Bizkaiak bekak emango ditu arlo estrategikoetako STEM masterretarako: energia, kuantika, automozioa, sare adimendunak, aeronautika

0

Bizkaiko Foru Aldundiak deialdia ireki du 2025eko Hobekuntza Profesionala programaren 2. arloan, lurralderako estrategikoak diren STEM diziplinetan masterrak egin nahi dituzten gazteentzat. Ekimen honen bidez, kualifikazio handiko profesionalak prestatu nahi dira lurraldearen lehiakortasunerako eta berrikuntzarako funtsezkoak diren eremuetan, hala nola modernizazio eta trantsizio energetikoan, teknologia kuantikoan, automobilgintzan, sare elektriko adimendunetan, aeronautika aurreratuan eta zientzia espazialean.

Bekei buruzko zehaztasunak

  • Hartzaileak: Bizkaian jaio diren edo bertan erroldatuta dauden 30 urtetik beherako gazteak, gradu-ikasketak 2022/2023, 2023/2024 edo 2024/2025 ikasturteetan amaitu dituztenak.
  • Laguntza ekonomikoa: masterraren kostu osoaren % 75, gehienez; gehieneko zenbatekoa 3.000 euro da pertsona bakoitzeko.
  • Eskatzeko epea: 2025eko irailaren 15etik 30era, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren bulego birtualaren bidez.

Hobekuntza Profesionala programa, etorkizuneko apustua

Deialdi honetan 93.000 euroko zuzkidura duen ekimen hau Bizkaia with the talent estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunezko ardatza da lurraldeko enpresek, unibertsitateek eta ikerketa-zentroek eskatzen duten talentua erakartzeko, garatzeko eta fidelizatzeko. Horrez gainera, beka hauek bat datoz RIS3 Euskadi 2030 Estrategian eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsetan ezarritako lehentasunekin, eta Europako espezializazio adimendunarekin lerrokatzen du Bizkaia.

Hobekuntza Profesionala programak lurralde ireki eta berritzaile gisa eta talentuarekin konprometituta dagoen lurralde gisa finkatzen du Bizkaia; funtsezkoa da etorkizuneko industriaren eta gizartearen erronkei aurre egiteko. Guztira 493.000 euroko zuzkidura duen ekimen honek zentro ospetsuetan nazioarteko prestakuntza eskuratzea eta lurraldean STEM master estrategikoetan espezializatzea uztartzen ditu, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan, eta Bizkaiko gazteek Bizkaiaren lehiakortasuna, berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatzeko behar diren gaitasunak dituztela bermatzen du.

Informazio gehiago eta eskabideak: www.bizkaia.eus

Diruz lagundutako masterren zerrenda osoa

Masterraren izena Unibertsitatea
Zientzia eta Teknologia Kuantikoak masterra EHU
Ingeniaritza Energetiko Iraunkorra masterra EHU
Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotika masterra EHU
Sistema Elektroniko Aurreratuak masterra EHU
Automatizazioa, Elektronika eta Industria Kontrola masterra Deustuko Unibertsitatea
Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan masterra EHU
Automozioko Diseinu eta Fabrikazioa unibertsitate-masterra Deustuko Unibertsitatea
Aeronautikako Teknologiak etengabeko prestakuntzako masterra EHU
Robotika eta Kontrol Sistemak masterra Mondragon Unibertsitatea
Zientzia eta Teknologia Espaziala masterra EHU
Material Aurreratuen Ingeniaritza masterra EHU
Konputazioa eta Sistema Adimendunak masterra Deustuko Unibertsitatea