Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, gaur Iruñean “Herria, desira leku” kanpainaren fase berri bat aurkeztu du, izen bereko argazki-erakusketaren amaierarekin batera. Azken hilabete hauetan Nafarroako hainbat herri zeharkatu dituen erakusketa horrek balioa ematen die herriek bizitza-eremu gisa duten botereari eta Foru Komunitateko landa-eremuetan bizitza- zein lan-proiektu berritzaileak garatzeko aukera eta etorkizunari.
Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak azpimarratu du “Herria, desira leku” kanpainaren fase berri horrek helburu duela “hitza ematea gure herrietan bizi direnei, lan egiten dutenei eta ekintzailetza-proiektuak egiten dituztenei edo gure herriekin lotura dutenei, lege aitzindari bat sortzeko, lurraldearen benetako premiei erantzungo diena nafar guztien eskutik, bereziki, landa-inguruan bizi direnen edo han proiektuak egiten dituztenen eskutik”.
“Kanpainak lagundu egiten du landa-herrien hautematea eraldatzen, bertako kide izatearen sentimendua sendotzen eta herriak bizitza-, lan- eta komunitate-proiektuak garatzeko toki gisa aldarrikatzen”, esan du zuzendari nagusiak. Halaber, azaldu du ekintza horrek herritarren-partaidetzan jartzen dutela arreta, zeina funtsezko elementutzat duten, Nafarroako landa-ingurunearen etorkizuna markatuko duten politika publikoak diseinatzeko. “Herritarrek tresna demografiko horrekin bat egitea behar dugu, osatu egiten baitu lurraldearekin batera jarduteko urratsa, landa-eremuekin gobernatzeko”, nabarmendu du.
“Herria, desira lekua” kanpainaren aldi berri honek helburu du herritarrak, toki-entitateak, enpresak, elkarteak eta lurraldearen eragileak, bere osotasunean, animatzea Despopulazioaren eta Landa Garapenaren aurkako Foru Legearen aurreproiektuaren sortze-prozesuan parte hartzera. Ekarpenak datorren urriaren 8ra arte egin ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren partaidetza-atarian.
Partaidetza-prozesu irekia
Etorkizuneko Foru Legea sortzea du helburu Nafarroako Gobernuak bultzatutako partaidetza-prozesu zabalak. Azkeneko hilabete hauetan, lan-bilerak egin dira lurralde-garapenari, alor ekonomikoari, gizarte-sektoreari eta sare asoziatiboari lotutako eragile giltzarriekin.
Gainera, lurralde osoko herritarrek zein entitateek proposamenak eta hausnarketak helarazi ahal izan dizkiote Nafarroako Gobernuaren Bulego Mugikorrari esker, zeina hainbat herrietatik ibili den partaidetza-prozesua herritar guztiei hurbilarazteko. Aldi berean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) partaidetza-prozesu espezifiko bat garatu du toki-entitateekin batera, hala, udalen eta kontzejuen konpromisoa sendotzeko lurraldearen etorkizunerako tresna estrategikoa izan nahi duen lege bat definitzeko.
“Herria, desira leku” kanpainak Nafarroako sozietate osoa gonbidatzen du etorkizuneko Despopulazioaren eta Landa Garapenaren aurkako Foru Legea aktiboki eraikitzera parte hartzera, eta, horretarako, lurralde-kohesioa bermatzen laguntzen duten proposamenak egin behar dira, bai eta herri batean bizitzea egungo eta etorkizuneko benetako aukera izatea egin dezaketenak ere.
Landa ardatz izanda gobernatzea
Despopulazioaren eta Landa Garapenaren aurkako Foru Legearen helburu nagusietako bat politika publikoek lurraldera begiratzea erraztea da, landa-ingurune batean bizitzea etorkizuneko aukera izan dadin, baldintza egokiak emateko.
Helburu horiek lortzeko, aurreproiektuaren araudiak hainbat neurri barne hartzen ditu, jarduketa batzuetan aplikatuko direnak, adibidez: demografia- eta lurralde-inpaktuaren txosten bat egitea nahitaez edozein arau edo plangintza publikotan, despopulazio-arriskuko herrien sailkapen ofiziala edo despopulazioaren aurkako eta landa-inguruaren garapenerako babes-neurri ekonomikoak, zeinaren zuzkidura Aurrekontu Orokorretan, dirulaguntzetan eta dohaintzetan ezarriko den.
Aurreproiektuak, horrez gain, tresna multzo bat aurreikusten du, esate baterako, honako hauek dituena: babes ofizialeko etxebizitzen mobilizazioa duen landa-etxebizitzen lankidetza-estrategia, nahitaezko salmenta bidezko etxebizitzen funtzio sozialaren sendotzea, foru intereseko inbertsio-proiektuen zein lurralde-erantzukizun sozialeko proiektuen sustapena, landa-herrietako eskolen indartzea, eskatu ahalako garraio publikoko sistemen garapena eta gehienez ere 30 minutuan oinarrizko zerbitzuak lortu ahal izatea.
Gainera, Landa-emakumeen Estatutu bat onestea proposatzen da; baita zerbitzu ekosistemikoak abiaraztea, belaunaldi arteko errelebora bideratutako lanbide heziketa egokitua ezartzea, belaunaldi-ikuspegi integral bat izatea, zeina emakumeei, gazteei, adinekoei eta migratzaileei zuzenduta dagoen, askotariko mailatako gobernantza-mekanismoak izatea eta lurraldean eraginkortasunez parte hartzea ere.







