Mikel Torres: “Atzerriko biztanleria ezinbestekoa da gure ekoizpen-sarerako eta sektore estrategikoei eusteko”

0
  • Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du Euskaditik kanpoko pertsonek ekarpen “erabakigarria” egiten diotela enpleguaren hazkundeari, eta garapen ekonomiko “lehiakorra, justua eta kohesionatua” duen “mundura irekitako lurralde” izaten jarraitzearen alde egin du

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariordeak nabarmendu duenez, “atzerritarrak ezinbestekoak dira gure ekoizpen-sarerako eta kualifikazioa zein eskulana behar duten sektore estrategikoei eusteko”. Izan ere, atzerritarren kotizatzaile-kopuru errekorra hautsi zen 2025. urtearen amaieran: 104.000 pertsona baino gehiago. Gizarte Segurantzako alta berrien ia % 55 atzerritarrak dira.

Ostegun honetan, Bilbon, Kontsulen Kidegoaren aurrean egindako hitzaldian, Torresek nabarmendu du “erabakigarria” dela atzerritarrek Euskadiko enpleguaren hazkundeari egiten dioten ekarpena, eta eragin berezia duela ostalaritzan, eraikuntzan, logistikan eta industrian. Izan ere, jatorri atzerritarreko 17.000 pertsona autonomo inguruk garatzen dute beren jarduera euskal lan-merkatuan, 2024an baino % 5,4 gehiago.

Mikel Torresek azpimarratu du Kontsulen Kidegoak “zuzeneko eta gertuko solaskide” gisa jokatzen duela Euskadin bizi diren eta lan egiten duten migratzaile askorentzat, eta “aliatu estrategiko” gisa jarduten duela enpleguari lotutako nazioarteko mugikortasuna errazteko eta zaurgarritasun-egoerak prebenitzeko.