Hondarribiko Udalak Animalien Ordenantzaren inguruko argibideak eman ditu

0

Azken egunotan, Animalien Ordenantzaren jendaurreko informazio eta alegazio epearen baitan, ekarpen ugari jaso dira, bereziki txakurrak udako garaian hondartzetara sartzeko aukerari lotuta.

Horren harira, Hondarribiko Udalak argitu nahi du zenbait alegaziotan ezabatzea eskatzen den 7.3 artikuluak ez duela ezartzen txakurren debeku orokorrik hondartzetan. Aitzitik, artikuluaren helburua da Udalari aukera ematea etorkizunean, udal dekretuen bidez, hondartzen erabilera eta antolaketa arautzea.

Horrek esan nahi du, hondartzako guneak, ordutegiak edo bestelako erabilera-baldintzak ezarri ahal izango direla, unean uneko beharrak, bizikidetza eta interes orokorra kontuan hartuta. Beraz, artikulu horrek ez du berez debekurik ezartzen, baizik eta etorkizunean hondartzetan txakurren presentzia eta erabilera modu egokian arautzeko beharrezkoa den marko juridikoa ezartzen du. Hortaz, ezinbestekoa da hondartzan txakurrak egotea ahalbidetu nahi badugu.

Bestalde, gogorarazten da jendaurreko informazio epean jasotzen diren alegazio guztiak banan-banan aztertzen eta izapidetzen direla, indarrean dagoen araudiak ezarritako prozeduraren arabera.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei prozesu honetan erakutsitako parte-hartzeagatik eta inplikazioagatik, eta iritzi edo proposamen bera partekatzen duten pertsonei beren ekarpenak modu bateratuan aurkeztea gomendatzen die; esaterako, alegazio bakar batean sinadurak bilduz. Modu horretan prozeduraren kudeaketa arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin laguntzen da.

Udalak informazio ofiziala eta ordenantzaren testua zuzenean kontsultatzea gomendatzen die herritarrei, eta ekarpenak modu oinarrituan aurkeztea, prozeduraren kalitatea eta funtzionamendu egokia bermatzeko.

Azkenik, Hondarribiko Udalak berretsi nahi du herritarren parte-hartzea funtsezko elementua dela udal araudiak lantzeko prozesuetan. Horregatik, jasotako ekarpen guztiak gardentasunez, legezkotasunez eta arduraz aztertuko dira, prozeduraren kalitatea eta interes orokorra bermatzeko.