Gobernu Batzordeak astearte honetan esleituko ditu lanak, 1,2 milioi euroko kostuarekin eta zazpi hilabeteko egikaritze-epearekin
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarra esleituko ditu Artikutzako enklabean dagoen Enobietako presa zerbitzutik kanpo uzteko lanak. Murruaren bi aldeen arteko lotura ekologikoa berrezartzea ahalbidetuko duten lanak Construcciones Moyua enpresari esleitu zaizkio, 1.207.538 euroko kostuarekin eta zazpi hilabeteko egikaritze-epearekin.
Lan horrekin, Udalak urrats erabakigarria egin du udalerriko gune natural baliotsuenetako baten ingurumena lehengoratzeko.
Lanak
Lana zazpi metroko zabalerako eskotadura bat egitean datza, gainezkabidearen ezkerreko baoan zentratuta, presaren gainetik lurraren kotatik metro bat beherago, gutxienez.
Irekidura horri esker:
- ubidearen ibilgu naturala erraztuko da
- espezieen joan-etorria erraztuko da, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa katalogatutako espazio batean iragazkortasun ekologikoa hobetuz
Obrak bi fasetan egingo dira aldi berean:
- alde batetik, hormigoizko marko bat eraiki eta jarriko da Enobieta errekastoaren ibilguan, presatik ibaian gora
- bestetik, eskotadura egingo den eremuan gaineko zubia eraitsi eta berrezartzea.
Iñigo García Ingurumeneko zinegotzi delegatuak nabarmendu du «konplexutasun tekniko handiko» lana dela, bai hartutako konponbideagatik, bai azpiegituraren dimentsioagatik. 43 metroko altuerarekin eta 180 metroko luzerarekin, Enobietako presa Europan orain arte kendutako presa handiena izango da.
«Presaren zati bat eraistea da aukerarik egokiena ingurumenaren eta teknikaren ikuspegitik. Erabateko eraispenak askoz obra-aldi luzeagoa ekarriko luke, eta Artikutzako biodibertsitatean eragin onartezina. Hartutako konponbideari esker, material gehiena lursailean bertan berrerabil daiteke, eta enklabe horren birnaturalizazioaren aldeko apustu sendoari erantzuten dio, konektibitate ekologikoa berreskuratuz eta gure inguruko naturagune baliotsuenetako baten etorkizuna bermatuz».
Ur-hornidurako iturri nagusia
Enobietako urtegia Donostiako ur-hornidurako iturri nagusia izan zen 1960 eta 1976 artean. Añarbeko urtegia martxan jarri ondoren, bere funtzioa pixkanaka galduz joan zen 1992an hornidura behin betiko utzi zuen arte.








