Nafarroako Gobernuak LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatuko dituzten politika publikoak garatzeko konpromisoa berretsi du

0

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du igande honetan, maiatzak 17, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta. Testuan, Foru Exekutiboak uste du kolektibo horren eskubide-berdintasunaren alde azken urteotan legearen, gizartearen eta erakundeen aldetik izandako aurrerapenek “ez dutela LGTBI+fobia gainditutzat ematen uzten”, pertsona horien aurka egun dauden gorroto-delituen tasak mantentzen diren bitartean.

Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak “LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzen dituzten politika publikoak garatzeko konpromisoa berretsi du, eta, horretarako, diskriminazioak prebenitu eta detektatu behar dira, horiek jasaten dituztenei laguntza eman eta Nafarroa askeagoa, pluralagoa, seguruagoa eta berdintasun handiagokoa eraiki, aniztasuna erabat eta beldurrik gabe bizi ahal izateko”. Horrela adierazi du Gobernuko lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilaria den Javier Remirezek. “LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzea erantzukizun kolektiboa da”, ziurtatu du, eta LGTBI+fobiaren kontra jartzea “pertsona guztien berdintasuna, askatasuna eta duintasuna defendatzea da.

LGTBI+fobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta onartutako adierazpen instituzionala

Hau da adierazpen instituzionalaren testu literala:

«1990eko maiatzaren 17an, homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zion Osasunaren Mundu Erakundeak. Erabakia historikoa izan zen LGTBI+ pertsonen eskubideak aintzatesteko borrokan, bai eta aurrerapen sozial handi bat ere. Izan ere, gizarteak luzaz jazarri, patologizatu edo baztertu ditu sexu-orientazioa, genero-adierazpena eta sexu- edo genero-identitatea bizitzeko modu desberdinak.

LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak irmoki gaitzesten ditu pertsonen aurka sexu-orientazioagatik, sexu- edo genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik egiten diren diskriminaziozko, indarkeriazko edo gorrotozko jokabide guztiak. Edozein motatako indarkeria onartezina da berdintasuna, justizia eta giza eskubideekiko errespetua funtsezko baliotzat dituen gizarte batean.

Azken urteotan, legegintzan, gizartean eta erakundeetan aurrerapen garrantzitsuak egin dira LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzeko. Nafarroak, gainera, berezko arau-esparrua du: 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa. Izan ere, lege horrek erakunde publikoak behartzen ditu sexu-orientazioan, genero-adierazpenean eta sexu- edo genero-identitatean oinarritutako diskriminazio oro prebenitu, zuzendu eta ezabatzera.

Hala ere, aurrerapen horiek ez dira aski LGTBI+fobia ezabatutzat jotzeko. Barne Ministerioak gorroto-delituen eta -istiluen bilakaerari buruz 2024an egindako txostenaren arabera, Estatu osoan gorrotozko 1.955 arau-hauste penal eta istilu ikertu ziren, eta horietatik 528 sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotuta zeuden; hau da, arrazakeriak eta xenofobiak bakarrik sortu zituzten gorrotozko delitu eta istilu gehiago. Txosten horren arabera, Nafarroak du gorrotozko delitu, arau-hauste eta istiluen tasarik handiena 100.000 biztanleko. Datuek erakusten dute berdintasun formala ez dela nahikoa, eta LGTBI+ pertsonek oraindik ere ez dutela erabat bermaturik kalea, aisialdi-espazioak, ikastetxeak, zerbitzu publikoak edo eguneroko bizitzako beste edozein eremu askatasun eta segurtasun osoz okupatzeko eskubidea.

LGTBI+fobiak ez ditu soilik adierazpen larri edo agerikoak. Agertzen da, halaber, komentario, iseka, begirada, bazterketa, isilune, eztabaida edo diskurtso batzuetan, LGTBI+ pertsonen eskubideak pribilegio, mehatxu edo inposiziotzat aurkezten diren aldiro. Adierazpen horiek, askotan, minimizatu edo normalizatu egiten dira, eta etengabeko diskriminazioaren parte dira. Hau da, pertsonen askatasuna mugatu eta bizikidetza demokratikoa hondatzen dute.

Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea, halaber, LGTBI+fobia ez dela gertakari isolatuen edo jokabide indibidualen multzo bat, baizik eta egiturazko diskriminazio bat. Gaur ere, bereizkeria honek hierarkizatzen eta zigortzen ditu sexu, genero, familia, afektu edo sexualitateari buruzko arauetatik edo eredu zurrunetatik aldentzen direnak.

Nafarroako Gobernuak azpimarratu nahi du, orobat, LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa ez dela soilik kolektiboa osatzen dutenen kontu bat. Erantzukizun kolektibo bat da. Gizarte demokratiko batek ezin du neutrala izan diskriminazioaren aurrean, gorrotoaren aurreko neutraltasunak hura normalizatzen duelako. LGTBI+fobiaren aurka egitea, azken finean, pertsona guztien berdintasun, askatasun eta duintasunaren alde jokatzea da.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko egunean, Nafarroako Gobernuak konpromisoa berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzen dituzten politika publikoak garatzeko, diskriminazioak prebenitzeko eta detektatzeko, horiek jasaten dituztenei laguntzeko eta Nafarroa libre, plural, seguru eta berdinzaleago bat eraikitzeko, aniztasuna bete-betean eta beldurrik gabe bizi ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak azpimarratu nahi du, orobat, LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa ez dela soilik kolektiboa osatzen dutenen kontu bat. Erantzukizun kolektibo bat da. Gizarte demokratiko batek ezin du neutrala izan diskriminazioaren aurrean, gorrotoaren aurreko neutraltasunak hura normalizatzen duelako. LGTBI+fobiaren aurka egitea, azken finean, pertsona guztien berdintasun, askatasun eta duintasunaren alde jokatzea da.»