Ertzaintza atzo gauean Oiartzunen, GI-636 errepidean, gertatu zen trafiko-istripuan ibilgailu batek harrapatu zuen pertsona baten heriotza ikertzen ari da

0

Gizon bat, 62 urtekoa, hil da ospitalean atzo, gaueko 23:10ean, GI-636 errepidean, Oiartzungo Lintzirin industrialdean, ibilgailu batek harrapatu ondoren. Ertzaintzako Trafiko Unitateak atestatua ireki du istripuaren inguruabarrak argitzeko. Inplikatutako gidaria aurkitu dute eta ikerketapean dago, istripua gertatu zen lekutik alde egin ondoren.

Istripua atzo, igandea, 23:10 aldera gertatu zen Oiartzunen, GI-636 errepideko 5,1 kilometro-puntuan.  Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren ibilgailu batek pertsona bat harrapatu zuela eta errepidean etzanda zegoela esanez abisua jaso ondoren. 

Agenteek konorterik gabe aurkitu zuten gizona, ibilgailu batek harrapatu izanaren zantzuekin, eta bertan ustez gertakarian inplikatutako ibilgailuaren eskuineko atzerako ispilua eta plastiko-zatiak ere aurkitu zituzten, ibilgailuak alde egin baitzuen istripua gertatu zen lekutik.

Biktima anbulantzian eraman zuten Donostia Ospitalera, eta bertan hil da.

Ertzaintzak, istripuaren lekuan aurkitutako atzerako ispiluarekin egindako ikerketaren bidez, inplikatutako ibilgailuaren modeloa identifikatu ahal izan du, eta Oiartzunen aurkitu du. Ertzainek gidaria ere identifikatu dute, eta eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateak instruitu duen atestatuan.