Gazte Solidarioak programaren edizio berria

0

Bilboko Udal Etxebizitzak-en «Gazte Solidarioak» programak alokairuko etxebizitzak eskaintzen dizkie graduondoko ikasleei, 55 eurotan hilean, komunitateari laguntzeko konpromisoa hartzearen truke. Edizio honetan bost etxebizitza berri sartu dira eskaintzan: bi Otxarkoagako Txotena kalean eta beste hiru Conde de Aresti egoitzak Udal Etxebizitzak-i programa hau egiteko lagata.

Horrela, aurtengo edizioan (hamaseigarrena), graduondoko 53 ikasle gaztek EHUkoak (gehienak, 37), Deustuko Unibertsitatekoak (7), IED Kunsthal-ekoak (5) eta Mondragon Unibertsitatekoak (4) plaza lortu dute «Gazte solidarioak» programa osatzen duten 25 pisuetan.

Yolanda Díez Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak nabarmendu duenez, «iaz iragarri genuen bezala, etxebizitza-kopurua handitu dugu programa honetan, balio handiko ekimen honekin dugun konpromisoaren ondorioz». Ildo horretan, Yolanda Díezek azpimarratu duenez, «honelako programek, unibertsitate-prestakuntza garatzen laguntzeko bizitoki-baliabide bat emateaz gain, Bilbora talentu gaztea erakartzeko dugun konpromiso soziala indartzen dute, gazteak denbora horretan bizi diren komunitatearen garapenean integratuz».

Programa horren bidez udal etxebizitzak eskaintzen dira alokairu partekatuan, prezio sinboliko baten truke: 55 euro hilean pertsonako (argindarraren eta uraren gastuak kanpo). Etxebizitzek sukalde hornitua eta altzariak edukitzen dituzte. Trukean, ikasleek proiektu komunitarioetan eta kolektibo zaurgarriei laguntzeko ekimenetan parte hartu behar dute etxebizitzok dauden auzoetan, hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean. Oraingoan, Otxarkoagan diharduten 7 elkartek eta Bilbo Zaharrean diharduten 12 elkartek parte hartuko dute programan.

Ekitaldian izan dira Yolanda Díez Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzak-en presidentea, Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Iraia Eizmendi eta Nekane Garatea Deustuko Unibertsitatearen ordezkari gisa, Gaizka Zuazo IED Kunsthal-eko zuzendaria, eta Naiara Igarabide Mondragon Unibertsitateko Mondragon Team Academy-ko team coach-a.

Yolanda Díezek azpimarratu duenez, «programa horrek oso ondo islatzen du gure konpromiso soziala; izan ere, era horretako hainbat helburu betetzen ditugu honela, hala nola gazteei baliabide publikoak ematea etxebizitza bat prezio sinbolikoan eskaintzeko, unibertsitate-prestakuntza bukatu ahal dezaten, bai eta bizi diren auzoan baliabide gutxien dituzten pertsonei laguntzeko ere, pertsona horiek arreta eta laguntza handiagoa jaso dezaten».

Estitxu Garaik, bere aldetik, honakoa gaineratu du: “Bilboko Udalak graduondoko ikasleeneskura jartzen dituen etxebizitza hauetan bizitzea eskatzen dutenentzako bizileku-irtenbideaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateak sustatzen dituen gizarte-konpromisoaren balioekin bat egiten duen ekimena da”.

Programan parte hartzen duten ikasleen batez besteko adina 26 urtekoa da. Hamabost edizio hauetan, emakumeen ehunekoa gizonena baino zertxobait handiagoa izatea izan da ohikoena. Edizio honetan, errentarien % 53 emakumeak dira, eta % 47 gizonak.

Programaren xehetasunak azaldu ondoren, pisuetako bat bisitatu da, bertan bizi den ikaslearekin. Kasu honetan, Conde de Aresti egoitzak Bilboko Udal Etxebizitzak-i ikasturte honetarako lagatako etxebizitzak dira. Haietan bizi diren ikasleek Zahartze Osasuntsuari eta Bizi Kalitateari buruzko masterra egiten dute EHUn, eta egoitzan egiten dute boluntario-lana, adinekoei lagunduz.