URA ur-emakida edo ustiapen-eskubideen erregularizazioa egiten ari da, egungo benetako egoerara egokitzeko

0
  • Emakidak behar bezala islatu dezan nor den titularra, zein erabileratarako den ura, non dauden hartuneak, eta, era berean, emandako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko: bolumenak, emari ekologikoak eta gainerako betebeharrak
  • Uraren Jabari Publikoaren Erregelamenduan (Errege Dekretua 849/1986) eta Uraren Legearen Testu Bateginean (Errege Lege Dekretua 1/2001) ezarritakoa betez.

Lurraldeko uraren erabilera pribatiboak esan nahi du, jatorria edozein dela ere —ibaiak, akuiferoak edo beste edozein—, hartutako urak baldintza batzuk bete behar dituela: emari ekologikoak errespetatzea, baliabidea babestea eta kalitatea edo eskuragarritasuna arriskuan jar dezaketen erasanak saihestea. Baldintza horiek funtsezkoak dira oreka naturala mantentzeko eta ura ondasun komun eta jasangarri izaten jarrai dezan.

Beraz, betebeharrak betetzera baldintzatutako eskubidea da erabilera pribatiboa. Alde batetik, uraren jabari publikotik ura hartzeko beharrezkoa da administrazio hidraulikoak emandako emakida administratiboa. Bestetik, ura naturatik hartu ondoren, ura aprobetxatzeko beharrezko instalazioak (hodiak, deposituak, ponpaketa-sistemak…) titularraren erantzukizuna dira, erabilera pribatiboa onura partikularrerako ematen delako.

Era berean, ur-emakidek derrigorrez eskatzen dute neurketa-sistemak instalatzea eta informazioa administrazio hidraulikoari bidaltzea; eta gainerako azpiegiturak bezala, kostua kontzesiodunaren kontura doa.

URAk ibaiak eta akuiferoak babestea du eginkizun, jatorritik bertatik; nola erabiltzen diren zaintzea, eta beti bizitzarako behar den gutxieneko emaria mantentzen dela kontrolatzea, besteak beste. Hau funtsezkoa da ekosistemak kontserbatzeko, guztiontzako ur nahikoa bermatzeko eta baliabidea hondatzea saihesteko. Kontrol hori gabe, biodibertsitatea eta uraren oreka naturala arriskuan daude.

Une honetan, URA ur-emakiden erregularizazioa egiten ari da, egungo egoerara egokitzeko (titularra zehaztea, zertarako erabiltzen den, hartuneak non dauden…) eta emandako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko: bolumenak, emari ekologikoak eta gainerako betebeharrak. Araudia betez (Uraren Legearen Testu Bategina – RDL 1/2001, Uraren Jabari Publikoaren Erregelamendua – RD 849/1986, eta 2017/04/24ko Agindua, EAEko barne arroetan bolumenak kontrolatzeko sistemak arautzen dituena).

Horren harira, URAk gogorarazten die erakunde guztiei (ur-kontsortzioak, kudeaketa-erakundeak, ur-hartuneak dituzten enpresak…) eta ur-ustiapenak dituzten pertsonei beren betebeharra dela neurketa-sistemak aktibo mantentzea, irakurketak garaiz bidaltzea eta kontzesio-baldintzak betetzea. Horrela, denon artean zaintzen dugu ibaia eta bere biodibertsitatea, emari ekologikoak bermatzen ditugu. Helburua da uraren erabilera partikularrak eta ingurune urtararen beharrak bateragarri egitea, haren egoera ona lortzeko.

Zergatik arautzen da naturatik zuzenean hartutako uraren erabilera?

Urak ez duelako merkataritzako ondasun arrunt baten izaera, baizik eta zaindu beharreko ondare komun bat da. Araudi estatalak, autonomikoak eta europarrak arau argiak ezartzen dituzte uraren hartzeak, garraioak eta kontsumoak ingurune-oreka, segurtasun sanitarioa eta hirugarrenen eskubideak errespetatu ditzan.

Beste printzipio batzuen artean, araudi europarrak ezartzen du estatu kideek kontuan hartu behar dutela urarekin lotutako zerbitzuen kostuen berreskurapena —ingurumen-kostuak barne—, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-ondorioak eta baldintza geografiko eta klimatikoak aintzat hartuz.

Ura aprobetxatzeko beharrezko instalazioak

Hartune eta garraio pribatuaren azpiegiturak erabilera pribatiboa egiten dutenen erantzukizuna dira; era berean, uraren ziklo urbanoaren erabiltzaileek (sare publikoa, udal eskumenekoa) tarifaren bidez beren hornidura-instalazioen kostuak bere gain hartzen dituzte.

Elkarren erantzukizun-printzipio honek hornidura-sistema desberdinen arteko ekitatea bermatzen du (hartune zuzena edo hornidura publikoa): bakoitzak bere erabilera eta sistema motaren arabera laguntzen du.

Zer eskatzen du araudiak iturburuetatik edo iturrietatik zuzenean ura hartzean?

Betebeharrak Uren Legean, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta araudi autonomikoan jasota daude. Funtsean:

Aurretiazko emakida administratiboa. Uraren jabari publikotik ura hartzeko beharrezkoa da administrazio hidrauliko eskudunak emandako kontzesioa, salbu erabilera arruntak (edatea edo abereei edaten ematea, obrarik egin gabe).

Instalazio pribatuen erantzukizuna. Ura hartu ondoren, hodiak, deposituak, ponpaketa-sistemak eta aprobetxamendurako beharrezko gainerako azpiegiturak eskubidearen titularraren erantzukizuna dira, erabilera pribatiboa onura partikularrerako ematen delako.

Neurketa eta datuen bidalketa. Derrigorrezkoa da homologatutako neurketa-gailuak instalatzea, irakurketak gordetzea eta informazioa aldian-aldian bidaltzea administrazio hidraulikoari, EAEko barne arroetan Uraren Euskal Agentziari (URA), zeinak sistemen funtzionamendu zuzena eta datuen egiazkotasuna egiaztatu ahal izango duen.

Kontzesio-baldintzak errespetatzea. Baimendutako bolumena bete behar da, erabilera eta erabiltzailea kontzesioan adierazitakoa izan behar dira, ez dira egin behar uraren erregimen naturala aldatzen duten obrak eta hartune-eremua kutsaduratik babestu behar da.

Uraren Kanona: zertarako eta nola aplikatzen da

Uraren Kanona Euskal Autonomia Erkidegoko tributu propioa da, 1/2006 Legeak sortua, ingurune urtarra babesteko eta hobetzeko, ekosistemak leheneratzeko, emari ekologikoak mantentzeko eta uraren erabilera arrazional eta eraginkorra sustatzeko, Uraren Esparru Zuzentarauaren jarraibideak betez.

Bere erregelamendua 229/2021 Dekretuaren bidez onartu zen eta 2025ean aldatu zen izapideak sinplifikatzeko eta araudia egokitzeko azken lege-aldaketetara, batez ere nekazaritza-sektoreari zuzenduta.

Egitate zergagarria da Euskadiko ur kontinentalen hartzea edo sarrera, erabilera edo kontsumorako, eta zerga-oinarria hartutako uraren bolumena da (m³). Urtarrilean, zergadunek aurreko urteko bolumenarekin autolikidazioa aurkeztu behar dute.