua. Musika-eskolen helburua da musikan eta sustrai tradizionaleko dantzan prestakuntza praktikoa eskaintzea, eta nahi duten pertsonak ikasketa profesionaletara bideratzea eta horietarako prestatzea.

Musika-irakaskuntzak arte-irakaskuntzen erreferente nagusia dira Euskadin, eta gizartean errotze handia dute. Bereziki, udal-titulartasuneko musika-eskolak erreferente bihurtu dira herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuagatik eta duten garrantzi kultural eta sozialagatik. Deialdi horien bidez, Hezkuntza Sailak musika-irakaskuntzen lurralde-banaketa orekatua sustatzen ere laguntzen du, baita eskaintzen diren mailen eta espezialitateen arteko oreka ere.

650.000 euro gehiago udal-titulartasuneko ikastegietarako

Udal-titulartasuneko ikastegien kasuan, aurtengo deialdiak 14,45 milioi euroko zuzkidura izango du, aurreko urtean baino 650.000 euro gehiago, % 4,71eko igoerarekin. Igoera horri esker, laguntzak kalkulatzeko erabiltzen diren modulu ekonomikoak eguneratu ahal izango dira.

Ikastegi horien finantzaketa Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean ezarritako ereduari erantzuten dio. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitzen dio udal-titulartasuneko musika-ikastegiek eskaintzen dituzten zerbitzuen estandarraren heren bat finantzatzea. Erakundeen arteko erantzunkidetasunean oinarritutako eredua da, zerbitzu horien jasangarritasuna bultzatzeko eta toki-erakundeekin lankidetzan garatzeko.

Zerbitzuen estandarraren eta hari lotutako modulu ekonomikoen definizioa Hezkuntza Sailak eta EUDELek, ikastegi horien titular diren toki-erakundeen ordezkari gisa, egindako lanaren eta lortutako adostasunaren emaitza da. Laguntzak zehazteko, zerbitzuen estandarrari eta matrikulatutako ikasleei lotutako modulu ekonomiko horiek erabiltzen dira.

Bi deialdiak Hezkuntza Sailaren 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatzen dira. Plan horrek bere jarduera-ildoen artean jasotzen du musika-irakaskuntza arautuak eta ez-arautuak finantzatzen jarraitzea.