Gordexolako Herrerias ibaiaren gaineko Zubiete zubia ordezteko obrak lizitatu ditu Uraren Euskal Agentziak

0
  • La Calzada auzoan dagoen egungo zubiak ibaiaren fluxua oztopatzen du uholde-gertakarietan; beraz, beste bat eraikiko da, 30 metrokoa, ahalmen hidrauliko handiagoarekin
  • Jarduketaren inbertsioa 1,9 milioi eurokoa da (BEZa barne)

URAk Gordexolako La Calzada auzoko Zubiete zubia ordezteko lanak lizitatzen ari da. Jarduketa horri esker, nabarmen hobetuko da Herrerías ibaiaren hustutze ahalmena, eta, horrela, murriztu egingo da eremuan uholdeak izateko arriskua.

Lanen nondik norakoei dagokionez,  Zubieteko egungo zubia eraitsiko da (bi bao eta 18 metro inguruko argia), uholde-gertakarietan ibai-emariaren joana oztopatzen baitu. Era berean, 30 metroko zubi berri bat eraikiko da, arinagoa, sekzio handiagokoa, eta horrek baldintza hidrauliko hobeak eta ur-goraldietan emaria husteko ahalmen handiagoa sortuko du.

Jarduketen helburua Zubiete zubiaren inguruan Herrerías ibaiaren kalteak murriztea da: errepikatze-denbora  handiena duten ur-goraldietarako, betiere ur-goraldi txikiagoak ere  ondo babestuta.

Obraren aurrekontua 1.962.829,20 eurokoa da (BEZa barne), eta hamahiru hilabeteko epean gauzatuko da. Finantzaketa osoa URAren kontura izango da. Finantzaketaz gain, Uraren Euskal Agentziak bere gain hartuko ditu obren lizitazioa, kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapen teknikoa. Lanak amaitutakoan, azpiegitura Gordexolako Udalari transferituko zaio, eta hark kudeatuko eta mantenduko du.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.