Bizkaiko Foru Aldundiak Garbiker sozietate publikoaren bidez bultzatutako Horia da / Ez da horia sentsibilizazio-kanpainak eragin handia izan du ontzi arinen bilketan eta birziklatzen laguntzeko tresna digitalen erabileran. 2025eko apiriletik abuztura bitartean, Bizkaian, aurreko urteko aldi berean baino % 0,68 gehiago bildu zen; azoka ibiltaria eta komunikazio-ekintzak izan zituzten udalerrietan, berriz, % 4,33 igo zen, hau da, lurraldeko batezbestekoa baino sei bider gehiago, 3.660 edukiontzi gehiago; beraz, horrek argi uzten du aurrera egin dugula ontzi arinak ondo bereizteko bidean.
Kanpaina apirilaren 2an hasi zen. Orduan egin ziren, Foru Jauregiaren aurrean, lehenengo sentsibilizazio-ekintzak, eta, abuztuaren 30era arte, azoka ibiltaria egon zen Bizkaiko zenbait udalerritan, hala nola Barakaldon, Zallan, Mungian, Basaurin, Santurtzin, Durangon, Erandion, Bermeon, Plentzian, Markina-Xemeinen eta Sopelan. Azoka ibiltarian, herritarrei tailerrak, jarduerak eta antzerki-emanaldiak eskaini zitzaizkien, eta ontzi arinak ondo bereiztea garrantzitsua delako mezuak indartu. Udalerri horietan lortutako emaitzek erakutsi digute lurraldean egindako ekintza zuzenek herritarren jokabidea hobetzea dakartela.
Udalerrien araberako datuak
Udalerri bakoitzean neurtu da zer-nolako eragina izan duen kanpainak azoka ibiltaria egin zen egunetik abuztuaren 30era arte, eta datu horiek aurreko urteko aldi berarekin alderatu dira. Adibidez, hasiera-ekitaldia egin zen tokian, Bilbon, % 5,03 gehiago bildu zen, hau da, 2024an baino 144 tona gehiago; Barakaldon, berriz, % 2,04 gehiago, hau da, 7 tona gehiago. Mungian, % 1,65 igo zen (1,3 tona gehiago); Durangon, % 4,93 (3,2 tona gehiago); Erandion, % 12,65 (3,3 tona gehiago), eta, Bermeon, % 11,11 (2,3 tona gehiago). Aipatzekoak dira, bereziki, Plentzia (% 34,52ko igoerarekin eta 1,16 tona gehiagorekin) eta Markina-Xemein (% 41,67ko igoerarekin eta 0,55 tona gehiagorekin). Beste udalerri batzuetan, aldiz, apur bat jaitsi zen, esate baterako, Zallan (-% 4,60), Basaurin (-% 1,19) edo Santurtzin (-% 3,07); hala ere, oro har, azoka ibiltaria izan zuten hamaika udalerrien balantzean, guztira % 4,33 igo zen.
Eragin digitala: Bizkairezikla eta HondakinGo!
Kanpainak oso eragin positiboa izan du eremu digitalean ere, Bizkairezikla ataria eta Hondakin Go! jokoa askoz gehiagotan erabili eta deskargatu dira eta. Atariak irismena bikoiztu zuen 2024koaren aldean (11.132 erabiltzaile izatetik 20.107 izatera igaro zen apiriletik abuztura bitartean). Saio kopurua, berriz, 25.618ra igo zen, eta ikusitako orrialdeak ia lau aldiz gehiago izan ziren (27.149tik 98.274ra). Horrek erakusten du gero eta jende gehiagok kontsultatzen duela zer egin hondakinekin eta zer edukiontzitan utzi behar diren. Denbora-tarte horretan bertan, Hondakin Go! jokoak 3.200 bisita eta deskarga baino gehiago erregistratu zituen erakundearen webgunetik, eta modu ludiko batean hondakinak ondo bereizten ikasteko interesa zuten 2.600 erabiltzaile baino gehiago erakarri zituen.
Ekitaldi handiak
Ekintza ibiltarietan ez ezik, jende asko biltzen duten kirol-ekitaldi handietan ere egon zen kanpaina. Maiatzaren 11n, San Mamesen, Athletic – Alaves partidan, bertaratu ziren 47.947 ikusleei sentsibilizazio-mezuak bidali zitzaizkien. Bilbao Arenan (Miribillan), apirilaren 2an, Eurocup lehiaketako Bilbao Basket – Dijon finalerdiko 6.192 ikusleei ere helarazi zitzaien kanpaina, baita, apirilaren 23an, Salonikako PAOKen aurkako finaleko 10.014 pertsonei ere.
Datuei erreparatuta, baiezta dezakegu, batetik, eraginkorra izan dela konbinatzea kaleko sentsibilizazio-ekintzak (azoka ibiltariaren, tailerren eta antzerkiaren bidez) eta kanal digitaletako eta hedabideetako kanpainen errefortzua, eta, bestetik, parte hartu duten udalerriei zuzenean eragiteak bilketa-kanpainaren eragina areagotu duela. Halaber, Bizkairezikla gehiagotan erabili eta jokoa gehiagotan deskargatu izanak argi adierazten digu herritarrek konponbide praktikoak bilatzen dituztela zalantzak argitzeko eta birziklatzeko ohiturak hobetzeko. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak ontzi arinen birziklapena bultzatzen jarraituko du, eta, gainera, laster, gaikako bilketa indartuko du. Horretarako, edukiontzi marroiaren kanpainari ekingo dio, frakzio organikoaren birziklapena sustatzeko.