Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du, eta, bertan, “gatazka belikoetatik edo era guztietako jazarpenetatik ihesi gure lurraldera iristen diren pertsonen harrera eta integrazioa bermatzeko konpromiso apurtezina” adierazi du.
Ekainaren 20an, larunbatean, Errefuxiatuen Mundu Eguna ospatuko denez, Foru Exekutiboak kolektibo horren egungo beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzuten laguntzeko mekanismoak indartzearen aldeko apustua egingo duela adierazi du. Gaur egun, nahitaez desplazatutako 117 milioi pertsona daude mundu osoan.
Adierazpen instituzionala
Jarraian, adierazpen instituzionalaren testua gehitu da, hitzez hitz:
«Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, ekainaren 20a —Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna— dela eta
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2000. urtean erabaki zuen ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izanen zela. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak irmo berresten du konpromiso sendoa duela gatazka belikoetatik edo edonolako jazarpenetatik ihesi gure lurraldera iristen diren pertsonen harrera eta integrazioa bermatzeko, haien erresilientziari omenaldia eginez eta planeta osoan nahitaez lekualdatutako 117 milioi pertsonaren egoera dramatikoa ikusarazteko helburuarekin; lekualdatu horietako milaka batzuk Nafarroan bizi dira orain.
Nafarroako Gobernuak bere aintzatespena berresten die Nafarroara iristen diren errefuxiatuen eskubideak defendatzeko egunero lan egiten duten erakunde eta entitate guztiei. Erakundeen, gobernuz kanpoko erakundeen eta gizarte zibileko erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da pertsona horiei harrera duina emateko, bai eta bizikidetza eta gizarteratzea errazteko ere, horiek baitira jatorri migratzaileko pertsonei dagokienez Gobernuaren jarduna gidatzen duten printzipioak.
Orainaldiko beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz, dagoeneko dauden mekanismoak indartu nahi ditugu, hala nola harrera-bide berriak bultzatzea, (babesletza komunitarioa, adibidez, Nafarroa lehena baita Estatuan, programa propioen bidez, hirugarren sektoreko entitateekiko lankidetza publikotik abiatuta) edo nazioarteko babesa ukatzen zaien pertsonen trantsizio-programetan laguntzea.
Nafarroako Gobernuak berriz ere berresten du 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta 1951eko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioaren babes eta defentsa irmoa. Halaber, berresten du babes eta konpromiso irmoa duela jatorri migratzaileko nafarrak erregularizatzeko gaur egungo prozesuarekin. Horien artean, gure erkidegoan asiloa eta babesa eskatzen duten ehunka eskatzaile daude. Helburua da herritar guztiek eskubide berberak izatea, horrela 2026an nahi dugun Nafarroa eraiki dadin.»







