Jasangarritasuna, segurtasuna eta herritarren parte-hartzea ardatz, Mugikortasunaren Europako Astean

0

Hondarribiko Udalak, hainbat elkarterekin elkarlanean, egitarau zabala prestatu du irailaren 16tik 22ra ospatuko den Europako Mugikortasun Asterako. Jasangarritasuna, eskola-ingurune seguruak eta herritarren parte-hartzea ardatz hartuta, helburua argia da: herriko kaleak irisgarriago, atseginago eta seguruago bihurtzea, Hondarribia inklusiboago bat eraikiz. Askotariko ekintzen artean, hausnarketarako mahai-ingurua eta Egiluze ikastetxeko aldarrikapen-ekintzak izango dira, besteak beste.

Lehen hitzordua irailaren 16an eta 17an izango da: “Bizikletaz adinik ez” ekimenak Ulazpi, San Gabriel eta Caser Beterran zentroetako adineko pertsonak trizikloan aterako ditu herriko kaleetara. Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak nabarmendu duenez, “bizikletak ez du adinik eta mugitzeko eskubidea ez da gazteentzat bakarrik. Adinekoek ere kalea bizi behar dute, mugimenduan eta besteekin harremanetan. Kaleak guztiontzat dira, eta inklusioa ez da kontzeptu abstraktu bat; gure eguneroko bizikidetzaren parte da”. “Trizikloan egindako paseo horiek belaunaldi desberdinen arteko topaleku ere bihurtzea izango da helburu”, nabarmendu du Urtizbereak.

Solasaldirako tartea ere izango da. Ostegunean, hilaren 18an, “Begiradak mugimenduan” izeneko saioa egingo da Kultur Etxean. “Sobre ruedas: el sueño del automóvil” dokumentalaren zati bat proiektatuko da, eta ondoren udal ordezkari eta tokiko eragileek eztabaida irekia egingo dute udalerrian nola mugitzen garen eta modu jasangarriagoan nola egin genezakeen eztabaidatzeko.

Irailaren 19an, ostiralean, Egiluzeko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek “Egiluze ekinean: errespetatu gure eskolarako sarrera!” ekimenaren bidez segurtasunaz ohartaraziko dute. “Eskolak eremu seguruak izan behar dute haurrentzat, baina eskolarako bidea arriskutsua da maiz. Kotxeak azkar doaz edo gaizki aparkatzen dute, eta horrek gurasoen ohiturak baldintzatzen ditu. Askok oinez edo bizikletaz joateari uko egiten diote”, azaldu du Egoitz Alcaraz ikastetxeko zuzendariak. “Hondarribiako Udalak konpromiso irmoa du eskola-ibilbideak eta sarrerak seguruagoak egiteko eta umeen segurtasuna bermatzeko.”, azpimarratu du Urtizbereak.

Larunbatean, hilaren 20an, Emekik antolatutako emakumeen topaketa egingo da Puntalen: 11:00etatik 13:00etara emakumeek ibilaldi irisgarria egingo dute elkarrekin, herrian dauden leku atseginak eta hobetu beharrekoak ezagutzeko.”Ibilbidea irisgarria izango da, emakume orok parte hartzeko aukera izan dezan; mugikortasunak eta irisgarritasunak genero-ikuspegia ere behar dute, eta horrelako ekintzek errealitatea ikusarazten laguntzen dute”, gogorarazi du Urtizbereak. Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, Balaztak bizikletak aztertzeko tailerra eskainiko du San Pedro kalean. Balazta elkarteko Kote Guevararen hitzetan, “tailer honen bidez bizikleta egoera onean mantentzeko oinarrizko ezagutzak eman nahi dizkiegu herritarrei. Sarritan ikusten dugu bizikletak behar bezala doitu gabe edo balazta ahulekin dabiltzala, eta horrek segurtasun-arazoak sortzen ditu. Tailer honek konfiantza eta autonomia ematen die erabiltzaileei, eta, aldi berean, kalean mugitzeko modu osasuntsu eta jasangarri bat sustatzen du”.

Igandean, hilaren 21ean, Balaztak antolatutako bizikleta-martxa egingo da. Gernikako Arbola plazatik abiatuko da 11:00etan eta Mendelu kalean amaituko da “Festa kalean!” ekitaldiarekin batera. Guevarak adierazi duenez, “bizikleta-martxa ez da soilik ibilaldi bat; kaleak partekatzeko modu baten aldarrikapena ere bada. Kalea guztiontzat da eta, martxa honetan, hori praktikan jartzen dugu, adin eta profil ezberdineko pertsonak elkartuz”. Mendelun, DJa, puzgarriak, aurpegi-margotzea, tailerrak, bizikleta-zirkuitua eta paella herrikoia egongo dira. “Pertsonak erdigunean jartzea aldaketa baten irudia da, hiriaren erdigunean kaleak itxita ikustea aldaketa baten irudia da: kalea ez da soilik autoen eremua, pertsonena ere bada”, nabarmendu du Guevarak.

Asteari amaiera emateko, irailaren 22an Autorik gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Egiluze ikastetxean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleek aldarrikapen-ekintza egingo dute, ikastetxe sarrerako plataforman autoek egiten duten erabilerari buruz sentsibilizatzeko. Plataforma margotuko dute eskola-ingurune seguruaren sinbolo bihurtzeko.

Hondarribiko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu jardueretan parte hartzera. “Mugikortasun Astea ez da soilik egitarau bat – esan du Urtizbereak –; gure kaleak, gure osasuna eta gure etorkizuna hobetzeko hiri oso baten borondatea da. Guztion artean Hondarribia hobeago eta seguruago bat eraikitzen jarraitu nahi dugu”.

Jardueren informazio osoa hemen https://www.hondarribia.eus/eu/mugikortasunarenastea-2025