Bizkaiko Foru Aldundia Eskualdeko Lan Merkatuen Europako Behaketa Sarearen urteko konferentziara joan da (sare horretako kide da iaztik), 2024-2025 aldiko II. Enplegu Plana aurkezteko, eta, zehazkiago, Laborlan programaren emaitzak azaltzeko. Programa hori, hain zuzen, enpresekin lankidetzan eta benetako kontratazio-konpromisoarekin egindako politika prospektiboen adibide da.
Frankfurten (Alemania) egiten den konferentzia horretan parte hartzen ari den Bizkaiko ordezkaritzaren buruan, Teresa Laespada joan da, Bizkaiko ahaldun nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, lagun dituela Susana González Rómulo Enpleguko zuzendaria eta Óscar Seco Gizarte Kohesioko zuzendaria.
Aipatutako sarearen hogeigarren topaketa horren izenburua hau da: «Anticipation of Future Developments in Labour Markets»; beraz, Laespada diputatuak azpimarratu duenez, ezin hobeto lerrokatzen da Bizkaiko bigarren enplegu-planarekin eta Laborlan programarekin.
«Enpresekin lanean ari gara enplegu-beharrizanak aurreikusteko eta, hala, hobeto asmatu ahal izateko gure politikekin, inbertsioekin eta programekin, pertsonei lanpostu bat lortze aldera egiten zaien bidelaguntza arrakastaz amai dadin», esan du Laespadak.
Ildo horretan, hau zehaztu du: «Aurre-hartzea da planaren printzipio garrantzitsuenetako bat, eta jasota gelditzen da datozen bost urteotan garatu asmo ditugun ildo estrategiko eta jarduketa askotan, etorkizuneko beharrizanak aurreikusteko eta nahikotzeko gai izan behar dugulako».
«Eta, baita ere, enplegu-politika publikoen lankidetza eta, gure kasuan, kogobernantza, «adimenduna» deitu dioguna, zeina funtsezkoa izango baita aurrea hartzeko gaitasun hori garatzeari begira, norantz jo behar dugun adieraziko digu eta», azpimarratu du.
Era berean, gogorarazi du Bizkaiko aurreko enplegu-planak 75 milioi euroko inbertsioa izan zuela, eta diru horri esker 41.200 pertsonari baino gehiagori bidelaguntza egin zitzaiela beren lan-aktibazioan, eta haietatik 20.000 inguru lan-merkatuan sartzea lortu. Gainera, inbertitutako euro bakoitzeko 2,14 euroko itzulkin ekonomikoa sortu zen.
Laborlan programari dagokionez, esplikatu du enplegu-programa berritzailea dela, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatua, zeinak uztartzen baititu prestakuntza teknikoa, esperientzia profesional espezializatua eta enpresen benetako kontratazio-konpromisoa. Ez da enplegu-programa tradizionala, ezpada ekimen mistoa eta aurre-hartzailea, enpresa-elkarteekin, kluster sektorialekin eta enpresa zehatzekin lankidetzan diseinatua:
Frankfurteko topaketak honako hauek antolatzen dituzte: Alemaniako Goethe Unibertsitateko Institute for Economics, Labour and Culture, German Agency for International Cooperation eta ELGAren Local Employment and Economic Development Programme.