Jardunaldiak balio izan du bertatik bertara aurkezteko espezializazio adimenduneko RIS 3 Euskadi 2030 estrategiaren inbertsio enblematikoenetako bat
IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa urrian inauguratu zen Ikerbasque eraikinean, Donostian, eta Europako Batzordeko ordezkaritza baten eta Ogasun Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiko ordezkarien bisita jaso du gaur. Ekitaldia Euskadiko EGEF 2021-2027 Programaren esparruan antolatu da, eta RIS 3 Euskadi 2030 espezializazio adimenduneko estrategiaren inbertsio enblematikoenetako bat lekuan bertan aurkezteko balio izan du, bai eta Euskadiko funts europarren gauzatze-maila handia egiaztatzeko ere.
Europarako Teknologia Estrategikoen Plataformaren (STEP) helburuak betetzen laguntze aldera, Europar Batasunarekin batera finantzatutako ordenagailura egindako bisitaren buru izan dira Vicente Rodríguez, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko senior expert-a eta Anais Vega eta Pedro Cortegoso Ogasun Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiko kideak. Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea izan da jardunaldiaren anfitrioia, eta José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak eta Juan Alberdi Ekonomia Politikaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak ere parte hartu dute. Erakunde-ordezkaritza osatzeko, bertan izan dira Gipuzkoako Ogasuneko foru-diputatua eta Eusko Jaurlaritzako zientzia eta berrikuntza arloko arduradunak.
Javier Aizpurua Basque Quantum estrategiaren zuzendari zientifikoak gidatu ditu bertaratutako pertsonak instalazioetan barrena, eta teknologia kuantiko aplikatuen arloko Euskal Autonomia Erkidegoko estrategia azaldu die —IBM Quantum System Two funtsezko pieza da estrategia horretan—.Aizpuruak aditzera eman duenez, ordenagailu kuantiko hori “funtsezko aktiboa da Europar Batasunaren autonomia estrategikorako eta subiranotasun teknologikorako. Ekonomiaren sektore estrategikoak eraldatzeko diseinatutako industria-tresna da, sistema konbentzionaletarako ezinezko kalkulu-gaitasunak eskaintzen dituena”.
Gaurko bisitak garrantzi berezia du konputazio kuantikoaren arloan subiranotasun teknologikoa lortzeko Europar Batasunaren estrategiaren testuinguruan. Instalazio hori bat dator EuroHPC Erregelamenduak ezarritako lehentasunekin eta European Framework Partnership Agreement Pilot Line gisako ekimenekin. Teknologia kuantikoak ikerketatik industria-produkziorako trantsizioa bultzatzeko epe luzerako lankidetzak ezartzen dituzte ekimen horiek —Euskadik Basque Quantum estrategiaren bidez laguntzen du trantsizio horretan—.
Programaren martxa ona berresten duen bisita
Ibilbidean zehar, José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak Europako ordezkariei aditzera eman die instalazio berri horiek erakusten dutela Euskaditik “nola ulertzen dugun Europa eraikitzeko modua: berrikuntzaren aldeko apustua eginda eta politika hurbilago, efizienteago eta kohesionatuagoaren aldeko baterako lanaren indarra sustatuta, herritarren mesedetan».
Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko kudeaketa-ereduari balioa eman nahi izan dio: “aurreko programa osoa betetzeko eta ziurtatzeko gaitasuna erakutsi dugu, baita Covid-19ak markatutako testuinguruan ere. Horixe da Europari eskaintzen dioguna: eraginkortasuna, zorroztasuna eta gardentasuna”.
Corchón sailburuordeak ohartarazi du, 2025aren amaieran, Euskadik EGEF 2021-2027 programaren 58,4 milioi euro ziurtatuta zituela, n+3 arauak eskatzen duen gutxieneko atalasea nabarmen gaindituta. “Horrek bermatzen du inbertitutako euro bakoitza herritarren onerako izatea: prestakuntzan, enpresa txiki eta ertainen babesean eta zerbitzu publikoen modernizazioan”, jakinarazi du.
Sailburuordeak ordezkaritzari azaldu dionez, ordenagailu kuantiko hori ez da berez helburu bat, “guztiz bat dator 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko Berrikuntza Itsasargiekin, eta itsasargi horiek eraldaketa teknologiko, digital eta energetikorantz gidatzen dute gure ekintza”.
Corchón sailburuordeak Europar Batasuneko agintarien presentzia baliatu du, halaber, Eusko Jaurlaritzak 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren proposamenaren aurrean duen jarrera berresteko. Euskadik modu positiboan baloratzen du lehiakortasuna eta berrikuntza ardatz estrategikotzat jotzea, baina guztiz errefusatzen du estatu kide bakoitzeko plan nazional bakarra sortzea. Izatez, Batzordearen proposamena sakon berrikustea eskatzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Europako erakundeekin elkarlanean jarraitzeko konpromiso irmoa dutela berresten du, Europako proiektua indartu eta haren funtsezko balioak babeste aldera. “Bateratze horrek politika bakoitzaren helburu espezifikoak indargabetzen ditu eta, de facto, gizarte- eta lurralde-kohesioa apurtzen du. Eskualdeko programei dagozkien esleipenekin eustea defendatzen dugu, baita Europako Batzordearekin zuzenean hitz egiteko espazioari eustea ere”, ohartarazi du.
Bestalde, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak adierazi du azpiegitura horren funtsezko ekarpena dela enpresei eta garapen teknologikoan eskumenak dituzten erakunde publikoei azken belaunaldiko konputazio kuantikoko zerbitzu eta azpiegituretarako lehentasunezko sarbidea eskaintzea. Aditzera eman duenez, “horrek guztiak proiektuak eta erabilera-kasuak garatzeko plataforma gisa balioko du. Proiektu eta kasu horiek aukera emango dute enpresa-prozesuak optimizatzeko —denborak eta kostuak murriztuta—, arazo konplexuak modu efizientean konpontzeko eta egungo konputazio-sistema klasikoekin bideraezinak diren soluzio, produktu eta zerbitzu berriak errazago esploratzeko”.
Ildo horretan, Morais sailburuordeak adierazi duenez, “ordenagailu horrek Euskadiko eta Europako lehiakortasuna indartzen du, erresilientzia eta produktibitatea sendotzearekin. Etorkizuneko gaitasunetan egindako inbertsio estrategikoa da. Izan ere, gaitasun horiek bermatuko dute oinarri ekonomikoa, industriala eta teknologikoa trantsizio ekologiko eta digitaletara egokitzea, barnean direla 2030eko Hamarkada Digitalerako Europar Batasunaren Programa Estrategikoaren helmugak eta helburuak lortzen laguntzen dutenetara eta teknologia sakonetan berritzen laguntzen dutenetara”.
«Basque Quantum (BasQ) estrategiak Europako eta nazioarteko lidergoa sustatzeko aukera ematen digu, hiru ikuspegitatik: sistema sendoa izatea; teknologiarik aurreratuena izatea; eta berezko zientzia eta teknologia garatzea, burujabetza teknozientifikoa lortzeko bidean kokatzeko», amaitu du.
Gaurko topaketa, gainera, bihar Bilbon egingo den EGEF Programaren 6. Jarraipen Batzordearen atarikoa izan da. Bilkura horretan, xehetasun handiagoz jorratuko dira gastu-aurreikuspenak eta Euskadi Europar Batasunaren barruan berrikuntzaren erreferente gisa sendotzen jarraituko duten proiektu berriak.








