Ur gezako sistemak, antibiotikoekiko erresistentzia ulertzeko giltzarria

0

Urola ibaiaren arroko uretan eta biogeruzan (arroken gainean hazten den mikroorganismo-geruza) dauden mikrobio-komunitateen azterketa konparatibo bat egin zen, eta bi inguruneen artean desberdintasunak ikusi ziren, bai mikrobio-komunitateen konposizioari dagokionez, bai antibiotikoekiko erresistentzia-geneen aniztasunari dagokionez. Ikertzaileek diotenez, araztegiaren ondorioak hautemangarriak dira ibaiko uretan, baina arindu egiten dira deskarga-puntutik urrundu ahala. Bestalde, biogeruzak antibiotikoekiko erresistentzia-gene batzuen gordailu gisa jardun dezakeenez, ibai-ekosistemak aztertzeko adierazletzat erabil daiteke.

Azken hamarkadetan, antibiotikoekiko erresistentzia osasun publikorako eta animalien osasunerako mehatxu nagusietako bat bihurtu da munduan. Antibiotikoen erabilera orokortu eta desegokiaren ondorioz, areagotu egin da antibiotikoekiko erresistentzien arazoa; hau da, antibiotikoak galtzen ari dira infekzioak tratatzeko eraginkortasuna. «Hasiera batean, batez ere ingurune klinikoetan eta albaitari-inguruneetan jarri zen arreta, baina, azkenaldian, ingurumenaren garrantzia nabarmendu da», azaldu du Irene Beltrán de Heredia López Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileak.

Hondakin-urak tratatzeko instalazioek legedian ezarritako mugak betetzen badituzte ere, instalazio horiek hiriguneetatik datozen kutsatzaileen kontzentrazio-gune gisa jarduten dute. Horrela, aldaketak eragin ditzakete ur gezako ekosistemetan, eta puntu kritikotzat jotzen dira antibiotikoekiko erresistentziaren dinamikan, batez ere ospitaleetako edo osasun-zerbitzuetako urak jasotzen dituztenean. Ildo horretan, EHUko ikertzaileek azterketa bat egin dute Urola ibaiaren arroan, eta, haren bidez, uretan eta biogeruzan dauden mikrobio-komunitateak alderatu dituzte. Biogeruza lortzeko, ibaian bertan sistema artifizialak jarri dituzte, eta lau astez utzi dituzte mikrobioek koloniza ditzaten.

Metagenomika erresistentzia-geneak detektatzeko

Azterlanerako, metagenomika baliatu dute. Teknika horren bidez, mikrobio-komunitateetan dauden geneak identifika daitezke, ingurumen-laginetatik erauzitako DNA erabilita. Gene horien artean, besteak beste, antibiotikoekiko erresistentziarekin lotutakoak daude. «Orain arte ikerketa gutxi daude biogeruzako metagenoma aztertu eta uretakoarekin alderatu dutenak», dio Estilita Ruiz Romera EHUko Ingurumenaren Teknologiak ezagutza-arloko katedradunak. Horrekin, «bi ingurumen-matrizeetan zer erresistentzia-gene mota dauden ikustea lortu dute —gaineratu du Beltran de Herediak—. Horri esker ikusi ahal izan dugu zer mekanismo erabiltzen dituzten mikroorganismo horiek antibiotikoen aurka borrokatzeko». Ikertzaileek azaldu dutenez, ikerketa metagenomikoetatik lortutako datuek abantaila bat dute: etorkizunean berriro azter daitezke, egoerak hala eskatzen badu.

Ikerketa horrek agerian utzi duenez, «garrantzitsua da ibaietako ingurumen-matrizeak (ura, biogeruza eta sedimentuak) batera aztertzea, informazio desberdina ematen baitute. Ikusi dugu urak berehala islatzen duela efluentearen inpaktua. Biogeruzak, berriz, zenbait generen gordailu gisa jardun dezake. Gene horietako batzuk ez daude uretan», azaldu du Beltran de Herediak. Ruiz Romerak gaineratu duenez, «araztegiaren efektuak urak ibaian behera egin ahala arintzen diren arren, biogeruza antibiotikoekiko erresistentzia-gene batzuen gordailu moduko bat izan liteke».

Ikertzaileek diotenez, oso garrantzitsua da informazio gehiago lortzea, batez ere inguru horietakoa, «antibiotikoekiko erresistentzia arazo erreala baita eta hala izango baita hemendik urte batzuetara. Azterlan askok gene-aniztasun handia dagoela erakusten dute, baina ikusi beharko litzateke gene horietatik zein diren garrantzitsuenak. Oraindik lan asko dago egiteko».

Ruiz Romerak azpimarratu duenez, «garrantzia eman behar zaio ingurumenak erresistentzia horien garapenean bete dezakeen zereginari. Ez dugu ahaztu behar araztegiak kutsatzaileen kontzentrazio-gune bat direla. Araztegietan erabiltzen dituzten teknologia aurreratuenei esker, saihestu egiten da kutsatzaile horietako asko gure ibaietaraino iristea; alabaina, araztegietan egiten den hondakin-uren tratamenduak ez daude diseinatuta kutsatzaile horiek guztiak ezabatzeko, eta are gutxiago antibiotikoekiko erresistentzia-geneak ezabatzeko. Aurrera egiten jarraitu behar da». Ideia horren ildotik, «hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzko Europako zuzentarau berriak (2024/3019 EB Zuzentaraua) etorkizunean teknologia aurreratuagoak sartzea aurreikusten du, kutsatzaile horietako batzuen presentzia murrizteko uretako ekosistemetara iristen diren efluenteetan», gehitu du Beltrán de Herediak.

Ur gezako ekosistemak monitorizatzeko programak planifikatzea

Ildo horretan, EHUko ikertzaileek azpimarratu dutenez, «ikerketa asko egin behar dira hobeto ulertzeko antibiotikoekiko erresistentziak zer bilakaera eta dinamika dituen ur gezako ekosistemetan, eta zer lotura dauden inguruneko erresistentziaren eta ingurune kliniko eta albaitari-inguruneetan agertzen den erresistentziaren artean. Horretarako, zaintza-estrategia sendoak eta moldagarriak diseinatu behar dira, eta, aldi berean, ohiko zaintza-programak ezarri behar dira ur gezako ekosistemetan». Ikertzaileek zaintza-lan hori egiteko ibilbide-orri bat aurkeztu dute, ikerketa-komunitateari eta erabakiak hartzeko arduradunei programa horiek diseinatzen eta aplikatzen laguntzeko.

Informazio osagarria

Irene Beltrán de Heredia Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzailea da, eta bere doktore-tesia defendatu berri du, Estilita Ruiz Romera Ingurumenaren Teknologiak ezagutza-arloko katedradunaren eta Itziar Alkorta Calvo Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko katedradunaren zuzendaritzapean.

Azterlan horiek EHUko Hidro-Ingurumeneko Prozesuak (HGI) eta “Estrategia molekular, estruktural eta nanoteknologikoak erabiliz antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko diziplina arteko ikuspegia (INTER-RA)” ikerketa-taldeen bidez gauzatu dira, Joint Research Lab on ENVIRONMENTAL ANTIBIOTIC RESISTANCE ikerketa-ekimenaren esparruan, Euskampusek lagunduta. Ekimen horren helburua da antibiotikoekiko erresistentzia handitzeari eta horrek ingurumenaren eta gizakien osasunerako duen arriskuari buruzko ikerketa zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea eta gidatzea.