ZETAKek, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesletza nagusiarekin, MITOAROA III ikuskizunaren bigarren kontzertu bat iragarri du, San Mamesen, ekainaren 19an. Ekainaren 20ko kontzerturako sarrerak aurresalmentan agortu dira hiru ordutan. Lehen aldia izango da euskara hutsean egindako ikuskizun batek futbol estadio bat beteko duena.
Bigarren egun honetarako sarreren salmenta bihar, osteguna, goizeko 10:00etan irekiko da. Esteka ZETAK eta BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN sare sozialetan argitaratu da.
Iragarkia Illunben
MITOAROA III joan den igande goizeko lehen orduan iragarri zen Illunbeko kontzertuan: ikus-entzunezko pieza ikusgarri baten bidez MITOAROA III Bizkaian izango dela jakin zuten ikus-entzuleek.
Mitoaroa San Mamesera
MITOAROA II izan den aurrekaririk gabeko iraultzak XV. mendera eraman gintuen. MITOAROA I (oraina) eta MITOAROA II (iragana) lanen ondoren, MITOAROA III-k beste jauzi bat eman du: errealitate distopiko batean gertatuko da, San Mames euskal kulturaren bozgorailu nagusi bilakatzeko pentsatua dago.
Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako ikuskizuna
Kontzertu hau Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza nagusiarekin egingo da. Aldundiak behin eta berriz erakusten duen euskal kulturaren eta sorkuntza garaikidearen aldeko konpromisoak posible egiten du halako ekitaldiak egitea. Hainbat komunikabideren laguntza ere izango du: NAIZ, Berria eta Noticias de Navarra ekitaldiaren ko-babesle izango dira.