Eusko Jaurlaritzak 36 beka deitu ditu karrera judizialean eta fiskalean eta Justizia Administrazioko abokatuen kidegoan sartzeko

0
  • Bekek urteko 7.332 euroko zuzkidura dute, joan den urtean baino 732 euro gehiago, eta oposiziogileen prestakuntza-gastuak ordaintzen laguntzea dute helburu

Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez, karrera judizial eta fiskalerako eta Justizia Administrazioko abokatuen kidegorako oposizioak prestatu nahi dituztenentzako dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. 264.000 euroko zuzkidurarekin, 36 beka finantzatuko dira 2027an, prestakuntza-gastuei aurre egiteko eta lanbide horietan sartzea errazteko.

Deialdia zuzenbidean lizentziatutako edo graduatutako pertsonei zuzentzen zaie, lanbide judizialetan sartzea eragotz dezaketen oztopo ekonomikoak murrizteko helburuarekin eta karrera judizialean eta fiskalean eta Justizia Administrazioko abokatuen kidegoan benetako berdintasun, merezimendu eta gaitasuneko baldintzetan sartzea laguntzeko helburuarekin, izangaien egoera ekonomikoa edozein izanik ere.

Programak 264.000 euroko zuzkidura du, eta urtean 7.332 euroko 36 beka eskaintzen ditu, hileko 611 eurotan banatuta, oposizioen prestaketak eragiten dituen gastuei aurre egin dakien. Horrela, zenbateko indibiduala 732 eurotan handituko da, 2026ko deialdiarekin alderatuta, urte horretan laguntzak 6.600 eurokoak baitziren.

40 beka izatetik 36 beka izatera pasa da, aurreko deialdietan erregistratutako benetako eskariari erantzute aldera. Horri esker, laguntzen zenbateko indibiduala indartu daiteke, eskura dauden baliabideak optimizatuta eta oposiziogileentzako laguntza ekonomikoa handituta.

Laguntzak oposizioen prestakuntzarekin lotzen diren gastuak ordaintzeko dira, besteak beste, zentro espezializatuekin edo prestatzaileekin, material didaktikoarekin, joan-etorriekin, ostatuarekin edo mantenuarekin lotzen direnak.

Laguntza-ildo horren bidez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak aukera-berdintasuna bultzatu nahi du, eta egoera ekonomikoa lanbide juridikoetara iristeko oztopo izan dadin saihestu nahi du, eta, aldi berean, Justizia Administrazioan profesional kualifikatuak sar daitezen lagundu.

Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta eskaerak modu elektronikoan soilik tramitatu ahal izango dira.