- Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak antolatu du, Markina-Xemeingo Udalarekin eta zesta-puntisten kolektiboarekin lankidetzan, eta omenaldia egingo dio Euskadiren izena mundu osoko frontoietara eraman zuten pilotarien komunitateari
- Jardunaldia dantza tradizionalak, stand kulturalak eta herriko eragileen parte-hartzeak girotuko dute, baita Saint Pierre et Miqueloneko dantza taldearena
Ziortza Olano Astigarraga Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eta Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea Markina-Xemeingo Euskara eta Kultura zinegotzia eta Herritartasun arlo buruak Zesta Puntaren komunitatearen oroitzapenezko ekitaldiaren egitaraua aurkeztu dute. Gaurko ekitaldira, ordea, Imanol Pradales Lehendakaria bertaratuko da.
Jardunaldian zehar pilotarien komunitateari omenaldia egingo zaie, Euskadiren izena mundu osoko frontoietara eraman duten diziplina baten protagonistak baitira. Gainera, ekitaldiak dantza tradizionalak zein standak izango ditu, eta jendeak, berriz, zesta-puntaren inguruko historia eta kultura sakon ezagutzeko aukera izango du.
Eusko Jaurlaritzak, Markina-Xemeingo Udalarekin batera eta zesta-puntisten kolektiboarekin lankidetzan, ekitaldi nagusi hau antolatu du Euskadiko puntistak oroitzeko, Euskal Diasporaren Egunaren baitan. Aldi berean, ehun ekitaldi baino gehiago egingo dira mundu osoko euskal komunitateetan.
Ziortza Olano Astigarraga Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendariak azpimarratu duenez, «aurten, Euskal Diasporaren Egunaren zortzigarren edizioan, Eusko Jaurlaritzak omenaldi berezia egin nahi die zestapuntistei eta inplikatutako komunitate osoari. Kirolariak baino askoz gehiago izan direlako: Euskadiren enbaxadoreak izan dira, gure nortasuna bost kontinenteetara eramanez, XIX. mendearen bigarren erditik gaur egunera arte. Nazioarteko mugikortasuna, profesionaltasuna, familien sakrifizioa eta mundu osoko kirol-agertokietan gure balioak transmititzea funtsezkoak dira gure historian».
Era berean, Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea Euskara eta Kultura zinegotzia eta Markina-Xemeingo Herritartasun arlo buruak Markina-Xemein agertoki egokia dela ekitaldi hau hartzeko nabarmendu du. «Gure herria hautatzea eta kolektibo hori omentzea ohorea da; izan ere, mundu zabalean zerbaitengatik ezagutzen baldin bada gure herria, zesta-puntarengatik da, munduko geografiaren bazter guztietara iritsi baitira pilotari horiek. Bestalde, gure frontoiak izen propioa ere badu: UNI frontoia da, eta hori zerbaitengatik da: gerora lanbidea eta bizibidea izan duten Markina-Xemeingo eta inguruko herritar askorentzat eskola bikaina izan baita. Beraz, pozik eta harro gaude jai egun hori aurten hemen berton ospatuko delako, hainbat jenderen lanarekin antolatutako ekitaldi zirraragarri batekin».
Programazioa
Egun honekin lotutako programa 18:00etan hasiko da, Markinako frontoiaren kanpoaldean dagoen frontoi txikian. Ekitaldi instituzionala 18:30ean hasiko da, eta Lehendakaria eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia, Ander Caballero izango ditu buru.
Ekitaldiak osagai artistiko berezi bat ere izango du: Mikele Irazusta diasporako artista argentinarrak diseinatu eta sortutako murala, besteak beste. Obra hilaren 8an bertan hasiko da eta zesta-puntak Markina-Xemeinen izan duen eta izaten jarraitzen duen garrantzia sinbolizatuko du, ‘Zesta-puntaren Unibertsitatea’ delakoan.
Programazio honekin, pilotarien eta haien familien ibilbidea aitortu nahi du Euskadik, eta euskal diaspora eta jatorrizko lurraldea lotzen dituzten loturak indartu.
Diasporaren eguna
2018an instituzionalizatu zenetik, Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi nagusia Euskal Herriko hainbat udalerritan egin da. Irailaren 8an instituzionalizatu zen Euskal Diasporak hala eskatuta, eta gero eta komunitate antolatu gehiagok egiten dute bat ospakizun horrekin. Ehun ekitaldi baino gehiago egiten dira hainbat herrialdetan, euskal presentziarekin.
2018an lehen aldiz egin zenetik, hainbat motatako ekitaldiak antolatu dira etengabe:
- 2018 – Vitoria-Gasteiz (Lehendakaritzaren egoitza) (Araba): Ospakizuna aldi berean egin zen Euskadin eta munduan.
- 2019 – Ispaster (Bizkaia)
- 2020 – Ormaiztegi (Gipuzkoa)
- 2021 – Gasteiz (Araba)
- 2022 – Donibane Garazi (Iparraldea)
- 2023 – Gernika (Bizkaia)
- 2024 – Oñati (Gipuzkoa)
- 2025 – Markina-Xemein (Bizkaia)